DEATH/POWER METAL

Waldheim 'Fight Against The Time'

Urtea: 2008 - Diskoetxea: Santo Grial (Esp) - Taldekideak: Mina (ahotsa), Fitti (ahotsa), D. Hole (gitarra), Sword (gitarra), Jessica (teklatua), Aratz (baxua) eta Alex (bateria) - Ekoizleak: Carlos Creator eta Pedro J. Monge - Estudioak: The Rock Studios (Bilbo) - Abesti kopurua: 10

(09/05/11)

Denboran eta estudioan, bereziki, dezente landutako lana da Fight Against The Time. Euren proposamena ahalik eta ondoen islatzen saiatu dira Waldheim taldekoak, estreinako lan honetan. Death metal melodikoaren jarraitzaileak izatearekin batera, power metal edo progresiboaren eraginak agerikoak dira bizkaitarren musikan. Ahalegin berezia egin zuten, detaile guztiak zaindu zituzten, eta emaitza txukuna da.

Duela hamar urte, 1999an, sortu zen taldea eta ordutik buruhauste ugari izan dituzte aurrera egiteko. Zenbait aldaketa eman ondoren, 2004an taldea finkatzea lortu zuten: zazpikote gisa. Ez da erraza jende askoko talde batekin urratsak egitea, baina horixe izan zen bizkaitarren asmoa. Diskoan topatuko ditugun abesti gehienak denbora tarte honetan sortu zituzten. Baina hiru abeslari ezberdinek kantatu dituzte. Hirugarrenean, esaten denez, Fittirekin asmatu eta modu horretan sartu ziren Bilboko Rock Studios estudioetara. Bertan zain zuten Carlos Creator ekoizle ezaguna, eta bazen ez zekiten gauza. Estudioan sartu bai, baina noiz aterako ziren. Istorioa luzeegia izan zen taldekideentzat, baina horri esker lan duinago bat egitea lortu zuten.

Ildo bereko hamar kantu bildu dituzte aurreneko diskoan. Muturrekoak denak, baina melodien presentzia nabarmenarekin. Bridge Of Sand eta We Will Fall Together dira laneko gordin eta azkarrenak. Ahots urratuak dira protagonista. Gainontzeko kantuetan, ordea, bi ahotsen erabilera ugariago da: Minaren garbia eta Fittiren urratua. Batez ere, March Of Empty Souls abesti zorragarrian lortu dute, dena neurrian nahastea. Emaitza paregabea. Ildo berekoak dira, Lost In The Rain ederra eta Fight Against The Time, diskoa izendatzeko hautatu zutena. Halere, beste erabateko kantuak ere badira. Esaterako, Memories Of Fate instrumental nahiko heavy zein progresiboa, eta Valzer Infinito sinfonikoa. Azken honetan, orkestazioak berebiziko garrantzia du.

Nazioarteko disko interesgarrien zakuan ziurrenik Waldheim taldearen aurrenekoa topatuko genuke.
Hori bai, ahotsak hobeto landu behar dituzte. Batez ere, Minak, ondo abestu arren ez baitu bere musika tresna behar bezala kontrolatzen. Gainontzeko musikariek txapela kentzeko moduko lana egin dute, eta oraindik ziur askoz gehiago egin ahal dutela. Euskal Herrikoak bai, baina mundura begira.
Alde: Ekoizpen bikaina. Batzuetan gehiegizkoa, baina beharrezkoa bizkaitarren proposamenerako. Abestien dituzten detaile interesgarriak ere, deskubritzekoak dira.
Kontra:
Bi ahotsen arteko nahasketa. Hobeto baliatu behar dute, euren bertute izan dadin.
 

Inaxio Esnaola (7,5/10)