DEATH METAL MELODIKOA

Darkness By Oath
'Confidential World Of Lies'

Urtea: 2006 - Diskoetxea: Drowned Scream Records/Indar Productions - Taldekideak: Nabarro (ahotsa), Tristan (gitarra), Diego (gitarra), Ruben (baxua) eta Asier (bateria) - Ekoizleak:  - Estudioa: Shot! Studios (Arrasate) - Abesti kopurua: 9

            Euskal death melodikoaren uzta oparoaren beste fruitu bat dugu Darkness By Oath arrasatearrek iaz argitaratutako Confidential World Of Lies, euren estraineko lana. 90. hamarkadaren hasiera aldera death metal suediarraren bigarren adarrean (Gotebörg soinuan, alegia) oinarriturik bederatzi kantuz osaturiko diska eskaintzen digu boskote honek. Eragin moduan taldeak aipatzekotan, beraz, At the Gates edota Dark Tranquillity-ren hastapenak bezalakoak aipa daitezke batik-bat.

            Talde gaztea izanagatik, bertan azaltzen zaizkigun kide batzuk badute mundu honetan bestelako esperientziarik. Egun beste talderen batean murgildurik dagoenik ere bada gainera. Erakusgarririk nagusiena Aritz Nabarro Numen ezagunen kantariak suposatzen du. Asier bateria jotzaileak ere Odd Heathenish bizkaitarrekin aurreneko diskoa kaleratu zuen iragan urtean.

            Hasiberriak ez izate hori nabari da bai musikaren mailan. Lehen diska izateko emaitza txukuna lortu du taldeak. Oro har, lehen aipatu bezala, Gotebörg-eko eskolaren estandarrak betetzen dira musikan. Ahots urratuak gehiengoan (ongi eginikoak izanagatik Numen-en distira handiagoa daukatenak), gitarra zorrotz eta oldartuak baina betiko melodia bereizgarriekin, eta erritmo azkar zein lasaituagoak, pasarte akustikoren bat ahantzi gabe (diskaren tempoa ezartzeaz gain, oso ongi ekarritako pasarteak).

            Gidoi hori ongi betetzen du taldeak, eta hori puntu positibotzat hartu behar bada ere, freskotasun apur bat faltan botatzen denik ezin uka. Erraza da esaten eta ez seguru asko erdiesten, baina taldeari nortasun puntu horren gabezia nabari zaio. Honek ez du esan nahi ordea kantuak kaxkarrak direnik, ezta gutxiagorik ere; “The Seclusion (Rebellion of the Dark Matter)” aurreneko kantua entzun besterik ez dago horretaz jabetzeko. Sarrera akustiko dotorea, blast-beat-ak, erdibideko erritmoak eta, batez ere, melodia sorta bikaina aurki ditzakegu bertan, diskako abestirik eraginkorrenean. “Enveloped in the Deepest Shade of Black” bera ere gogoratzeko erraza da, In Flames­-en hasierako lanen tankera handiagoa duena.

            Orokorrean erdibideko erritmo gehiago topa ditzakegu lan honetan zehar, “Silent End” ilunean bezala. Aurkako aldean “Drowned in Misery” eta “In Time’s Deadline” geratzen dira, diskako kanturik oldarkorrena berau, ahotsetan Juan Sangre (Fjörd, Ekon ohia) -ren kolaborazia aurkezteaz gain.

            Dissection edota Naglfar bezalako taldeengandik gertuago geratzen diren uneak ere aurki ditzakegu, “A Handful of Grief” eta “Absence of Light” horren erakusgai. Azkeneko honek darabiltzan melodiak dakartza batez ere gogora aipatuko taldeak, diskako beste erreferentzia handi batean bilakatzen dena.

            Ekoizpen aldetik, orekatua eta nahiko garbia bada ere, soinu oldarkorrago bat hobeto letorkioke seguraski taldeari. Bateriari batez ere indar falta nabari zaio. Diseinua berriz, handikeriarik gabekoa, baina txukuna.

            Jarraitu beharreko beste talde bat dugu beraz Darkness By Oath, orain arte gure lurretan estilo honen aldeko apustua beste inork egin ez duen bezala burutu duena. Emaitza aldetik hutsune batzuk sumatzen badira ere (proposamen generiko xamarra den heinean batik-bat), itxaropentsu egoteko moduan gara. Grabatzen ari diren bigarren lanak esango digu iragarpenok zuzenak ala okerrak diren.

Hibai Martinez (6,75/10)

« atzera