|
DARK METAL |
||||||
|
||||||
|
Euskal
eszenako meatzaririk handienetakoa dugu Eöl. Horren erakuslerik
argiena iragan urteko hiru diskorik esanguratsuenetakoetan parte hartu
izana da, Numen, Suffering Down eta Elffor-en lanetan hain zuzen.
Azkeneko hau bere bakarkako proiektua da, eta bere hirugarren lana den
“From the Throne of Hate” honekin bere alderik ilun eta ezkutuena
azaltzen digu bilbotarrak. Teklatu hotsez batik bat girotutako musika
bitarte, nortasun handiko musikari baten aurrean gaudela jabetu daiteke
diskoari arreta apur bat jartzen dion entzule oro. Obra honen bilakaeran
Suffering Down-eko gitarra jotzaile den Alfon-en laguntza izan du, bai
sei kordadun elektriko zein akustikoekin. Guztiaren emaitza
medieval/dark ambient ingurunean murgilduko gaituzten zortzi kantu,
black metalaren ezaugarri batzuez aberastua.
“Old”
izeneko abestiak ematen dio hasiera hiru ordu laurden pasatxoko bide
ilunari. Teklatuen gidaritzapean beti ere, guda eta ekaitz hotsek
diskoko piezarik luzeena den abestia janzten dute hasieran, Eöl-en grim
oihuak gehituaz, abesterako garaian black erregistro grabeagoa
erabiltzen badu ere. Amaiera aldera giro gaiztotuak gitarra akustiko eta
txalapartaren soinuari ematen dio bidea, musikari ukitu paganoa eransten
zaiolarik. Zati ezberdinak, bikainak denak ere, eta euren artean ederki
lotuak. Ondorioa, ekoizpenaren kanturik gozagarrienetariko bat.
Summoning-en
eraginpean hasten zaigu “Rare Woods”, austriarren antzera
Erdi Aroko gorte ilunen batera eramango gaituen teklatuz eraikitako
melodia horietako bat eskainiz. Gitarra elektriko (giroarekin bat beti
ere) eta akustikoen uztarketa bikaina antzeman daiteke oraingo honetan
ere. Eta benetan goraipatzekoa dena, hartzailearengan hitzez azaltzerik
ez dagoen sentimendu zenbatezinak sortzea. Gure herriak mota honetan
eman duen piezarik borobilenetakoa ziur asko.
Erritmo
blacker batzuetan du abiapuntua “My Hatefull End”-ek,
bateriaren kaxa eta gitarra riff azkar baten protagonismoarekin.
Sufrimendua adierazteko berriro ere erregistro agudoa azaltzen zaigu,
gaiztakeriarekin lotuagorik legokeen grabeagoarekin tartekatuz. Pasarte
oso ezberdinen (erritmoei dagokienez batez ere) arteko lotura aproposak
ere aipatu behar dira, egituraketa bikain baten seinale.
Denbora laburrez bada
ere, iluntasunak eten bat izango du “Echoes of the Past”
kantuarekin, erabat instrumentala den diskoko aurrenekoarekin. Medieval
doinuen alde alaiago bat azaltzen zaigu hasieran, pixkanaka doinu
tristeagoei sarrera ematen zaielarik. Guzti hori, lan osoko kanturik
sinfonikoenean.
“Upon the
Barbarian Woods”-ek dakarkiguna sufrikarioaren azalpenik handiena
da, gainbehera nahiz hondamendia burura dakartzan hasierako teklatu hots
zinez gogoangarriekin. Musikariaren oihuek primeran laguntzen dute,
geroagoko barre-algara ezin maltzurragoek bezalaxe. Kantu osoko
atmosfera gehigarri duelarik, beste kantu azpimarragarri bat.
Giro iluneko beste
kanta batekin egingo dugu
topo “Grimmest Winternights” abestiarekin, noizbehinkako
epikotasun puntu batekin. Txalapartaren berragerpenak eta urruneko
danbor hots batzuek berez aberatsa den musika apaintzen dute oraingoan
ere.
Gitarra
elektrikoak eta teklatuak ia neurri berean girotutako “The Essence
of Hate”-ek kantu arras ezkutu batekin topo eginarazten digu,
entzunaldiz entzunaldi bere esentzia gehiago arnasteko aukera eskaintzen
duten horietakoa, alegia.
Diskoaren
itxiera modura “Wicked Shadows” azaltzen zaigu, grabaketa
osoko kanturik goibelena. Doinu erabat depresiboekin, diskoko moldaketa
anitzek bide sinpleago bati uzten diote zirrikitua bertan, egileak ia
teklatu hutsez egoera animiko ugari irudika daitezkeela erakutsi nahiko
balu bezala. Amaiera egokia lan borobil batentzako. Bukatzeko, esan gabe gera ezin daitezkeen bi aipamen egin behar dira. Batetik, ekoizpen osoarekin gertatu bezala bateria programatuari emandako tratu bikaina, soinu oso erreala eta une bakoitzarekin bat datorrena lortu delarik. Bestetik, dagoeneko bere generokoen artean erreferente bilakatu den Igor Mugerza “Mugi”-k (Suffering Down, Ipar Basoetan/Na Fraga do Norte,...) diskoaren azalean (gainerako marrazkiak ere berak eginak dira) burututako lan dotorea. Ikusgarriagoak asko izango dira, baina diskoan zehar musikaren bitartez aurki ditzakegun sentimenduak horren zuzen irudikatzen duten azalik, gutxi. Azkeneko hauek eta aurrez aipatutako baieztapenak kontuan hartuz, iluntasunaren bularraz elikatuz bere nahiak asetzen dituztenentzako ezinbesteko lana dugu gorrotoaren jargoitik eskaintzen zaigun hau. |
||||||
|
Hibai Martinez (4,25/5) |
« atzera