|
Estralurtar talde bat (Crawliarren leinua hain zuzen) lurrera heldu, eta
bikingo eta egiptiar talde bat bahitu ondoren, beste planeta batera
eramaten dituzte esklabo gisa lan egitera. Errepresio eta esklabutza
urte askoren ondoren, gizaki taldeak Crawliar arrazaren kontra
matxinatzea erabakitzen du….
Horra hor
“Soulitude” izeneko proiektuaren abiapuntua. Baina zer da arraio da
Soulitude? Soulitude ekimenaren atzean
Iñaki
Garamendi, “Jevo”, Valhalla taldeko gitarra jotzaile eta konpositore
nagusia dago. Musikari bizkaitarrak estudioan bakarka grabaturiko
lehenbiziko lan luzea da hau, alegia, 13 abestiz osatutako disko
kontzeptuala. Aurretik, “Jevo” izenburupean, Iñakik ia erabat
instrumentalak ziren bi demo grabatu zituen etxean bertan: “Keeper of
the Seven Beers” (2001) eta “Sign of the Homer” (2003). Iaz ostera,
pausu bat harago joan, eta ahots ezberdinak batuko zituen bakarkako lan
berri bat sortzea erabaki zuen. Bere nahia, horrenbestez, Valhallan
jorratutako musikatik harago joan eta zerbait azkarragoa eta heavyagoa
lantzea zen; tarteka thrash edota death metal doinuetatik hurbil egon
litekeen musika sortzea. Beti ere, bere aburuz, musikan ezinbestekoa den
elementuari eutsiz: melodia. "Jevo"-k musikari ezberdinen laguntza izan
du ekimen hau aurrera ateratzeko. Tartean dira, besteak beste, Gaizka (Razze),
Jagoba (Psychodelical Deja Vu), Richard (Dark Fantasy ohia) eta Valhalla
familia osatzen duten Patxa, Ivan, Mikel eta Chefy.
Kolaborazio interesgarri ugari beraz, kolore askotako kantuak biltzen
dituen disko kontzeptuala osatzeko. Crawlian Supremacyk, horrela,
Enslaved bezalako besti potoloak bilduko ditu, non Patxaren ohiko
estilo heavya ahots oldarkor ezberdinekin nahastuko da. Menace of the
Universe kantuak gizonezko koru epikoak darabiltza eta
Viking Pride abestian aldiz, teklatuak eta
emakumezkoen ahots distiratsuak gailenduko dira. Dunes of Mub Arass
konposizioak eragin arabiarrak azaleratuko ditu, Time for
Deliverance elementu elektroniko ezberdinez egituratua dagoen
bitartean. Solar Ghosts goitik beherako abesti instrumental
azkarra da eta The Oracle muturreko metalaren esparruan
barneratzen diren ahots eta erritmoak dakartza. Koru epikoak eta
sintetizadoreak medio, Dawn of War kantuak klasizismoa eta
modernitatea uztartuko ditu; Trip to Helgnord-ek ostera,
Judas /Maiden eskolako elementu bereizgarriak barnebiltzen dituen 7
minutuko kantua da. Bestalde, March of the Crawlians
abestia bizia da oso; esku artean darabilgun disko kontzeptual batek
ezinbestean behar duen magia transmititzea lortzen duen pieza.
Amaiera gisa, klasiko handi baten berrikusketa dakarte Jevo eta
konpainiak; Accept mitikoen Fast As A Shark kantua. Ezusteko
handirik gabe, baina, moldaketa estimagarria lanari bukaera emateko.
Hortaz,
batez ere lehendik ere Jevok Valhalla taldean burututako lana jarraitu
izan duen orok ez luke inongo zalantzarik eduki behar disko hau
eskuratzerako orduan (goitik behera Soulituderen web orritik jaitsi
daiteke). Gainontzeko entzuleen artean, esperimentaziora zabalik dauden
metal doinu melodikoak atsegin dituztenek disko hau gogoan hartu beharko
lukete. Izan ere, ohiko melodia epiko, koru eta riff zorrotzak (made in
Jevo), sintetizadore, ahots oldarkor eta beste sorpresatxoren batekin
edo beste nahastuta aurkituko ditugu. Baina ez dadila inor ikaratu; hau
ez baita zerbait sasi-modernoa sortu nahi horretan, anabasa metaliko
garaikide horietako bat. “Crawlian Supremacy” lan orekatua da, sustrai
klasikoak beti presente, xehetasun interesgarriz josita datorren
ekoizpena. Bejondeiela. |