Metraileta hotsa Soraluzen

2004ko abenduaren 18a, Soraluzeko Gaztetxea (Gipuzkoa)
'METAL MADNESS' JAIALDIA: DARKNESS BY OATH + THE HOWL + DENIAL


           
Ikuskizun bikaina eskaini zutena, abenduaren 18an, Darkness By Oath, The Howl eta Denial talde metaleroek Soraluzeko gaztetxe ezagunean. METAL MADNESS lelopean, hirukote bortitza aukeratu zuten kaleko hotzari aurre egin eta giro beroa sortzeko (jendeari ez zitzaion asko kostatu). Bertaratu zen jende kopurua ikusita (70 bat pertsona), gaztetxea guztiz bete zitekeela ematen zuen. Oholtza gainean, azken aldian sortzen ari diren talde interesgarrien eredu garbi bat ikusi ahal izan zen. Ideia berriak, doinu freskoak eta batez ere aurrera egiteko kuraia.

            Taula gainera igotzen lehendabizikoak, Arrasateko Darkness By Oath taldekoak izan ziren. Numen eta Odd Heathenish taldeetako musikariz osatutako boskoteak,  euren death metal suediar bikainarekin, jendearen interesgune nagusi bilakatu ziren. Egia esan, taldea taula gainean ikusteko gogoa nabaria zen bertaratu zirenen artean. Lehenengo abestiekin batera, berehala jabetu zitekeen taldearen esperientziaz (nahiz eta estreinako emanaldia izan). Gitarra zorrotz eta astunak tartekatzearekin batera, melodia azkar eta landuek gaztetxekoen buruak martxan jarri zituzten. Helikoptero festa hasia zen. Abestiak aurrera egin ahala, gaztetxean ez zen lekurik geratzen beste inorentzat. Azkenaldian gertatu ez bezala, bete egin zen.

            Denera zazpi abesti eta At The Gates taldearen “The Swarm” kantuaren bertsioa jo zituzten. Denak azkarrak, denak bortitzak. Death melodikoaren aurpegi gogorrenetarikoaren eredu garbia. Taldearen eragin musikalen artean, Dark Tranquility eta Naglfar taldeen lehen diskoak aipatu beharko lirateke. Bestalde, taldekideen artean Nabarro abeslariaren teknika goraipatu beharko litzake. Infernu sakoneko mutil honek, metal extremoan erabiltzen diren ahots erregistro guztiak maisuki erabiltzen ditu. Dena den, gainontzeko taldekideen lana ere gorestekoa da, lan bikaina egin baitzuten. Azken batean, Darkness By Oath-ek ezin hobeto bete zuen bere papera estreinako kontzertuan.

            Boskote gipuzkoarraren ondotik, 2004ko Emergenza jaialdi ezaguna irabazi zuen The Howl taldearen ordua iritsi zen. Musikari gazteak izan arren, lehenengo kantutik erantzun beroa jaso zuten jendartetik. Ez da batere harritzekoa, bost musikari bizkaitarrek aski ongi baitakite euren heavy metal klasiko eta bitxiarekin jendea mugiarazten. Bitxia, ez delako betidanik entzun izan dugun heavy metal musika. Melodia arraro eta ezberdinak heavy doinuen azkartasunarekin batuaz, emaitza originala eta ezberdina erdiesten dute. Gainera, esperimentazio berezi honi Miriam abeslariaren ahotsa gehitzen badiogu, are original eta erakargarriagoa bilakatzen da euren musika. Kantuei dagokienean, lehen maketako zortzi abestiak eta Helloween taldearen “I Want Out” kantuaren bertsioa jo zituzten. Bata bestearen atzetik, atsedenik hartu gabe. Kantu bat goraipatzeko orduan, XIV. Euskadi Gaztea maketa lehiaketaren finalerako sailkatu zen “From Hell” izenekoa genuke. Melodia ezberdin eta indartsuak, ahots bikain batekin lagunduta. Gauzak honela, etorkizunera zer esan emango duen taldea dugu The Howl. Gainera, Euskal Herriko eszena metalikoaren “frontwoman” onenetariko dutela gogoratu beharko litzake.

            Arrasatetik Bilbora eta berriz ere hasierako udalerrira. Gaueko azken taldea oholtza gainean zen jada: Denial. Bertaratu zirenei gozamenaren denbora agortzen ari zitzaien. Dena den, Arrasateko boskotearen zuzenekoa falta zen. Goizeko hiruak pasatxo ziren arren, jendeak tinko jarraitzen zuen gaztetxe barruan (kaleko hotzarengatik, alkoholaren beharragatik edo aurreko biengatik). Orduantxe, gitarren lehenengo garrasiak entzun ahal izan ziren. Erritmo azkar eta biziez, euren maketako abestiak jotzeari ekin zioten. Metal doinu bortitzak, baino sekulan nekaezinak. Gauzak honela, “Sensaciones”, “Flor Marchita” eta “Sentenciado” abestiekin jendea berpiztea lortu zuten (asko ez zitzaien kostatu, gaueko emanaldiak ikusita). Euren musika, black eta death metal doinuen multzoan sailka genezake, teklatuak ukitu berezi ematen dion arren. Ordubetez abestiak erritmo bizian jo ostean, taldeko abeslariak “agur” (ahots urratuz) esanez amaitutzat eman zuen Metal Madness jaialdiaren lehen edizioa.

            Azken batean, modu baikorrean begiratu behar zaie horrelako jaialdiei, talde gazte asko ezagutzeko aukera ematen baitute. Are gehiago, talde gazte hauen kalitatea bikaina denean. Egia esan, antolatzaileen lana zoriondu beharrekoa da, oholtza gainean aritu ziren hiru talde basatiek ezin hobeto bete baitzuten ikuskizun bortitz baten esentzia. Datorren urtean, denok zoramen metalikora!
 

[Testua] Fekalot The King Of The Underworld (Mondongo Canibale[Argazkiak] Nahikari Lázaro

« atzera