BLACK METAL

Cylenchar 'Finis Gloriae Mundi'

Urtea: 2007 - Taldekideak: Arthz (ahotsa), Nŕr (baxua), Thrad (gitarra), Daen (gitarra) eta Urko (bateria) - Ekoizleak: Batiste eta Pako - Estudioa: Home Studioa - Abesti kopurua: 5

(08/06/11)

Sasoi betean ez, baina badirudi Ipar Euskal Herriko muturreko metala indartzen ari dela. Hegoaldeko talde bortitzen kalitate eta ugaritasuna osatze aldera, azken boladan susperraldi bat gertatzen ari da iparraldean. Gehienek, Gojira internazionalen death metal teknikoa jarraitu duten arren, badira salbuespenak. Cylenchar taldea kasu.

Hendaian kokatutako boskote honek, nahiago du Eskandinaviako black metala. Paganoa. Kristautasuna gaitzesten duena. Gordina. Burzum, Dark Funeral edo Immortal bezalakoen ondarea miresten duena. “Finis Gloriae Mundi” izeneko lehen maketa entzun orduko identifika daitezke elementu hauek. Denera lau abesti nahiko luze eta introa bildu dituzte aurreneko grabaketa honetan. Black metal norvegiarraren usaina kantu guztietan dagoen arren, oreka bat lortu dute death eta thrash metal ukituak emanez. “Anticult”, “Terra Mater” eta “Enfer” kantu azkarretan riff errepikakorrak protagonista diren bitartean, “Kristallnacht” abestia irekiagoa paganoena da. Honela, oreka interesgarri bat lortu dute. Hori bai, maketa osoan zehar bateria bortitz eta ahots benetan urratuek ez dute atsedenik. Hizkuntza aldetik, latina, ingelesa eta frantsesaren alde egin dute. Agian besteren bat falta izan zaie, ezetz asmatu? Bestalde, maketaren ekoizpena ezin utzi aipatu gabe. Betiko kontua den arren, Euskal Herri mailan kostata lortzen dugu black edo death metal musika behar bezala ekoiztea. Soinu zikina lortzen dugu eta honek bere eragina du azken emaitzan. Baliteke ere, soinu ez perfektuak mesede egitea nahiko "primitiboa" den musika estilo honi.

Martxoa amaieran Irunen eta Amurrion izan genituen jotzen eta ederki erakutsi zuten zuzenekoetan duten indarra. Azken batean, poztekoa da honelako taldeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik Ipar Euskal Herrian ere sortzea. Gogoan hartu Cylenchar taldea, muturreko eszenan zer esana eman baitezakete.

Abestiak entzuteko: www.myspace.com/cylenchar

Alde: Gazteak izan arren, abesti ederrak bildu dituzte beraien lehen grabaketan. Ez dira originalak, baina kantu interesgarriak sortu dituzte.
Kontra:
Erdi bideko ekoizpenak ez dio mesederik egiten taldearen musikari.
 

Inaxio Esnaola (3,5/5)

| atzera |