GRINDCORE/DEATH METAL

Infest 'Moshroom'

Urtea: 2009 - Diskoetxea: Metal Age Productions (Slovakia) - Taldekideak: Bard (ahotsa), Flow (gitarra), Pat (baxua) eta Sbeu (bateria) - Ekoizlea: Paco Etchebers eta Iñaki Plaa - Estudioak: Chalet Romuald Studio (Angelu), Ur Basa Studios (Irulegi) eta Cutting Room Studio (Estokolmo, Suedia) - Abesti kopurua: 20.

(09/10/21)

Abesti motzekin, bide luzea egitera iritsi daiteke Infest taldea. Baionako laukoak lehen diskoarekin harrera ona areagotu du “Moshroom” bigarrenarekin. Hogei kantu, ordu eta erdian jaso dituzte. Aitzakiarik ez, zuzen eta zehatz. Bi minutura ozta ozta iristen diren grind/death kantuekin lan gordina eratu dute.

Abestien hitzek ez dute lekua liburuxkan, baina badira. Askotarikoak, gainera. Adierazgarriak dira gehienak: “Murphy’s Law”, “20th Century Fucks”, “Greatest (S)hits” eta “Paberse Matao”. Beste hamar abesti arrapaladan ere aipa daitezke. Nasum edo Napalm Death talde handien eragina izanda ere, gai dira entzulea harritzeko, eta dosi txikietan bada ere tarteka zaplasteko bat emateko. Baita gorra dena itzartzeko ere. Zuzenean ere efektu bera lortzen dute. Izan ere, lapurtarrak taula gainean moldatzen dira ondoen. Duela hilabete batzuk Trintxerpeko Mogambo aretoan eskainitako kontzertua oldarkorra izan zen. Oholtzaren jaun eta jabe egitearekin batera etenik gabe zarata eskaini zuten. Teknikoa, bezain zikina eta garbia. Hegoaldean ez ezik, iparraldean eta munduko hainbat txokotan era makina bat kontzertu eskaini dituzte. Datorren urtean Suitzako Brutal Grind Assault jaialdian parte hartuko dute estilo bereko izen handi askorekin batera. Horrez gain, ezin ahaztu diskoa Eslovakiako Metal Age diskoetxeaekin atera dutela. Garrantzitsua abesti labur horien oihartzuna luzatzeko.

Nola nahi ere eta nazioartean leku bat egiten ari diren arren, eurek dioten bezala Euskal Herrikoak dira. Gojira taldearekin batera, Ipar Euskal Herriko muturreko musikaren erreferentzia dira.

Alde: Monotonoa izan daitekeen musika interesgarri izateko dohain berezia dute. Hori bai, belarri zorrotzek soilik jasan dezakete. Diseinu aparta ere aipatu behar da.
Kontra:
Lan laburra izanda ere zertxobait kosta egiten da segidan entzutea. Duzun egunaren araberakoa da.
 

Inaxio Esnaola (7,5/10)