|
THRASH METAL |
|||||||
|
|||||||
|
Talde gutxi batzuk izaten dute aukera nazioartera begiratzeko. Legen Beltza gipuzkoarrek “Insanity” bigarren diskoarekin lortu zuten. Esperientzia, ordea, ez zen guztiz oparoa izan. “Dimension Of Pain” izeneko hirugarren lanarekin mugak gainditu baino, birrindu egin dituzte. Oraingo honetan, Belgikako Mausoleum zigilu mitikoaren babesa izan dute. Gerora ikusi da nazioarteko diskoetxe honen laguntza ez dela erabatekoa izan. Baina azpeitiarren hirugarren asaltoarekin itzuliz, bortizkeria eta kalitatea lirateke definitzeko balio duten ezaugarriak. Taldeak nabarmen egin du hobera konposizioetan eta azken emaitza benetan harrigarria da. Jorratzen duten thrash metala klasikoa, egungoa, freskoa eta bikaina da. Kontraesanik ez da beraien musikan. Dena dela, lan berrian muturreko metalaren beste adarrekin jolastu dute esentzia gogor zein melodikoak barneratuz. Gordintasunean, “Cannibalistic Revolution”, “Fucking Dawn Of Dead”, "Calling The Black Storm" edo “Ilunpean Dituzu”, euskarazko abesti bakarra, aipa daitezke. Melodia itsaskorraren eremuan, aldiz, “When The Moon Falls” eta diskoari izena ematen dion “Dimension Of Pain” azpimarratu behar dira. Bestalde, txalotzekoa da “War Of Wars” thrash-operaren lana eta eskarmentua. Izan ere, ez da batere erraza nazioarte mailako musikari esanguratsu asko biltzea bakarra osatzen duten bi kantutan. Hala nola, Johan Liiva (Arch Enemy ohia, Hearse), Johan Lindstrand (The Crown ohia), Martin Akesson (Impious ohia), Pat Savelkoul (Callenish Circle ohia), Christofer Malmström (Darkane) edo Koma taldeko Brigi. Kolaborazioak kolaborazio, Azpeitiko laukotearen lan ona ere ezin da ahaztu. Batez ere, Ekaitzen gitarra bakarkako bihurri eta geldiezinak eta Xantiren hobekuntza nabaria ahotsetan. Edortaren agurra baterian ere ez da batere makala, ikaragarria. Finean lan orekatua, landua eta txukuna plazaratu dute gipuzkoarrek. Gure artera ere iritsi da diskoa baina dirudienez harrera ona atzerrian geratu da. Lastima. Hori bai, Legen Beltzaren hirugarren lana beraien lehenengo klasiko eta Euskal Herriko metal disko hoberenen zerrendan sartu behar ote da? Denborak esango du. Kategoria mutilak! |
|||||||
|
Alde:
Abesti sorta
aparta eta nazioarteko sinadura. Kontra: Euskal Herri mailan nabarmendu arren (oihartzun eskasarekin), kanpoan desagertu daitekeen diskoa. |
|||||||
|
Inaxio Esnaola (8/10) |