|
2003. urtean taldearen izen
bera zeraman maketa argitaratu ostean, honakoa arrasatearren aurreneko
lan luzea dugu. Honekin batera, Ortots Burdin Hotsak zigilu
independenteak taldeen argitarapenei dagokionez bere ibilera martxan
jarri du.
Taldeak
funtsean orduko hartan erakutsitako ildo bera jarraitu du, hau da, death
melodikoa, black ukituren batekin. Dena den, alderdi ezberdinetan
aldaketa batzuk izan dira, Denial-entzat ere denbora alferrik
pasa ez denaren seinale. Lehenik eta behin, alor bokalean Numen-en
baxu jotzaile den Otuto-k taldea utzi eta Roma da orain ahotsen ardura
hartu duena. Horrela, lehengo ahots guturalak urratuago batzuengatik
izan dira ordezkatuak. Hizkuntza aldetik ere aldaketa datorkigu,
oraingoan euskara baita gipuzkoarrek erabilitakoa. Bestetik, taldeak
orain biolin pasarte batzuk gehitu ditu, zuzenekoetan seikotea zazpikote
bihurtuko delarik antza denez.
Aipatu aldaketei taldearen
berezko garapena erantsi behar zaio. Abestiak oro har azkarragoak ageri
zaizkigu orain, ahotsen aldaketak puntu oldarkorragoa gehitzen duelarik.
Eskola suediarrarengandik gertuago geratu direla esango nuke,
Goteborg-eko soinuarengandik gertu hain zuzen, nahiz eta beste behin ere
talde gazte honen eskaintza nortasun handi xamarrekoa izan. Hori da
seguru asko entzuleak gehien eskertuko duena disko hau aditzean.
Teklatuek emandako giro sinfonikoa eta biolinarekin egindako ekarpenak
taldearen ausardia erakusten dute.
Horrela, diskoaren mamian
barneratuz, Bakarrizketan kantuak lan osoan zehar taldeak
azalduko duen aurpegia nolabait laburbiltzen du. Bateriaren
blast-beat-ek gidatutako zatiak, black kutsuko riff-en bat edo
beste, aurrerago ere gertatuko den moduan azkenaldian zeresana ematen
ari den Dissection-en lege zaharra (The Somberlain diskoa
batik bat) burura ekar dezakeena, eta taldeak bete-betean asmatu duen
bonbo bikoitzaz hornitutako mid tempo-an jotako pasarteak.
Hurrengo kantua, Mendekua,
disko osoko onenetakoa dugu. Eraginkorra oso; behin eta berriz
errepikatzen den lelorik eduki gabe buruan sartu eta nekez ateratzen den
abesti horietakoa. Izan ere, alde guztietatik iluntasuna dario kantu
honi, puntu gorena teklatuen pianoranzko tratamendua eta berriz ere
azalduko ez diren ahots garbiek ematen dioten handitasun puntua izanik.
Biolinaren aurreneko agerraldia ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Zazpi partaideen lanak giro odoltsua uzten du inondik ere.
Diskoari izenburua ematen
dion kantuak eta Heriotzaren Deia-k taldearen aurpegirik
sinfonikoena azaltzen dute; hein batean, eta aipatu ezaugarriagatik,
The Heretic espainiarrekin antzekotasuna aurkezten duelarik. Beti
ere bide oldartuari behin ere uko egin gabe.
Egunsenti Gorria
lan osoko saiakerarik azkarrena izango da ziur asko,
erritmo ezberdinak taxuz tartekatzeari utzi gabe. Jarraian datorkigun
Zoramena-rengandik ez oso urruti, nahiz eta azkeneko honetan teklatu
eta biolinaren esku hartze leunak une batzuez beste bide bat ere
zabaltzen duen. Kantu hau aukeratu taldeak hain justu bere bideoklipa
osatzeko.
Diskoaren azken herenera
iritsita, Itzuli Naiz-ek besteengandik bereizteko moduko
infernuzko giroa dakarkigu, berriz ere Luis-ek teklatuarekin egindako
lan oparoak pasarte gogoangarriak uzten dituelarik. Kantu guztien artean
markatu beharrekoa zalantzarik gabe. Honen ostean Kontzientzia-k
taldearen oinarriak beste behin ageri zaizkigun kantua azaltzen du,
bestelako bereizgarririk gabe.
Eta amaitzeko, Euskadi
Gaztea maketa sariko entzuleek bere neurrian baloratzen jakin ez zuten
pieza instrumental dotore askoa eskaintzen dute arrasatearrek. Gustu
guztientzako koloreak daudela dioen esaldia sinestea baizik ez da
geratzen halakoetan, Lore Zimelduaren Bidea-k erakusten duena ez
baita egunero azaltzen euskal eszenan. Diskoko kanturik motelena dugu,
izaera oso goibelekoa, doinu elektriko zein akustikoekin eta biolinaren
agerraldi bikainarekin. Lan osoa ixteko modu egokiagorik ez da. Are
gehiago, Aeternus norvegiar maisuen une akustikoak dakarzkit niri
gogora; hitz potoloak, baina ez gehiegizkoak kasu honetan.
Iturri ezberdinen uretatik
edan izanak horrelako emaitza interesgarriak dakartza. Your Shapeless
Beauty okzitaniarrek erabilitako osagaiak hartuta death metal
eskaintza freskoa egitea erdietsi dutela esango nuke. Hau da, amorrua
(egoki abestutako erregistro urratuak zuzendurik), agerpen sinfoniko
bikainak eta noizbehinkako biolin ekarpenak, guzti hori maila altuan
exekutatua, eta arrasatearrek gehitzen dioten abiadura dosi egokiarekin.
Hori bai, lanak oro har oker txiki bat baduela iruditzen zait: kantak ez
dira gogoratzen errazak (salbuespenak salbuespen), eta
errepikakortasunean erori gabe hori lortzeko bideak badira (disko
honetan bertan uneren baten ikus daitekeen moduan).
Amaitzeko beste bizpahiru
alde positibo aipatu behar dira. Batetik, ekoizpen txukuna, Denial-en
musika bere osotasunean azaltzea ahalbidetzen duena (alor honetan zakur
zaharra den Mikel Kazalis-ekin lan egin izanak izango du bai
zerikusirik), eta Xabat Lertxundi (Kondaira)-ren eskutik eginiko
diseinu original eta dotorea. Azkenik, letrek darabilten gai odolzaleak
ere beren musikarekin bete-betean bat egiten duela azpimarratu behar da.
Harro egoteko moduko emaitza
beraz gipuzkoarrek lorturikoa, eta Ortots Burdin Hotsak zigiluak taldeen
argitarapenei dagokionez izan zezakeen hasierarik onena, Altzairu
Goria bilduma kaleratu ostean. |