METAL-CORE

Iraina 'Izakitxo Berdeen Lurreraketa'

Urtea: 2004 - Taldekideak: Koldo (gitarra), Lander (baxua), Joseba (teklatua), Urruti (bateria) eta Xabi (gitarra eta ahotsak) - Ekoizlea: Kike Mora - Estudioa: Funkey Factory - Abesti kopurua: 5 - Ezaugarri bereziak: Abesti bat bonus track gisa.

Denbora asko pasa da lehen aldiz talde honen berri izan nuenetik, gaur egun, Euskal Herriko eszena metalikoa zertxobait jarraitzen duen ororentzat, Iraina taldea ezagun egingo zaiola pentsatzen dut. Zuzenean hainbat eta hainbat aldiz aritu dira eta naiz eta gaztez osatutako taldea izan, egiten dutena ondo egiten dutela erakutsi dute.

           Algortako musika taldeen abestiez osatutako bilduma batean eduki zuten beraien lana kaleratzeko lehen aukera eta oraingo honetan, taldearen lehen maketa dena kaleratzeko pausua eman dute.

           Maketa bost abesti berriz eta aurrez aipatutako bilduman karrikaturiko abestiaz osatuta dago. Estiloari dagokionez, estilo ugariren nahasketa dela esango nuke. Metal barruko adar ezberdinak jorratzen dituzte eta hauek hardcore estiloaren zipristinez bustitzen dituzte. Antzekotasunak bilatzen jarrita, Fear factory, Chimaira, hasieretako The Gathering eta Refused bezalako taldeak aipatuko nituzke, hala ere,  esan beharra dago, estilo propioa lortu duen talde batetaz idazten nabilela.

           “Bergator” izeneko abestiak ematen dio hasiera lanari. Baxu eta bateriaz osaturiko erritmo base zapaltzaile zein biziari teklatuek ematen dioten xarma berezia batzutan, eta nolabaiteko kaos ukitua besteetan, gehitzean lortzen den emaitza oso ona dela iruditzen zait. Honen gainean, gitarren lan bikainak musikari ematen dion dinamikotasunak eta ahots sendo, urratu, baina entzun errazek, taldearen musika bortitz baina aldi berean entzun erraza egiten dute. Aipatzekoa abesti erdi aldean oso modu egokian sartutako zati blues-eroa, abestiari ukitu benetan berezia ematen diona, bikaina.

           “Gorroto Ganbara” da agian maketa osoan ezagunena egin den abestia eta horren zergatia argia dela uste dut: Aitor Gorosabel-ek ahotsak sartzeak asko egiten du, gainera, Aitorrentzat tipikoa den erregistroa baino sendoago eta urratuago bat erabiltzeak kolaborazioaren garrantzia handitu besterik egiten ez duela iruditzen zait. Hala ere, nik txalotzekotan teklatuez lortutako doom ukitua (The Gathering-en 90. hamarkada hasiera esate baterako) eta gitarren lan bikaina txalotuko nuke. Musikan ukitu thrash-ero bat sumatzen da,  abestia bere osotasunean hartuta, aurrekoa baino azkarrago zein zuzenagoa dela esango nuke.

           Lanaren erdialdean topatzen dugu “Erdi Munstro” abestia. Aurreko bi abestietan ikusitako ukitu ezberdinez osatutako abestia dela esango nuke. Ziztu bizian jotako zatiak, zati pisutsuago eta geldoagoak, gitarra riff bikainak, baxu suntsikorra eta beti ere teklatuen ukitu berezia. Lan osoari izena ematen dion abesti instrumentalak jarraitzen dio Erdi munstro abestiari. Teklatuz eginiko abesti instrumental honek diskoko momentu lasaienak eskaintzen dizkigu.

           “Olokip” abestia lan osoko abesti borobilenetako bat dela esango nuke. Hasiera bortitz baten ondoren abesti osoan zehar erritmo ezberdinak maisuki nahasten dira, lehen entzunaldian sartzen den estribillo baten inguruan oraingo honetan, aurrez entzun ahal izan dugun estilo nahasketa eta hau egiteko orduan duten gustu ona erakusten dute berriz ere.

           Azkenik, bonus track bezala agertzen den “Bategin” abestiak ematen dio amaiera lanari. Esan bezala, ziur nago askok abesti hau ezagutuko duzuela. Abestia aurrekoen ildo beretik doa, erritmo aldaketa ugari, ahots sendo eta urratuak, teklatuen ukitu berezia eta beti bezala, gitarren lan ona, beti gustatu izan zaidan abestia.

           Lan hau asko gustatu zaidala esatea soberan dagoela iruditzen zait baina egia esan, ez nuen mutil hauetaz gutxiago espero, bide zuzenean doazela iruditzen zait eta aurrerantzean munduko zorte guztia izatea desira diet.

Alberto Alvarez (4,3/5)

« atzera