METAL BERRIA

Bulletnoise 'Bulletnoise'

Urtea: 2008 - Taldekideak: Dersen (gitarra eta ahotsak), Txufo (gitarra), Txamo (bateria), Lolo (baxua) eta Urko (ahotsa) - Ekoizleak: Bulletnoise - Estudioa: Home Studio (Auto-ekoizpena) - Abesti kopurua: 6

(08/07/14)

Bilbo eta inguruetako musika eszenak bizi duen osasun ona txalotzekoa da. Kontzertu areto handi zein txikien ugaritasunak sortu duen mugimenduarekin batera, estilo ezberdinetako hamaika taldek bizitasuna eman diote.

Metal musikaren alorrean, azken boladan sortu diren talde gazteek tendentzia berrien bidea hartu dute. Batzuk, labe garaietara itzuli eta hardcorea metalizatzen dihardute. Eta beste batzuk “nu-metal” izeneko 90ko hamarkadako etiketa jorratu nahi dute, baina esperimentatuz. Halaxe hasi ziren duela lau bat urte Bulletnoise bizkaitarrak. Hasiera hartan, gazte izanik beraien metal berria pixkanaka Bilbo eta inguruetan emandako kontzertuei esker hedatzea lortu zuten. Alabaina, sortu zirenetik arazo asko izan dituzte taldea finkatzeko eta horregatik uste baino beranduago iritsi da “Bulletnoise” taldearen izen bera duen lehenengo maketa edo grabazioa. Iragana, oraina eta etorkizuna da boskote honen aurreneko grabaketan topatuko duguna. Lau abesti eta bitxikeri bat. “Maximun Pleasure” kantuan, adibidez, Korn amerikarren eragina berehala sumatzen da. Iraganari nostalgia-edo. “Princess Day” izenekoan, ordea, urrats berri bat eman dute. Metal berria oinarri izan arren groove pasarteak ederki lotzen dituzte melodiarekin, eta nola ez, lelo markatu batekin. “The Putas Song” deigarria eta “Hide Inside” izenekoak ildo bera jarraitzen dute baina esperimentalagoak dira. Baita “Abstract Noise” bukaera ambient-industriala ere.

Kostata atera duten lehenengo grabaketa entzun ondoren, agerian geratzen da Bulletnoise taldekoek eboluzioa izan dutela. Talde arrunta izatetik, zerbait ezberdinagoa eskaintzera pasa dira eta bide beretik jarraituz gero, ziur proposamen helduago bat lortuko dutela. Metal modernoaren zakuan daude, baina talde freskoen artean. Orain, zorte pixka bat behar dute.

Abestiak entzuteko: www.myspace.com/bulletnoise

Alde: Sortu zirenetik egun arte eboluzio konstante bat izan dute eta lehenengo emaitzean kalitatearekin erakutsi dute.
Kontra:
"Nu metal" eta "klon" terminoen itzala.
 

Inaxio Esnaola (3,5/5)

| atzera |