|
HEAVY METAL |
||||||
|
||||||
|
Iragan maiatzean kaleratutako lana dugu hau. Egileak The
Howl bizkaitarrak dira, 2003. urtean Bilbo Handian sortutako taldea.
Ibilbide labur honetan, baina, iaz “Emergenza” lehiaketan Euskal
Herri mailako irabazle suertatu ziren eta Estatu mailan hirugarren
postua eskuratzeko astia izan zuten. 2005. urtearen erdialdean jada,
Imanol, Jorge, Iosu, Miriam eta Enekok “2.0” izeneko lehen demoa
argitaratu dute.
Neska-mutil hauek orokorrean heavy metala lantzen
dutela esan daiteke; “heavy metal” terminoa ikuspegi zabal, malgu
eta garaikide batetik ulertuta. Izan ere, boskotearen maketan sustrai
klasikoak mantenduko dira baina aldi berean molde tradizionaletik
aldentzen diren ukitu edo zertzelada ezberdinak aurkituko ditugu. Heavy
metal klasiko hertsia eta joera berritzaileagoen arteko erdibidean koka
ditzakegu, beraz. Ez dute “old school” soinua bilatzen, ezta metal
berria edo gaur egun modan dagoen metalcorea jorratzen. Hala ere, heavy
metala dela ezin ukatu, XXI. mendeko heavyaren beste aldaera bat,
nonbait.
Demoak dakarrenari erreparatzen hasita, Wellcome
To The Howl intro hutsalaren ondoren From
Hell-ek irekiko du benetan lana. Gitarra riff zorrotz artean
“Ripper” Owens garaiko Judas Priest gogoratu dezaketen goranzko
doinu batzuek abiatuko dute lehenbiziko abestia. Erritmoa une batez
pausatu eta Miriam abeslariaren ahotsa azaleratzen den arte; zimurtzen
ez den emakumezko ahots ozena, indartsua eta behar besteko ostia txarra
erakusten duena. Hala, minutuak aurrera joango dira zapore garaikidea
duten metal riffak alde batetik, eta eragin klasikoa agerian uzten duten
gitarra solo artean. Abesti honetan, halaber, Alainek (Zuldar, Bioterror) ekarpen oldarkorra burutuko du, mutilaren eztarri
urratu eta sakona Miriamen ahots bikoiztuekin gurutzatzean emaitza
indartsu eta erakargarria lortuz.
Xuxurla eta ahots erregistro leun artean Unfair
gozo hasiko da. Aitzitik, istorio itogarria da, egitura musikal trinkoa
aurkezten duen abestia. Hori horrela, kantuan zehar badira trinkotasun
hori hausteaz arduratuko diren konponketa eta nabardura ezberdinak.
Edozein modutan, honelako demoetan ohikoa den ekoizpen eskasak detaile
horiek behar bezala antzematea galaraziko du. Ondorioz, 7 minutu luze
irauten duen abestiaren entzunaldia errepikakor xamarra suertatu
daiteke.
Far
Beyond Metal ez da true metal delakoaren
aldarrikapen atzerakoi horietako bat, baizik eta guztiz kontrakoa.
Lanaren azken kantua dugu, hasiera-hasieratik erakargarriagoa bihurtzen
den pieza. Erritmikoki atseginagoa izateaz gain, Miriamen ahotsa
laguntzen duten koruek beste kolore bat emango diote abestiari.
Lotsagabekeria, indarra eta harrotasun puntu bat “The Howl” zigilua
daraman azken kantua borobiltzeko. “2.0” demoaren introa eta ondoren datozen 3 abestiak di-da batean doaz. Hartara, taldearen ideia osatuago bat egiteko gutxienez abesti pare bat gehiago gustura entzungo lirateke. Hori gora-behera, lagin interesagarria da honako hau, izan ere, Euskal Herrian salbuespen den eskaintza dugu aurrean. The Howlen baitan berezko nortasuna garatu duten metal doinuak, emakumezko ahots trebatua eta zuzeneko eraginkor eta kementsua aurkituko ditugu. Ulu berrien zain gelditzen gara. |
||||||
|
Unai Santos Amarika (3,75/5) |
« atzera