|
METAL BERRIA |
|||||||
|
|||||||
|
Muted taldearen bigarren erronka. “Sarean” izan zen Abadiñoko taldearen estreinako lan luzea 2005ean. Aurten, aldiz, “Sena” izeneko diskoarekin itzuli dira. Durangaldeko mutilak, funtsean, eskema berdinekin bueltatu dira: elektronika, riff astunak, melodia ugari eta garrasi urratuak biltzen dituzten metal doinu berritzaileak. Edonola ere, Muted taldeak kide barri bat dauka gaur egun: Eneko Martinez abeslaria. Berak hartu du oraingoan alor melodikoaren ardura nagusia. Hori horrela, Aitzolek, betiko abeslariak, ahots oldarkorren pisua darama diskoan zehar. Eta erabaki horretan datza, lan honen giltza. Azken emaitza orekatuagoa lortu baitute: pasarte oldarkorrak oldarkorragoak dira, eta pasarte garbiak oso melodikoak izaten jarraitzen baldin badute ere, oraingoan ez dira eremu hain azukretsuetan barneratzen. Nabarmentzekoak dira Replika borobila, Lortu Ezina, Enekoren ekarpenaz hobeto jabetzeko balio duena, Salam eta bere girotze interesgarria edo Aitzol-Enekoren arteko elkarlan txukuna agerian uzten duten Noraezean eta Bakardade Nahasia kantuak. Hortaz, alde nabaria dago Muted-en estreinako lan luzetik hona. Abadiñoko taldeak disko mardulagoa osatu du, eta neurri baten maketa garaiko puntua berreskuratu dutela esan daiteke. Tarteka azukretsuegia suertatzen zen “Sarean” diskoaren aurrean, “Sena”-k argumentu sendoagoak dakartza oraingoan. Gainera, Ondarruko Santos Records estudioetan lortu duten soinua garbi eta indartsuak asko laguntzen du azken emaitza horretan. Azken datu esanguratsu bat. Sena diskoarekin lortutako diru-sarrera guztiak “Haurralde” izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratuko dituzte. |
|||||||
|
Alde:
Bigarren disko orekatuagoa, mardulagoa. Kontra: Kutsu amerikarreko nu-metala atsegin ezean jai daukazu. |
|||||||
|
Unai S.A. (7/10) |