BLACK METAL

Numen 'Numen'

Urtea: 2007 - Diskoetxea: Goi Music - Taldekideak: Aritz (ahotsa), Jabo (gitarra), Otuto (baxua) eta Eöl (teklatua, akordeoia eta garrasiak) - Ekoizleak: Unai Liant eta Numen - Estudioak: Liant Studios (Ziorla) - Abesti kopurua: 6

(08/02/26)

Hamargarren urteurrena ospatzeko Numen taldeak gudara joatea erabaki zuen. Horretarako, taldearen izen berbera duen hirugarren diskoa kaleratu zuten duela hilabete gutxi. Azkartasunaren eta bortizkeriarekin zentzu onean obsesionatuta, Arrasateko taldeak bere ibilbideko black metal disko gordinena osatu du. Hala eta guztiz ere, sustraiak ez dituzte ahaztu. Aurreko lanetan tarte gehiago zuen folk musikak oraindik badu bere presentzia. Kristautasunaren kontrako jarrerak bezala. Bigarren hau nabarmenagoa da.

“Egunsentiaren Heriotza” lehen abestiaren lehen segundoetan entzuten diren ttuntturroek hasiera berezia ematen diote diskoari. Ardi larruz jantzitako otsoa. Euskal esentzia duena, baina Eskandinaviako kutsu black metal zalea. Kantu honekin hasten da Numen taldekoen istorio kontzeptuala. Gorrotoaren indarra kristautasunaren aurrean. Ondorengo bost kantuetan ere bortizkeria gupidagabea da nagusi, nahiz eta barealdi akustiko zein epikoek beren tartea ere izan. Eredu garbiena “Belearen Hegaldiak... Isiltasuna Dakar” zazpi minututik gorako maisu lanean aurkituko dugu. Gitarra riff hiltzaile eta Aritz Nabarroren erregistro ezberdinetako ahots urratuak nabarmendu arren, entzuten diren alboka hotsak ezin dituzte gainditu. "Isiltasunaren Hots Hutsa" diskoko azken abestian antzeko ezaugarriak aurkituko ditugu. Tartean zeharkako flautaren ukitu nostalgikoa eta lan honetan garrantzia duten Eölen garrasi eta aieneak. Honez gain, folk musika "Gauaren Irrifarre Izkutua" abestiaren amaiera aberasten duen artean, "Etsipenaren Etsai" eta "Ahanzturaren Hilbobia" zinez oldarkorrak dira.

Nolanahi ere, akatsak badira disko esanguratsu honetan. Batetik, ezusteko logo aldaketa (ez dena inolaz ere deigarria), eta bestetik, abestien letrak ez dituzte besteetan bezala landu. Egia da disko kontzeptual baten aurrean gaudela, baina antzeko esaldiak abesti guztietan tartekatzea pixka bat eskasa da. Ekoizpena, aldiz, gustuaren araberakoa da. Azken emaitza aurrekoa baino zikinagoa den arren, agian hau da Numen taldearen benetako soinua. Honezaz gain, bateri jotzaile bila jarraitzen dute. Hau joko duenik bada berehalakoan agertu dadila!

Alde: Oreka bat lortu dute iragana eta oraina batuz, folkaren kutsua egun egin nahi duten black metal gordin eta zuzenarekin.
Kontra:
Kontatzen duten istorioa, irakurri ezean ulertzen ez dena, orain arteko makalena da.
 

Inaxio Esnaola (8/10)