|
Trantsizio
garaiak bizi ditugu. Ez dago zalantzarik. Bai behintzat kutsu epikodun
heavy/power metalari dagokienez. Izan ere, metal musikaren munduan orain
10 bat urte eztanda egin zuen korronte hark, saturazio galanta medio,
urte batzuk daramatza jada krisi gordin batean murgilduta. Hala,
zirimola hartatik bizirik dirauten ordezkari asko eta asko soinu
birziklapen argi baten aldeko apustua egiten ari dira. Alegia, heavy/power
metal trinkoenaren gainbeherak, kasu askotan, formula hard-rockeroagoei
bidea garbi utzi die; bonbo bikoitza eta letra epiko/fantastikoak
armairuan gordeta gelditu dira, orain gai sozialak eta hammond
organoa nagusitzen ari direlarik. Joera orokorra da gainera. Izan ere,
bai nazioarte mailan (Stratovarius, Edguy…) eta baita
Estatu mailari dagokionez (Asgarth, Tierra Santa,…), bere
sasoi eta merkatu zehatzean erreferente garrantzitsu izan ziren taldeak
berritze prozesu sakon batean murgilduta dabiltza. Hartara, badirudi
“eraberritu ala hil” leloak inoiz baino indar gehiago hartu duela.
Hira
taldeari, horrenbestez, beste hainbeste gertatu zaiola esan daiteke.
Bere momentuan, Asgarth eta Idi Bihotz-ekin batera, Hirak metal
talde belaunaldi berri eta entzutetsua osatu zuen. Alabaina, garaiak
aldatuz doaz, eta bere egunean formula arrakastatsua zena, gaur egun
erdi zokoraturik gelditu da. Bat-batean egundoko arrakasta lortzen duten
taldeei gertatu ohi zaie: atzo modako taldearen jarraitzaile sutsu ziren
asko, gaur idolo zaharrak ahaztu eta orain olatuaren (edo uhinen)
gainean dauden heroi berrien atzetik doaz.
Gauzak
horrela, talde gipuzkoarrak hirugarren diskoa kaleratu zuen iragan
apirilean. “(Sic)” izenburupean, ekoizpen berri honek 12 kantu berri
biltzen ditu. Modu berean, 2003ko “Oztopoak Gaindituz” azken diskotik
hona, taldearen line-up-ak aldaketa garrantzitsuak jasan ditu.
Hala, hemendik aurrera Alex Lobato arduratuko da bateria astintzeaz; Jon
Iturrino (Ehun Kilo, Lau Mono) gitarra jotzaile bakarlari
berria da eta Mikel Zubeldia teklatuaren ostean paratuko da
(azken honen ekarpena pisutsua delarik oso).
Pertsonalki,
diskoaren azalari, bere sinpletasunean, erakargarria irizten diot. Irudi
nahiko esanguratsua dela esan daiteke gainera. Izan ere, hamabi abesti
berri hauek Hira taldearen zigilu propioa dakarte bai, baina halaber,
gipuzkoarren musikak, aurreko diskoan barruntatu zitekeen bezala,
trantsizio sasoiak bizi ditu. “Sic” diskoaren aurrerapen singlea aipatu
eboluzioaren adibide garbiena bihurtzen da. Taupada Lausoaz kantu
azukretsuak erritmo pausatuagoak dakartza, ahotsen atala zainduagoa eta
hauskorragoa da eta teklatuak eraikitako koltxoi amultsuek inoiz baino
protagonismo gehiago dute. Hori horrela, Mikel Zubeldiaren ekarpena
Miña du itzaltzat eta Agur bezalako konposizioetan sumatu
ahalko dugu hobeto. Orotara, taldearen hard-rock nortasuna gero eta
gehiago azaleratzen doalarik. Alabaina, esanak esan, lan berri honen
berritasun nabarmenena Sorgindua edo Sexu bila bezalako
kantuek gordeko dute. Izan ere, abesti hauetan melodia eta armonia aski
deigarriak aurkituko ditugu; iragan hamarkadetako eraginak azaleratuko
dituzten une bereziak.
Bestalde,
Hirak betidanik erakutsi izan duen abileziak oraingo honetan ere
indarrean dirau. Esan nahi baita, melodia itsaskor eta estribillo
ponposoak sortzeko gaitasunak Zure gogoa eta Hamabi Urte
bezalako kantuetan adibidez, bere horretan jarraituko duela. Aparteko
aipamena sor zaio Mendekua kantuari. Ez gaude pieza
original baten aurrean, baizik eta Euskal Herriko talde heavy
klasiko batek 1993.urtean grabatu zuen abestiaren aurrean; historiak,
agian, behar besteko protagonismoa eman izan ez dion taldea: Ehun
kilo. Hortaz, Hirak moldaketa honekin sorpresa atsegina gauzatu du.
Mendekua kantuaren bertsio biziagoa eta nolabait power metaleroagoa
(Mikel Zubeldiaren atzamarrek zeresan handia dute) aurkituko dugu.
Moldaketa txukuna, eta Ibai abeslariaren interpretazio azpimarragarria.
Horrenbestez,
orokorrean kantu bilduma gozoagoa, alaiagoa aurkituko dugu. Disko berri
honek “(Sic)” izena baldin badu ere, ezin daiteke esan hau
“errepikapen” bat denik; azken lanetik hona eboluzioa nabarmena izan da.
Bilakaera horretan, baina, neurri batean iraganeko “txispa” edo indarra
galdu dutela esango nuke. Eboluzioaren ordainak, nonbait. Bestalde,
halere, Hira-ren musikak oraingoan ñabardura edo detaile berriak
dakartzala aipatu beharko litzateke. Taldeak iturri klasikoagoetatik
edan baitu, eta hori nabaritu egiten da; teklatuak uneoro blaitutako
doinuek eta hard-rock kutsu gero eta handiagoa aurkezten duten melodia
eta riff ezberdinek Hiraren aurpegi berria eraikitzen ari direlarik.
|