|
EUSKAL HEAVY |
|||||||
|
|||||||
|
2009. urtea hasi eta hilabete gutxira Mendeku Itxua taldeak bere bigarren diskoa kaleratu zuen: Indarrak Batuz. Aurretik Usurbilgo laukoteak Gure Oihua izeneko lehen lana argitaratu zuen. Ekoizpen berri honetan ez dago ezustekoentzat lekurik eta orain urte batzuk hasitako bidean sakondu dute. Mendeku Itxua heavya da, euskalduna, melodia ugariduna. Hortaz, ez dute ezer asmatu, eta horren beharrik ere ez dute gauzak hain ondo egiten direnean. Herentziaren Mendekua kantak disko honetan aurkituko duguna ondo laburbiltzeko balio dezake: pasarte instrumental landuak, melodia dotoreak eta ahots-joko zein koru nabarmenak. Indarrak Batuz eta Amets Beltzak kanta onenen artean daude eta bertan disko osoko estribillo borobilenak topa ditzakegu. Izan Genuena kantarekin balada ofizialaren txanda heltzen da; idazten duenaren ustetan lehenengo diskoan argitaratu zutena askogatik gainditzen duena, abesti ederra. Aldiz, abiadura eta doinu gogorragoak nahi izan ezkero Trajedun Munstroak, Kaio Ustelak edo Gure Ondarea abestietara jo daiteke. Azken kanta horien harira, ez da makala oinarri erritmiko sendo baten babesarekin Ixak eta Anderrek disko osoan zehar gitarrekin egin duten lana. Aipamen berezia merezi du IZ estudioetan Haritz Harreguyrekin lortu duten soinua. Indartsua eta garbia. Gainera, Indarrak Batuz kartoizko digipack formatu txukunean dator eta DVD deigarri bat dakar bideo-klip eta gehigarri ugarirekin. Euskal Herriko heavy metala inoiz jarraitu izan duen edozeinek entzunaldi bat zor dio disko honi. |
|||||||
|
Alde:
Herri
honek eman duen heavy metal onenaren herentziak jarraipena dauka disko
honetan, eta talde gazte honen bigarren pausu sendoa da. Kontra: Momentu batzuetan Su Ta Gar bezalako talde baten itzala luzeegia suerta daiteke. |
|||||||
|
Unai S. (8/10) |