MEDIEVIL BLACK AMBIENT

Elffor
'Unblessed Woods'

Urtea: 2006 - Diskoetxea: Auto-ekoizpena - Taldekideak: Eöl (ahotsa, teklatuak eta programazioa) eta Unai Liant (gitarra)* - Ekoizleak: Eöl eta Unai - Estudioa: Liant Studios - Abesti kopurua: 8

            2006. urteko ediziorik onenetariko batekin gatoz oraingo honetan, Elffor bakarkako proiektuaren “Unblessed Woods” lanarekin hain zuzen. Eöl-ek beste behin auto-ekoizpenaren bidea hartuz zortzi kantu berri bildu ditu, harrera ona izan zuen “From the Throne of Hate” bere aurreko diskoari jarraipena ematen diotenak. Horretarako Numen-en partaide-ohi den Unai-ren laguntza ere izan du, bai gitarra jole modura zein teknikari lanetan. Bi alor hauetan lorturiko emaitza ikusita, laguntza ezin hobea. Azaleko lana oraingoan ere Igor Mugerzak burutu du, nahiz eta emaitza aurrekoak bezain gustagarria ez gertatu (nire kasuan behintzat).

            Diskoaren edukiari dagokionez, Elffor-en ibilbidean beste aurrerapauso bat dela azpimarratu behar da zalantzarik gabe. Musikalki, aurrez ere erakutsia zigun estiloa jorratzen da, medieval black ambient-a hain zuzen, hiru izen horiek etiketa bat osatzen badute behintzat. Alderdi honetatik ikusita taldeak aurrera egin ez duela pentsa badaiteke ere, badira ideia hau ezeztatzen duten hainbat faktore.

            Horietako bat soinuaren maila da, ezbairik gabe inoiz lortu duen profesionalena. Diskoa bat epaitzeko faktore garrantzitsua bada berez, are gehiago kasu honetan. Izan ere, alderdi honen hobekuntzan bateria programatuaren tratamenduaren doitzeak du zerikusirik handiena. Honek musikalki sortzen dituen giro (aipaturiko ambient delakoa) anitzei aberasgarritasuna ematen die.

            Ardatz musikala Erdi Aroko musika ilunak izaten jarraitzen du, eta hortaz ezinbestekoa da eraginen artean Summoning aipatzea. Teklatuen melodia anitzek halaxe egiaztatzen dute. Hala ere, “Unblessed Woods” honek oldarkortasun puntu nabaria du austriarrekin alderatuz, eta ez bakarrik inoiz baino landuago azaltzen diren black zatiekin (aipagarria zati hauetan teklatuek jokatzen duten lana). Are gehiago, oldarkortasun hori une batzuetan etsipen bilakatzen dela esango nuke. Ahots erregistro bien txandatzeak (sakonagoa denak batik bat) horretan badute zerikusia. Erritmo lausotuek ordea, doom estiloranzko joera dutenak, Empyrium bezalako talde bat ekarri didate niri gogora, ikuspegi musikalaz haratago, sentimendu malenkoniatsuagatik.

            Elffor-ek ordea parametro propioak eta pertsonalak gehitzen ditu. Esan bezala, Erdi Aroko soinuak ilun azaltzen dira beti, eta goibel askotan. Guda soinuek ere badute beren tartea, zintzarri hotsek, une espiritualek...Oraingoan alde batera utzia izan direnak folk ukituak izan dira, txalapartaren sarrerak aurreko lanean hain zapore ona utzi bazuen ere.

            Diskoaren osotasunetik pare bat tema aipatzekotan, lehendabizi lanari izena ematen diona azpimarratuko nuke. Orokorrean aurrez aipatutako osagai guztiak biltzen ditu: pasarte girotuek black zatiekin osatzen duten oreka, baita zati azkarrek motelekin eragiten dituzten sentimendu kontrajarriak ere.

            Bigarrena azkenaurrekoa litzateke, “Gorgorium Goth”. Kantu honek Erdi Aroko doinuen handitasuna islatzen du, aurrez aipatu den danbor doinu bikain horiekin, eta beti ere gaiztakeri puntua presente delarik.

            Disko borobila beraz Elffor­-en azkeneko hauxe, nazioarteko mailarik altuenarekin lehiatzeko behin-betiko urratsa. Kantu ilun, luze eta landuak maite dituztenentzako gomendagarria eta Erdi Aroko garairik beltzenak gogorarazteko oso aproposa.           

Hibai Martinez (8,5/10)

« atzera