|
DEATH/BLACK METAL |
|||||||
|
|||||||
|
Iraganeko kontuekin gatoz oraingoan, bi urte inguru pasa baitira Sorgerth bermeotarrek “Non Nato” izeneko demoa (cd-r formatuan) argitaratu zutenetik. Aurrez erakutsiak zituzten black metal melodikoranzko tendentziak ia desagerturik, death metal klasiko baten aldeko apustua egin zuten bertan. Maketak aurkezten dituen 23 minutuetan zehar mid tempo astunetan oinarritutako kantuak ageri dira oro har, burua indarkeriaz astintzeko eskatzen duten horietakoak, Bolt Thrower, Six Feet Under edo Jungle Rot bezalako taldeen bideari jarraiki. Hori bai, zati azkarrentzako lekurik ere bada. Nahasketa honekin erreferentzia izan litekeen beste bat Dying Fetus genuke. Esan bezala, black metalak tarte urri xamarra du grabaketa honetan. Riff azkarren batean giro suntsitzaileak ahots urratuekin (lan osoan zehar guturalekin primeran tartekatzen direnak) sortzen duen kimika eta ez besterik. Aldaketak aldaketa, taldearentzat aurrerapauso nabarmena suposatzen du lan honek. Gaur egun euren eskaintza brutal death musikatik gertu kokatzen da, baina guzti hau garapen natural baten fruitu baino ez da. Bizkaitarrak eroso sentitzen dira erritmo hauetan, horretan ez da zalantzarik. Soinuak, demo bati buruz ari garela kontuan izanda beti ere, horretan lagundu egiten du. Erakusten duten maila ikusita eta talde gazte baten aurrean gaudela kontuan izanda kantu borobilagoak eska badakizkie ere, oso emaitza positiboa da demo honena beraz. Gainera ongi etorria da soinu klasikoago baten alde apustu egiten duten ekimenak, azken aldian estiloaren adarrik melodikoenak izan baitu soilik gure artean gorakada. Ea hurrengorako Sorgerth lan luze batekin datorkigun bueltan. Zinez eskertuko genuke. |
|||||||
|
Alde:
Erdibideko abiaduran jotako pasarteek (diskan nagusi direnak) maila
altua erakusten dute, behar bezain odoltsu, astun eta trinko. Kontra: Lana osotasunean hartuta, diseinua ez dator bere mailarekin bat, demo bat izan arren. |
|||||||
|
Hibai Martinez (4/5) |