BRUTAL DEATH

Cerebral Effusion
'Smashed And Splattered Organs'

Urtea: 2005 - Diskoetxea: Goregiastic Records - Taldekideak: Cosme (ahotsa eta baxua), Jabo (gitarra), Peñas (gitarra eta koroak) eta Abur (bateria) - Ekoizlea: Natxo Liberty - Estudioa: Lamiña Producciones (Mungia) - Abesti kopurua: 9 - Ezaugarri bereziak: “Flesh Art” kantuaren bideo-klipa

            Irudi bakarra mila hitz baino esanguratsuagoa izan ohi denez, baliteke Cerebral Effusion ermuarren Smashed and Splattered Organs honen azalari erreparatuta diskaren kritikak ezer gutxirako balio izatea. Hala ere, eta irudiak erakusten duena gutxi gora behera musika bilakatzen dela baieztatu nahi duenik izango denaren itxaropenez, ohi bezala lanaren nondik norakoa azaltzen ahaleginduko gara jarraian.

            Bizkaitarren proposamen musikalari izena jartzerako orduan, brutal death da baliozkoa suertatzen den adierazpen bakarra. Doinu oso muturrekoak beraz: ahots guturalak; gitarra eta bateria azeleratuak. Gure mugen artean estilo honetan mugitzen diren talde askorik ez badugu ere, Cerebral Effusion dugu horien artean nabarmenena.

            Kantuek oro har ildo musikal bera jarraitzen dute, eta hori ez da agian taldearen alde esan beharreko gauza bat. Diska arretaz entzunez gero, kantuen egiturak bi zati nagusiz osatzen direla nabari daiteke: pasarte azkar askoak, bateriaren blast-beat eta gitarren riff azeleratuekin; eta abiada baxuagoan jotako erritmo astunagoak, non gehientsuenetan bonbo bikoitzak markatzen duen taldearen norabidea, baxua ere gehiago nabarmentzen delarik eta ahotsen aldetik “urde erregistroa” dei lekiokeena nagusitzen delarik. Horrela esanda, Ipar Ameriketako eskolako erreferenterik garrantzitsuenetakoa den Deeds of Flesh izango da seguru asko euren eraginik handienetako bat, Pyrexia eta antzerakoekin batera.

            Hori bai, ez du esan nahi nolabaiteko errepikakortasunak kantuak maila eskasekoak izatea suposatzen duenik, ezta gutxiagorik ere. Talde honek ezer badu maila musikal aipagarria da, alor guztietan gainera. Ahots aldetik estiloak eskatzen duen estandarra betetzen da arazorik gabe, zuzenekoan ikusgarriagoa suertatzen bada ere. Gitarrek eta baxuak (txalotzekoa azkeneko honi zor zaion presentzia eman izana soinu aldetik) oldarkortasuna une astunagoekin primeran uztartzen dituzte, nahiz eta riff gogoangarriren bat edo beste faltan botatzen den. Azkenik, partxeen atzean egindako lan azkarrak eta erritmo aldaketaz beterikoak talde apal baten aurrean ez gaudela argi uzten du.

            Diskaren hasiera Horror and Torture Beyond the Agony-k dakarkigu. Aurrez aipatutako egitura azaltzen du kantuak. Hori bai, bizkaitarren maila altua hasiera hasieratik zalantzaz kanpo geratzen da. Aurrerago azaltzen zaizkigu gitarra aldetik kanturik azpimarragarrienak, Hidden Insanity edota Addiction abestietan. Azkeneko honek erritmo arras astunak entzuteko parada eskaintzen digu, burua era odoltsuan mugiarazten duten horietakoak.

            Alabaina, baliteke diskak bere puntu gorena diskari izena ematen dion kantu instrumentalean izatea. Guztietan teknikoena dugu honakoa, bertan aurkituko ditugun zati ezberdinek (erritmo aldaketa anizdunak) abestian bete-betean sartu araziko gaituztelarik.

            Lan osoko piezarik azkarrena Hatred dugu, gitarren riff erasokorrek bateriaren blast-beat eta erredobleekin bikain bat egiten duten kantuan. Flesh Art-ek esaten dio agur diskari, taldearen bideokliperako aukeratua izan den tema izateaz gain. Oraingo honetan erdibideko abiadan jotako erritmoak benetan azpimarragarriak dira. Kantua outro misteriotsu eta egoki batekin bukatzen da.

            Diska osoan zehar jorratutako gaiak erabat gore-ak dira, kantuen izenburuetan sumatu ahal izan daitekeen moduan eta aurrez esan bezala azalak zalantza izpirik uzten ez duelarik. Soinuari dagokionez, estilo honi dagokionaren tartean finkatzen dela esan daiteke, erabat garbia izan ez arren, bai erabat ulergarria, taldearen osagai bakoitzari behar bezalako tratamendua emanaz.

            Brutal death-aren jarraitzaile direnentzako osagai guztiak barneratzen dituen diska dugu beraz Smashed and Splattered Organs. Ordu erdi eskasean estiloko eremurik basatienak arakatzen ez baditu ere, muturreneko doinuak garatzen dituzten taldeen artean aintzat hartu beharrekoa dugu inondik ere Cerebral Effusion. Hurrengo lanerako euren erronka nagusia beren eskaintza musikalari nortasun handiagoa ematea izango da seguru asko, jorratzen duten estiloa zein den kontuan hartuta erraz izango ez badute ere. Hala ere, horrelako taldeen aldeko apustu sendoa egin duen Goregiastic Records disketxe estatubatuarrak babesa eskaini izanak azaltzen duen moduan, itxaropen hori izateko moduan gara.

Hibai Martinez (7,5/10)

« atzera