|
HEAVY METAL ILUNA |
|||||||
|
|||||||
|
Ezkutuan agian ez, baina bai modu apal eta sentituan. The Name taldekoak musika egiteko bildu zirenetik pixkanaka izena egiten joan dira. Izena, ingurukoentzat. Badirudi iluntasunak harrapatutako berain konposaketek gainontzekoarekin lotura izatea. Nolanahi ere, bizkaitarrek ezin dute saihestu lan berri bat ateratzerakoan zenbaiten interesa piztu egiten dela. Bonbilla bakarti bat ganbara beltzean bezala. Laukotea, “... As We Are” bigarren maketarekin itzuli da kontzertu solte batzuk eskaini eta Bilbo Hiria Lehiaketan sailkatu gisa aritu ondoren. Bertan sei abesti berri eta bonus gisa zuzeneko bi bildu dituzte. Lan berria arretaz entzun ondoren, The Name taldeak bere soinua lortu duela esan daiteke. Heavy metal ilun baina aberatsa doom, gothic eta pasarte progresiboen zaporearekin. Batzuk heavy zaleagoak dira, oinarri sendo eta solo bikainekin. “Invisible” edo “Perfect Day” kasu. Beste batzuk, ordea, malenkoniatsu eta zainduak dira: “Aun Sigo Ahi” eta “Tu Disfraz”. Baliteke gaztelera makurragoa izatea. Alabaina, “A Life In 10 Min.” kantua da taldearen isla musikala. Izenburuak dioen bezala, hamar minututan bizitzaren nondik norakoak kontatzen dituzte sei zatitan banatuta. The Name berezi egiten duten elementuekin osatua. Iluna bai, baina argitsua. Honez gain, zuzenean (Bilbo Hiria Pop Rock lehiaketan) grabatutako bi abestiren bonus antzerakoa gehitu diote maketari. Gehigarri bat besterik gabe. Azken batean, beraien eta ingurukoen (zaleen kluba barne) gusturako sortzen duten arren, ezin utzi nabarmendu gabe gustu ona eta esperimentazioa. Bide onetik zuzen jarraitzen dute. |
|||||||
|
Alde:
Musika nahiko partikularra egiten dute, ezer kopiatu gabe eta
freskotasun ilunaren bila. Kontra: Disko oso bat egiteko gogo falta. |
|||||||
|
Inaxio Esnaola (3,5/5) |