|
POST MELODEATH |
|||||||
|
|||||||
|
Azken
boladan nabarmentzen ari den taldea dugu Rise To Fall. Bi urte
baino ez dira pasa bizkaitarrek taldea behar bezala egonkortu zutenetik,
eta dagoeneko jauzia emateko gertu daude. Horren interesgarria ez zen
maketa bat atera ondotik eta makina bat musika lehiaketa irabazi
ondoren, Bizkaiko taldeak Restore The Balance estreinako diskoa
argitaratu zuen, pasa den urtean. Lokalean ederki pentsatutakoa, eta
estudioan ezin hobeto landu zutena. Aurrenekoa izateko emaitza paregabea
da, eta normala Euskal Herritik kanpora begira egotea. Horren ohikoa izan ez bada ere, Suediako death metal melodikoak badu bere txoko partikularra gure lurraldean. Darkness By Oath arrasatearrak eta Rise To Fall dira egun, estilo horren erreferentean gurean. Gipuzkoarrak klasikoagoak eta gordinagoak, eta bizkaitarrak, berriz, melodikoagoak eta modernoak. Azken hauek, In Flames edo Disarmonia Mundi taldeen zale amorratuak dira, eta hori nabari da euren proposamenean. Nolabait melodeath eguneratua edo post melodeath doinuen jarraitzaileak dira. Izan ere, ahots urratu zein melodikoak, pasarte melodiko atseginak eta sintetizadoreak topatuko ditugu Rise To Fall taldearen aurreneko diskoan. Ez da erraza kantu guztiek zerbait berezia izatea. Hamaika zatiek puzzle interesgarria osatzen dute. Redrum lehen abestitik taldearen norabidea markatzen dute. Riff suediarrak eta erraz gogoratzeko leloa. Zaku oparo berean sar daitezke Prophet Of Doom, Unknown Presence eta Infected Wounds kantu bikainak. Badira, ordea, beste hainbat In Flamesen bigarren aroarekin bat egiten dutenak: Rise From Drama, Forbidden Lullaby (lan osoko onena, ziurrenik) eta My Sombre Prospect. Horietan denetan, Dalay Tardak Anders Friden jaunaren esperimentazioak erabiltzen ditu. Korn taldeari neurri batean hartutakoak (ez beldurtu!). Bestalde, Chasing Infinity abestia da lan osoko gordinena. Etxean grabatu eta Jacob Hansen artistaren estudioan, Danimarkan, masterizatzeak eragin zuzena du diskoaren soinuan. Aparta da. Halere, bizkaitarrek hobetzeko asmoa dute, Restore The Balance mundu mailan argitaratzeko. Argi dago halako taldeek bide luzeagoa egin dezaketela Euskal Herritik kanpora, hemen bertan baino. Horregatik, zorterik onena opa diegu! |
|||||||
|
Alde:
Melodeath musika atsegin dutenentzako gozokia da, lelo melodikoak
berehala ikasten dituzulako. Profesionala. Kontra: Euskal Herrian ez bezala, mundu mailan leku bat egitea kostako zaie euren proposamenarekin. |
|||||||
|
Inaxio Esnaola (8/10) |