BLACK METAL

Mortinatum/Daemonlord/Lux Ferre/Maleus
'Acerbus Mortis'

Urtea: 2005 - Diskoetxea: Oniric Recs - Taldeak: Daemonlord, Mortinatum, Lux Ferre eta Maleus - Abesti kopurua: 13

            Argia ikusi zuenetik pare bat urte pasa diren arren, aztertua izatea merezi duen diskoa dugu “Acerbus Mortis” hau. Izan ere, Split edo lan konpartituetan parte hartzen ohituak ditugun bi euskal talde topa ditzakegu bertan, Daemonlord eta Mortinatum alegia. Eurekin batera Lux Ferre eta Malleus portugaldarrak azaltzen dira, guztira ordu beteko black metal saioa osatzeko; black metala ikusteko lau era ezberdin.

            Guztietan eskarmenturik handienekoa dugu azaltzen lehena, Daemonlord hain zuzen. Kepa Aretxabaletakoak berriz ere Egnarren ahotsen laguntza izan zuen hiru kantu osatzeko. Estiloaren alde zakar eta makarra aurkezten du bikoteak beste behin, black metalari thrasharen eragin batzuk erantsi zaizkiolarik. “The Lord of Pain” aurreneko kantuaren erritmo eta gitarra doinuetan suma daiteke hori batik bat.

            Erdibideko erritmo markatuagoekin azaltzen da “After Warfare”, izaera zikin hori gitarren melodia bikainekin nahasten delarik. Ahots urratuek ere sentimendu hori helarazten laguntzen dute zalantzarik gabe. Daemonlord-en sinadura nahastezina daraman kantua beraz, euren lana ixten duen “War” bezalaxe. Artilleria astuneko hotsez horniturik hasten zaigu berau, taldeak gudari eginiko omenaldiarekin jarraitzen duela erakutsiz. Gainerakoan, berriz ere mid-tempoak eta zati azkarrak tartekatzen dira.

            Bikotearen lanik azkarrena izan ez arren, euren nortasuna (entzunaldi bakarrarekin taldea zein den igartzea ez da zaila) eta maila erakusten duten kantuak ditugu beraz, Split honi hasiera emateko modu bikaina.

            Jarraian Lux Ferre lusitaniarrak beste hiru kanturekin datozkigu. Aurreneko gitarra riff-a entzute hutsarekin black suediarraren jarraitzaile fidelak direla igar daiteke. Talde horien artean Setherial aipa liteke batez ere, eta hein txikiago batean Dark Funeral edota Thy Primordial bezalakoak. Suntsipen giro aipagarria darabil bere kantuetan Lux Ferre­­-k, eta horien artean dudarik gabe azpimarragarriena euren aurreneko abestia dugu, “Pela Flamma, Pelo Ódio”, aurrez aipatu taldeekin lehiatzeko moduko tema ezin hobea eta split honetako onena seguru asko. Aurrerantzean gertutik jarraitu beharreko musikariak beraz.

            Ez dute tamalez maila berdina erakusten euren herrikide Maleus-ek. Euren hiru piezetatik aurrenekoa (intro modura erabilitakoa) soilik egiten da entzungarri, gainerako biak erabat aspergarriak gertatzen baitira. Bateriaren programazioa ez da bat ere zuzena, kaxari emandako abiadura gehiegizkoa egiten baita oso denbora luzean zehar. Ahots erdi distortsionatuak ere ez dira izan litezkeen bezain onak, eta akaso gitarra doinuak (zorrotz eta erasokorrak) dira gauza positibo bakarra. Hala ere, kantuen errepikakortasunak entzunaldia oso luze egiten du, are gehiago euren azkeneko kantuak ia 8 minutuko iraupena duela kontuan hartuz.

            Amurrioko Mortinatum taldekoak dira split honi agurra emateko arduradunak. Gainerakoek ez bezala lau abesti dakarzkigute, bateria erreala erabiltzen duen talde bakarra izateaz gain. Azkeneko hau erritmoei dagokionez entzuleak eskertuko duen gauza bat da, jadanik partxeen atzean Lucifugo Rofocale azkarra ez badute ere. Euren aurreneko maketarekiko ekoizpen ulergarriagoa suma daiteke, eta abiaduran oro har erritmo pausatuagoak (motelak direla esaterik ez badago ere) eskaintzen dizkigute, beste azkarrago batzuetan gitarra riff gordin bezain distiratsuak nagusitzen direlarik. Uztartze honekin Nargaroth alemaniarrak aipa genitzake gertuko talde gisa, “Baso Ilunean” eta “Amaiera: Odol Ibaiak”-en batez ere.

            “Erruki Barik” saiakera zikinago eta ez horren iluna dugu, nagusiki tarteko erritmoan joa eta ahotsen erregistroa une oro alderik odoltsu eta oldarkorrenean mantentzen duena. Baina arabarren une gorena “Gizaki Madarikatuak II” abestiarekin datorkigu, Xasthur-en eskolako black metal depresiboaren pieza dotore askoarekin. Gitarraren lanak utzitako irudipen auto-suntsitzailea benetan txalogarria da.

            Aurrerapauso azpimarragarria beraz Mortinatum-ek eginikoa, estiloaren jarraitzaileek kontuan hartu beharreko taldea ezbairik gabe. Lan konpartituak utzitako zaporea ere atsegina da, puntu beltz lodi bat duela onartu behar bada ere. Azkenik, Oniric Records eta War Productions-en eskutik etorritako lan honetan hiru taldek euren lurraldeko hizkuntza erabili izana ere aipatzekoa da, askok mugatzat hartu arren beste askok bere neurrian baloratzen baitugu.

Hibai Martinez (6,25/10)

« atzera