THRASH'N'ROLL

Hotz 'Hombre Contra Mente'

Urtea: 2007 - Taldekideak: Art (ahotsa eta gitarra), Gok (bateria), Al (baxua) eta Txotxe (gitarra) - Ekoizleak: Alberto Porres eta Hotz - Estudioak: K estudioak (Iruña) - Abesti kopurua: 5

(07/11/07)


Nafarroako rock gogorraren eszena osasuntsu dago. Hotz laukotea genuke azken eredua. Duela hiru urte atera zuten maketarekin ezer gutxi erakutsi bazuten ere, “Hombre Contra Mente” bigarrenarekin bete-betean asmatu dute. Nabari da urteak pasa direla eta Lizarrakoek beraien eragin guztiak sailkatu ondoren norabide bat hartzeko gai izan direla. Maketa berriko bost kantuetan antzeko ezaugarriak topatuko ditugu. Letra zorrotzak, oinarri musikal bortitza, gitarra solo kaotikoak eta bikain eraikitako lelo zein melodiak. Hau guztia thrash metala eta rock indartsua oinarri hartuta.

Dena dela, abesti bakoitzak du bere berezitasuna. Esaterako, “Perros de Partido” abestian Koma bizilagunen eragina konfirmatzen hasten gara. Hau gutxi balitz, pentsa, kanta berean Brigi Duqueren parte hartzea azpimarratu beharko genuke. Familian, beraz. Beste kolaboraziorik ere bada, barregarriagoa. Baina honakoa norberak deskubritu beharko du. Gainontzean, “Cuantas Mujeres” kantuan tratu txarren gaia gordintasunez tratatzen dute, “Mierda” abesti azkar eta basatian gustura geratzen dira thrash eta hardcore arteko zaporearekin, eta “Juego Sucio” abestian errepaso ederra ematen diote egoera politikoari.

Finean, maketako bost abestiek merezi dute aipamena duten kalitate eta ekoizpen landuagatik. Lastima lehenengo maketan nagusi zen euskara utzi eta gaztelerara pasa izana. Alabaina, aldaketa ez da batere txarra izan musikalki eta talde bezala bederen hobera egin dutelako. Hotz taldearen thrash’n’roll bizia entzun nahi duenak maketa osoa jaitsi dezake beraien web orritik. Segi ba!
 

Alde: Abestiek transmititzen duten indarra eta letra aldarrikatzaile zorrotzak.
Kontra:
Taldeak duen gertuko eragina agerian geratzen da izaera propioa kenduz taldeari.
 

Inaxio Esnaola (4/5)

| atzera |