SPEED METAL

Killers 'A L'Ombre Des Vautours'

Urtea: 2007 - Diskoetxea: Brennus Music (Fra) - Taldekideak: Bruno Dolheguy (ahotsa eta gitarra), Patrick Oliver (baxua), Thierry Andrieu (gitarra) eta Florent Pouey (bateria) - Ekoizleak: Killers - Estudioa: Killers Home - Abesti kopurua: 22

(07/11/07)


Disko bikaina atera du Killers Baionako talde mitikoak. Beraien estudioko 12. lana da jadanik "A L'Ombre Des Vautours" izenekoa. 1985. urteaz geroztik dabiltza diskoak atera eta atera eta esan daiteke Euskal Herriko heavy metal talderik zaharrenetarikoa dela. Zoritxarrez, beti izan dira nahiko edo oso ezezagunak nahiz eta disko bikainak kaleratu. Dena den, Europa osoan zehar badituzte jarraitzaile finak ere, ez dira asko, baina egon badaude eta hori bada zerbait. Horren froga da Europan zehar egiten diren jaialdi batzuetara gonbidatuak izan direla urte hauetan zehar (Wacken edo Keep It True adibidez).

Goazen harira eta sartu gaitezen beraien azken lana aztertzera. Beti jorratu duten heavy speed metalarekin jarraitzen dute eta disko luze xamarra atera dute oraingoan, 22 kantuz osatua. Tartean introa eta pasaje instrumental gutxi batzuk daudelarik. Disko osoan gehien nabarmentzen dena gitarren riff potente eta melodikoak dira, benetan bikainak. Produkzioa eta soinua ere ondo zaindu dituzte orokorrean, bateriarena izan ezik, momentu batzutan bateria astintzen ari dena pertsona baten ordez "konputagailu" bat dela bait dirudi. Dena den, abesti ia guztiak benetan latzak dira, tximak astintzeko paregabeak, "Combien De Fois?" eta "Faire Du Metal" abestiak dira horren adibide bikainak.

Pena da, oraingo honetan ez dutela euskarazko kanturik sartu, denak frantsesez grabatu bait dituzte. Diskoaren liburuxkan ere dena frantsesez dago, beraz kantuak zertaz hitzegiten duten ez dago jakiterik frantsesa ez baldin badakizu eta interesgarria izango litzateke jakitea, diskoa kontzeptuala delako. Aipatu baita ere bi bertsio daudela diskoan, bat Manowar taldearen "Black Wind, Fire And Steel" kantuarena eta bestea Motorhead taldearen "Overkill"-ena. Bi hauek ere frantsesez abestuak daude eta beraien estilora eramanaz, kurioso eta ongi gelditzen dira.

Laburbilduz eta hizkuntzaren gaia albo batetara utziaz, heavy metala atsegin duen orok entzun beharko lukeen diskoa dela esan daiteke, benetan gomendagarria. On egin dizuela!

 

Alde: Gitarren soinua eta lortzen dituzten riff paregabeak tximak astintzeko.
Kontra:
Bateriaren soinua eta dena frantsez hutsean dagoela.
 

Haritz Iturbe (8,5/10)

| atzera |