BLACK METAL

Daemonlord 'Hellfire Centuries'

Urtea: 2006 - Diskoetxea: Ketzer Records (Ale) - Taldekideak: Kepa (gitarrak, baxua, teklatuak eta programazioa) eta Egnar (ahotsak) - Ekoizleak: Kepa - Estudioak: Chaos Studios (musika grabaketa), Holocaust Studios (ahotsen grabaketa), Shot! Studios (nahasketa eta masterizazioa) - Abesti kopurua: 11

(08/01/12)

2006. urtea oparoa izan zen muturreko euskal argitalpenei dagokionez, eta noski, uzta horretan ezin Daemonlord talde geldiezinak alerik eskaini gabe gera. Taldearen hirugarren lan luzea den honetan (split, ep eta abar ia zenbatezinak ahaztu gabe), berriz ere bikotearen formula erabili dute, aurreko “Of War And Hate” diskoko formazio berarekin. Musikalki ere gutxi aldatu da taldea, euren black metal nuklearraren zaparradarekin jarraitzen baitute. Hori bai, oraingo hau gaur arte grabatu duten lanik odoltsuena izango dute seguru asko.

Kantu ilun eta krudelak konposatzen jarraitzen du taldeak, baina oraingo honetan gudarekiko gurtza inoiz baino markatuagoa da: sekula baino abiada biziagoan (neronek entzuteko aukera izan dudan lanekin alderatuta behintzat) jotako temak, guda zelairako doinu aproposak. Gitarra zorroztu eta gupidagabeek tankera berean jarraitzen dute, maila aipagarrian. Alor honetan influentzia gisa Varathron-en moduko greziar talde zaharrak aipa daitezke. Ahotsaren erregistro bakarrak, erabat urratua berau, ongi baino hobeto ematen du gainera sokekin egindako lanarekin.

Bestalde, bateria programatua erabili dute beste behin. Soinuak irmotasun handia du, baina maiz blast-beat neurrigabeek kaxak nolabaiteko saturazioa sortzea ekartzen dute. Hori bai, beste alde batetik hartuta, benetako metrailadore bat entzuten ari garela ematen du.

Betiko Daemonlord beraz disko honetan aurkituko duguna, intentsitate puntu bat gehiagoarekin. Diskoa bai digipack formatuan zein CD konbentzional gisa izan da editatua, bakoitzak azal propioa duelarik. Batak edo besteak Immortal-en  oldarkortasuna eta Marduk-en abiadura gustuko dutenen apalean bere lekutxoa behar luke, gure mugetatik at dugun talderik errespetatuenetariko batez ari garela kontuan izanda. Ongi merezia dute sona hori; lana Ketzer Records zigilu alemaniarrak (Vinterriket, Cirith Gorgor, The Legion edota Immortal Rites bezalako taldeekin lanak argitaratu izan dituena) editatu izanak azaltzen du hori.

Alde: Lau aldeetatik guda giroa arnasten da disko honetan.
Kontra:
Bateria programatuak noiz edo noiz kaxari ematen dion soinu nabarmenegia.
 

Hibai Martinez (7,5/10)

| atzera |