HEAVY METAL

Elbereth 'Gaueko Ilargia'

Urtea: 2007 - Diskoetxea: Ortots Burdin Hotsak - Taldekideak: Aritz Legorburu (Baxua), Ruben Sanchez "Rufo" (Gitarra), Xabier Urkia (Gitarra), Eneko Maiz (Bateria) eta Iker Manso (Gitarra eta ahotsak) - Ekoizlea: Manu "Metal" Villasante - Estudioak: Screamwaves Estudioak (Gernika) - Abesti kopurua: 10

(08/04/20)

Legazpiko Elbereth taldearen lehenengo lana da Gaueko Ilargia. Talde gehienak bezala, lehenengo lana kaleratzeko urte batzuk pasa behar izan dituzte lan eta lan. Non, denbora tarte horretan, ohikoa den legez hainbat aldaketa pairatu behar izan dituzten. Baina azkenean, lanak bere fruitua ematen duen legez, Elbereth taldekoek lortu dute beraien lehen diskoa kaleratzea. Eta ez da nolanahikoa gainera.

Euskal heavy metal gordina da beraien estiloa. Su Ta Gar eta batez ere Latzen taldeen eragina nabaria da. Hala ere, pertsonalitate propioa ere nabari da beraien musikan, oso ezaugarri garrantzitsua inondik inora ere. Kantu guztiak euskaraz abestuak daude, "Palestina" izan ezik, gazteleraz baita. Iker Mansoren lana ahotsean aipagarria da. Batzutan tonu garbi eta melodikoetan murgilduz eta beste batzutan doinu bortitzagoetan, pertsonalitatea ematen dio taldeari. Beste taldekide guztien laguntza paregabearekin, noski, batez ere talde ororen oinarri diren bateria eta baxuarena. Soinua eta produkzioa ere ondo landuta daude, nahiz eta hobetu daitezkeen, normala den bezala.

Abestiren bat nabarmentzea zaila da, denak maila onekoak direlako, baina horien artetik "Aizkorak Zorrozturik", non gitarren lana oso ona den, eta "Elurretako Lehoinabarra" balada benetan hunkigarria azpimarratu daitezke. Diseinu aldetik egindako lana ere oso txukuna da lehenengo diskoa izateko. Gainera hortaz arduratu dena Eneko Maiz da taldeko bateria jotzailea. 

Orokorrean hartuta, Legazpiar gazte hauek aurreneko lan borobila egin dutela esan daiteke, eta euskal metala edo sinpleki heavy metala atsegin duen edonorentzat benetan disko gomendagarria da.
Alde: Disko borobila osatu dute; oso erregularra.
Kontra:
Hobetu daitezkeen alderdiak izan daitezke gitarren lana edo soinua eta ekoizpena.
 

Haritz Iturbe (8/10)