|
Garai bateko
mugimendua eta zaletasuna jaitsi den arren, heavy metala jorratzen duten
taldeak ez dira berehalakoan desagertuko. Batzuk bereiztearekin batera
beste batzuk sortzen dira. Loraldi interesgarriena Gipuzkoan ematen ari
dela esan daiteke. Nola ez. Mendeku Itxua, Elbereth, Gaueko Itzalak,
Dirty Shadow edo Aesir bezalako talde gazteek heavy metal klasiko zein
melodikoa bizirik mantentzen dute. Dark Avenue taldea zerrenda
berean kokatu behar da.
Duela hiru urte hasi, baina hainbat aldaketekin hezi ondoren, Andoain,
Urnieta, Billabona eta Aduna bitarteko sei musikarik bideratu dute
taldea. Kontzertuak eskaintzeko duten abileziaz baliatuta makina bat
eszenatoki bisitatu dituzte dagoeneko. Alabaina, dezente kostatu zaie
lehenengo maketa ateratzea. Eskerrak grabaketak duela urtebete egin
zituztela. Orotara, bost kantu nostalgiko bildu dituzte aurreneko maketa
honetan. “Amanecer”, “Miedo” eta “En La Oscuridad” abestiek deja vu
sentsazioa sortzen dute. Tierra Santa edo Avalanch bezalako taldeek
indartu zuten gaztelerazko heavy metalaren garaira eramaten gaituzte.
Zorionez, “Zure Atzeko Ahotsa” euskal heavyaren eskola onekoak eta
“Hijos Del Olvido” power metal zaleak maketari kolore aberatsago bat
ematen diote. Aipaturiko azken abesti honetan, pasarte ezberdin eta
melodia bikainekin taldearen alderdi interesgarriena erakusten dute.
Hots, jarraitu beharreko bidea.
Taldearen aurreneko estudioko esperientzia izanik, maketaren soinua ez
da merezi dutena edo harro egoteko modukoa. Hala ere, lehen saiakera da
eta oraindik aukera dute hobetzeko. Gurean heavy metala sobera ezagutzen
dugu, baina tarteka zenbait taldek asmatzen dute urrats bat ematea.
Akaso Dark Avenue taldeak lortu dezake. Animo!
Abestiak entzuteko:
www.myspace.com/adarkavenue |