|
Beraien lehenengo diskoa dena aurrera ateratzeko
asmoz, Exum taldekoak frakak bete lan aritu izan dira azken
hilabeteetan. “Ideiak Bultzatuz” zigilu jaio berriaren eskutik,
Zornotzako taldeak gaur egun gero eta zailago dagoen ametsa gauzatzea
lortu du. Amets horri “Laster Berandu da” deritzo; 10 abestiz osatutako
debuta kalean dute jada.
Aldez aurretik, Exumek 3 abestiz osatutako demoa
plazaratu zuen 2003an. Lehen ekoizpen hartan, ezohiko instrumentuen
laguntza medio, nolabaiteko ukitu tribala gordetzen zuen eskaintza
metalikoa aurkitzen genuen. Ordutik hona, ordea, taldearen doinuek
eboluzio nabarmena jasan dute. Arrazoi nagusietako bat Julen-ek (baxua,
didjeridoo-a, alboka) taldea utzi behar izatea izan daiteke; bere
ordez Itsaso sartu zelarik lau kordak astintzera. Dena den, Exum-en
bilakaera ez datza soilik aldaketa horretan, eboluzioaren nondik norakoa
sakonagoa izan baita.
Bada, gaur egun ni ez nintzateke ausartuko Exum
etiketa finko baten azpian kokatzen. Are gutxiago 2007.urtean, non
soilik metalaren eremuan hamaika korronte, adar edo azpi-genero sortzen
diren egun batetik bestera. Metal berria? Thrash-corea? Metalcorea
akaso? Beharrezkoa bezain antzua izaten da askotan izendatze bat topatu
nahi izatea. Exum rock gogorra da, astuna eta metalikoa hein handi
batean. Orobat, ahots oldarkorrak pasarte garbi eta melodikoekin
tartekatzen dituzte euskaraz idatzitako hitzei bide emanez. Hortik
aurrera, norberak ikusiko du zein etiketa ezartzen dituen.
Hortaz, diskoa entzuten hasi bezain pronto goian
aipatutako eboluzioa igarriko da, bai musikan zein, besteak beste,
Hormaren ahotsak jaso duen tratamenduan. Ilun dugu lehen abesti,
eta ez da arraroa kantu hau hautatu izana lana irekitzeko. Kantu
indartsua da, aise sartzen dena, disko bati hasiera emateko
apropos-aproposa. Laster Berandu da dator ondoren. Berau abesti
itsaskorragoa da, Usoa Zearreta (Nuuk At) abeslariaren ekarpenari
esker, berme handiko estribilloa dakarrena.
Diskoa gorpuzten duten gainontzeko kantuen artean,
aipagarriak dira Gauez argi eta bere estribillo eraginkorra,
Mihiokerrak (esan dostezuz, esan dotzutaz!) non Iñaki
Jauregik (Nuuk At) kolaboratzen duen, edota Kezkaren itsasoak.
Azken hori, disko honetako oasi kontsideratu genezakeelarik. Esan gura
baita, kantu lasaiena dela, konponketa dotore ugari eta melodia dosi
handienak biltzen dituen pieza (zuzenekoetarako erronka polita).
Honenbestez, talde gazte eta zigilu jaioberri baten
arteko elkarlanaren fruitu dugu “Laster berandu da” ekoizpena. Gogoa,
ilusioa, eta lana ez zaie falta izan. Bestalde
kontuan hartzekoa da
neska-mutil bizkaitar hauen debuterako Unai Bergarak egin dien diseinu
txukuna.
Lehen
azterketa garrantzitsua emaitza duinarekin gaindituta. |