METAL-CORE

Dead Means Nothing 'Seeds Of Hate'

Urtea: 2007 - Diskoetxea: Fragment Music / Three Point Recs - Taldekideak: David (gitarra), Oscar (baxua), Guillermo (bateria) eta Dani (ahotsa) - Ekoizleak: Iñaki Llarena eta Dead Means Nothing - Estudioak: 4i Estudioak (Aberin) - Abesti kopurua: 11

(08/01/27)

Atzean utzi berri dugun urteak uzta nahiko oparoa eman du Euskal Herriko musikari dagokionez. Oparotasunaren zakuan Dead Means Nothing taldeak merezitako lekua irabazi du. Irurtzunen finkatutako taldearentzat iazko urtea zinez borobila izan da. Irailean “Seeds Of Hate” izeneko estreinako lan bikaina atera eta areto askotatik pasa dira. 2006an Nuclear Blast zigilu ospetsuaren lehiaketan finalera iritsi izanak ere eman die bultzada.

Oihartzuna izan dute, eta batez ere, aurreneko lanak balorazio onak jaso ditu Espainian. Alabaina, ez da harritzekoa. Nafarrek ezer asmatu ez badute ere, munduan horren famatua egin den metal-core fenomenoaren baitan lehenak izan dira gurean kalitatezko lan bat kaleratzen. “Take This Life”, “Death’s Padawan”, "Where Is Your God" edo “Tetsuo” bezalako abestiek nazioarteko sinadura dute. Ziurrenik ez dute sekula Bullet For My Valentine edo Killswitch Engage bezalako taldeen arrakasta lortuko. Baina ez dute uzkurtu behar As I Lay Dying edo Unearth bezalako taldeen aurrean. Euskal Herrian momentuz, Irurtzuneko taldearekin batera Dawn Of The Maya eta Alerta taldeak ditugu.

Egia da metal-core aurrez identifikatua zegoen estilo santu eta eguneratu hau saturatzen ari dela. Dagoeneko erabat zabalduta dago mundu osoan. Aurrez metal berri edo nu-metalarekin gertatu bezala. Ameriketako erreferenteek milaka talde eragin dituzte Europan eta munduko beste txokoetan. Egia, freskotasuna lortzea ia utopia bihurtu dela. Aitzindariek ere laster galduko dute norabidea. Etiketa guztiekin gertatu izan dena beteko da.

Dead Means Nothing taldekoek, ordea, lehen harria bota eta eskua gorde beharrean aurpegia erakutsi dute. Are gehiago, soinu onarekin eta potentziala islatzen duten abesti zerrendarekin nafarrak harro egoteko motiboak dituzte. Diskoaren diseinua bera ere profesionala da. Juan Patiño artistak asmatu du. Honez gain, duela gutxi taldean aldaketak izan dituzte boskote bihurtuz, baina dagoeneko amorratzen daude taula gainera igotzeko. Ikusle izatea sari hutsa da.

Alde: Metal-core estiloaren globalizazioaren aurrean lehenengo taldea izan direla disko borobil bat osatzen.
Kontra:
Aldekoa zentzu ezkorrean.
 

Inaxio Esnaola (8/10)