HEAVY ROCK

Dirty Shadow 'You Never Know'

Urtea: 2008 - Diskoetxea: Auto-ekoizpena - Taldekideak: Yerko Ortiz (gitarra eta ahotsa), Xabier Castaño (gitarra), Jorge Moro (baxua) eta Joseba Castaño (bateria) - Ekoizleak: Manu "Metal" Villasante - Estudioak: Screamwaves Estudioak (Gernika) - Abesti kopurua: 9

(08/04/03)

Martxa honetan, Legazpi heavy metal edo rock gogorraren herri izendatu beharko dugu bertan ematen ari den fenomenoa ikusita. Elbereth beteranoek iaz argitaratutako lehen diskoak eta Dirty Shadow gazteek aurten argitaratutako “You Never Know” estreinakoak harrera ezin hobea izan dute herrian. Hau dela-eta, bi taldeak “Altzairu Indarra” izeneko kontzertu bira antolatu eta dagoeneko hasi dira zuzenekoak eskaintzen.

Bi generazio heavy zale parez pare. Gazteekin geratuko gara. Dirty Shadow taldea 2003. urtean Legazpiko bost lagunek osatu zuten. Gutxira, taldekide batek taldea utzi eta laukote gisa hasi ziren abestiak sortzen eta kontzertuak eskaintzen. Iaz, egindako esfortzuari bide emateko Gernikako Screamweaves estudioetan lehen diskoa grabatu eta aurtengo otsailean argitaratu dute. “You Never Know” izeneko aurreneko lan honetan heavy eta hard rock musika da nagusi. Batez ere, amerikarra. Abesti azkarrak eta pausatuak tartekatu dituzte. “Falling To Hell”, “Black Door” eta “Shadows From The Night” zoragarriek islatzen dute gipuzkoarren bizkortasuna –bi zentzutan–. Aipatutako abestiek, Motörhead mitikoen eragin nabaria eta Running Wild taldearen zaporea dute. Hala eta guztiz ere, Dirty Shadow taldekoak, akaso ezagutu ez arren, Gun Barrel alemaniarren eskola berekoak dira.

Alabaina, “Twister”, “Read My Letter” eta “Dangerous Girls” kantuek agerian uzten dute Dirty Shadow taldearen benetako sustraia: hard rock musika. Hori bai, zertxobait iluna. Abesti lasaiak gustu gehiagorekin osatuak daude. Bestalde, Yerko abeslariaren ahotsa nabarmendu behar da. Ez ohikoa, berezia eta aproposa. Talde bat berezi egiten duena, taldeko Castaño bikiak –gitarra eta bateria– bezala. Aldi berean, ezin aipatu gabe utzi Eneko Maiz diseinatzailearen lana. Ez ditu honelako asko egin eta badirudi martxa ona hartu duela. Musika egokia estaltzeko diseinu aproposena.

Legazpiarren estrainekoak agerian uzten du gure lurraldeko heavy metal edo rock gogorrak, gazteenak ere, osasun aparta duela.

Alde: Gazteak eta freskoak dira, bi ezaugarri oso positibo beraien lehen diskoa izateko.
Kontra:
Soinuak taldearen estiloari mesede egiten dion arren, garbiagoa beharko luke aurrera begira.
 

Inaxio Esnaola (7,5/10)