METAL-CORE

Alerta 'Devhil'

Urtea: 2007 - Taldekideak: Benny (gitarra), Sesi (gitarra), Txitxi (baxua), Jabi (ahotsa) eta Alain (bateria) - Ekoizleak: Alerta eta Jon Olabarriaga - Estudioak: Alertaren lokala eta Estoldetan estudioa (Berriz) / Masterizazioa: Santos Records (Ondarroa) - Abesti kopurua: 6 - Ezaugarri bereziak: Bi bonus edo abesti gehigarri.

(07/10/02)


Kontuz! Alerta taldekoak bueltan dira “Devhil” izeneko bigarren lanarekin. Sei urte pasa dira Durangoko boskoteak lehenengo maketa atera zuenetik. Hain zuzen ere, Berrizko Aldapa Maketa Lehiaketari esker grabatu zuten “Soma Tv” izeneko lana. Orain gutxi, ordea, bigarrena argitaratu dute. Gogorragoa. Landuagoa. Helduagoa. Bistakoa da denbora tarte honetan talde bizkaitarrak eragin ezberdinetatik edan eta sendotasuna irabazi duela.

Lanari izena ematen dion “Devhil” lehen kantutik Alertak agerian uzten du metal-core arrakastatsua dela beraiek jorratzen duten musika. Azken boladan, Killswitch Engaged, As I Lay Dying edo Unearth bezalako taldeek bultzatu duten korronte berri honek erantzun ikaragarria izan du mundu mailan. Milaka talde sortu dira; batzuk eszenarentzako aberasgarriak eta besteak kopia hutsak. Euskal Herrian ere badira egungo metal-core doinuen ezaugarriak biltzen dituzten hainbat talde. Alerta ez ezik, Dead Means Nothing eta Dawn Of The Maya nafarrak edo Legacy Of Cain bizkaitarrak. Eta gehiago sortzen eta garatzen ari dira. Aipaturiko taldeek osagai berdintsuak dituzte beraien musikan: muturreko metal pixka bat oinarrian (death metala esaterako), ahots urratu zein garbiak eta pasarte melodikoak. Guztia ondo irabiatu eta formula eraginkorra aterako zaigu.

Alerta bizkaitarren lan berriari dagokionez, boskoteak lana gogor egin du beraien musika eszenako taldeen “klon” bat ez izateko. Egia da eraginak berehala sumatzen direla eta aurrera begira nortasun propioa bilatu beharko dutela. Dena dela, azken aldian ateratzen diren ildo bereko lanak ikusita Durangoko taldeak harro egoteko motibo asko ditu. Lan berriko sei kantu eta bi bonus edo gehigarriak entzun ondoren kalitate handiko talde baten aurrean gaudela esan behar da. “Quien Soy Yo”, “No Tenses El Nudo” eta “El Muro” abesti bikainak dira eredu. Gainera ekoizpena eta liburuxkaren diseinua zinez profesionalak dira. Lan paregabea!
 

Alde: Abesti borobil eta erakargarriak egiteko erraztasuna dute.
Kontra:
Eraginak nahiko nabariak dira eta akaso beraien soinua aurkitu beharko dute zer esana emateko.
 

Inaxio Esnaola (4/5)

| atzera |