|
Une Nare Eza,
edo bestela esanda, momentu trankil edo lasaien falta. Hori da UNE
akronimoak ezkutatzen duen mezua; momentu lasaien aldarrikapena burutzen
dute UNE taldekoek. Izan ere, gaur egungo gizartean presaka bizi gara
uneoro eta norberarentzako tarteak oso urriak izaten dira. Ideia hori
iradoki nahi du baita ere diskoaren azalean ageri den untxitxo zuriak.
Gure gaurkotasunari falta zaion baretasun edo lasaitasuna, alegia.
Baina goazen
harira. UNE 2004.urtean sortu zen. Sasoi hartan Apnea, Bulldozer,
Zurkaitz edo Soda bezalako talde bizkaitarretan aritutakoak ziren 3
musikari proiektu berri batean murgilduta zebiltzan: Rober Garzia
(gitarra), Karmelo Aretxaga “Melows” (baxua) eta Xabi Oraa de Zumarrraga
(bateria) ziren haiek, hain zuzen. Taldearen azken pieza uda hartan
iritsi zen Aitor Uriarte ońatiarrak, Latzen eta Sen ohia (eta Xabi
bateria jotzailearen aspaldiko laguna) abeslariaren postua hartu
zuenean. Hortaz, musikari beteranoez egituratuta dator UNE.
Taldeak
jorratzen duen musikari dagokionez, UNE ezin da generikoki metal berria
bezala ezagutu izan denaren zakuan sartu, ez da ere pop talde soila ezta
ohiko “euskal rock” taldea. Baina guztietatik dauka pixka bat, nolabait.
Taldekideak eurak “rock indartsua” edo “pop-metal” bezala definitu izan
dute UNEren musika. Afinazio grabeak eta kutsu modernoa aurkezten duten
riffak, pop gisako melodia leunak, oinarri erritmiko sendoa eta
Uriarteren ahotsak osatzen dute UNEren errezeta.
Gauzak
horrela, esan gabe doa azkenaldian gutxi gora behera deskribapen
horrekin bat egiten duten talde ugari sortu direla gure inguruan.
Hortaz, zer da zehazki disko hau erostera bultzatu nauena? ba onartu
beharra daukat arrazoi nagusia mikrofono atzealdean dagoen abeslaria
dela. Hori horrela da (eta seguru ez naizela bakarra izan). Aitor
Uriartek azken urteetan burutu duen ibilbideari erreparatu ezkero
(Latzen garaiko metal klasikoa eta SEN aroko pop-a), beldurrik gabe esan
daiteke musikari gipuzkoarra euskal rockak azken urteetan eman duen
abeslari onenetakoa dela. Horrenbestez, beste edozein talde hasiberrik
sor dezakeen mesfidantzaren aurrean, UNEren abeslariak proiektuari aldez
aurretiko berme bat eskaintzen dio (abeslaria erreferentzia gisa
aipatzea ekidinezina bihurtzen den arren, beti ere UNE “talde” bat dela
gogoratuz).
Hala,
egitasmo honen berri duela hilabete askotxo eduki genuen Mila Begiren
Azpian zeritzon lehen singlearen eskutik. Niri behintzat, hasiera
baten arraro xamarra egiten zitzaidan kantua izan zen. Zinez, hamaika
entzunaldi behar izan nituen abesti hori behar bezala digeritu arte.
Denborarekin ostera, oso konposizio gustagarria bezala errebelatu da,
Bihotzkadak bigarren singlearekin gertatu zaidan bezala. Badira ere
errazago sartzen diren kantuak. Hustu Nigan abesti dotorea da,
irrati-formuletan bere tokitxoa aise bereganatzen duena. Itxurak
Sorginduta abesti intentsua da, amorru dosi neurtuez osatua. Musa
saiakera intimistagoa da, eta Zikloak ostera, lan osotik
beharbada gehien gustatu zaidana.
Orokorrean,
disko honetako doinu gehienak kutsu malenkoniatsuaz datoz; Su(rik)
Gabe aldiz, kantu alaiagoa da. Ez preseski letra aldetik, baizik eta
musikari darion baikortasunagatik. Kantuen hitzez ari garela, Hemen
abestiak esangura handiko letra dakar. Bertan “infernu preziatuena edo
paradisu gogorrena” bihur litekeen musikaren munduaz dihardu taldeak.
Hartara, kantu honek zuzenean oso funtzionatu dezake, Giza Natura
kantuak bezala. Balizko Errotak eta Sekretua konposizioek
zarratzen dute lana. Biak ala biak, kantu dotoreak; non Aitorren
interpretazioak ororen gainetik nabarmentzeko abagunea izango duen behin
baino gehiagotan.
Estreinako
disko hau dela bide, UNEk arestian aipatzen genuen xedea behintzat lortu
egiten duela esan daiteke. Hau da, pop-rocka eta (azken belaunaldiko)
metalaren artean dagoen kantu bilduma hau nolabaiteko ihesbide bihur
daiteke. Deskonektatzeko lagungarri diren abesti dotoreak, sentikorrak,
intentsuak… dira oro har (“emozionalak” esango luke norbaitek). Berehala
asetu beharrean, entzunaldiak aurrera doazen heinean, gero eta zuku
gehiago atera ahal zaizkien piezak. Ea orain lan honek etorkizunean
jarraipena duen. Bitartean, behinik behin, debut itxaropentsua
dakarkigute mahai gainera. |