Agurrik beroena

 2007ko irailaren 1a, Añorgako Zinema Zaharra (Gipuzkoa)
 AGURRA: ASGARTH

 


           
Ibilbide guztiek dute hasiera eta bukaera. Arrakasta, gogo eta ilusio hitzek bezala. Baina bidean egindakoa nahiz eta kanpotik deskribatzen saiatu soilik bakoitzak izenda dezake. Asgarth taldeak gora beherez betetako hamar urteko (1997-2007) ibilbideari bukaera eman zion irailaren 1ean Añorgako zinema zaharrean; sorlekuan. Gipuzkoarrek lau disko argitaratu, makina bat kontzertu eskaini eta arrakasta zein ahanztura sobera ezagututa azken kontzertua eman zuten. Horretarako, Añorgako zinema zaharra egokitu (argazki, dokumentu eta abarrekin) eta ordu erdiko ikuskizuna eskaini zuen 90ko hamarkada bukaerako euskarazko heavy metal talde arrakastatsuenak.

            Asgarth boskote gazteak, 1999an Euskadi Gaztea maketa lehiaketaren entzuleen saria irabazi eta berehala sekulako arrakasta izan zuen Euskal Herriko gazteriaren artean. Beraiek ederki aprobetxatu zuten olatu heavya. Pentsa, maketa izan behar zuen grabaketa “Jainkoen Egoitza” (IZ, 1999) izeneko disko izatera pasa eta ale andana saldu zituzten. Taldeak ez zuen Su Ta Gar aitzindariek adinako musika maila, baina melodia sinple eta itsaskorrekin asmatu zuten. Honela, heavy metal zaleek zeharka begiratzen zituzten bitartean irrati-formulak kutsatutako gazteriarentzat ikono bilakatu ziren. Uda hartan batek daki zenbat kontzertu eman zituzten. Gutxi ez. Urtebete beranduago “Etorkizunaren Sustraia” (IZ rock, 2000) bigarren lana kaleratu zuten. Heavy europearraren klixe guztiekin. Zaleek modu berean erantzun zuten. Bitxia da ezarritako izenburu hark zazpi urtera ekarritakoa. Dekadentzia partziala “III” (Gor, 2002) hirugarren diskoarekin hasi zela esan daiteke. Zinez ironikoa, atera duten disko txukunena baita. Baina moda, “boom” eta halakoak datozen bezala doaz. Diskoak ez zuen irrati-formula interesatu haren babes osoa izan eta galera etorri zen. Kontzertu oso gutxi eskaini zituzten. Azkenik, bihotzarekin pentsatuz “... Garrasia” (Edg, 2005) laugarrena kaleratu zuten. Helduena, rock zaleena, baina ahaztuena. Modak ihes egiten duenean lan onak ez du bat salbatzen. Kontuak kontu, Añorgako boskoteak bere etorkizuna mozteko erabakia hartu zuen duela gutxi eta halaxe gauzatu zuten. 

            Agur esateko kontzertua hamaikak aldean hasi zen. Añorgako zinema nahiko betea zegoen. Akaso, 500 bat pertsona. Hamar urteen laburpen bideoaren ondotik, boskotea taula gainera igo eta ibilbideko abesti esanguratsuenak jo zituzten. Single klasiko zein berrienak. Izan ere, disko guztiak izan zituzten presente beraien agurrean. Gonbidaturik ere ez zen falta izan. Idi Bihotz taldeko Gorka eta Mikel ("Gauean Ihesi" abestian), eta Utikan taldean ibilitako eta egun Uk Bill taldeko gitarra jotzaile eta abeslaria den Rafa Cabezak ("Arbasoen Guda" kantuan) parte hartu zuten. Omenduak ere izan ziren. Asgarth taldeko mutilek emozioz beteriko azken kontzertua eskaini zuten, azkena izateko merezi izan zuena. Entzun! aldizkarian egin genien azken elkarrizketan, basamortuan garrasika ari zirela genioen. Azken garrasia, ordea, beroa, berezia eta jendetsua izan zen.

 
 
 
 

[Testua] Iñaki Esnaola [Argazkiak] Raul Martinez / Posenplay

« atzera