|
Laugarren lan luzea dugu Eraso! gipuzkoarren honako hau, euren
ibilbide oparoa osatzen duten bi maketak ahaztu gabe. Laukoteak
Estigia taldean ibilitako Ander aurkezten du berritasun gisa,
aurreko baxujolea zen Amaiurren hutsunea betez. Alor musikalari
dagokionez, euren aurreko Grisez Bustitako Egunak diskan parez
pare ateak ireki zizkioten melodia eta malenkoniari oraingoan bidea itxi
ez badiote ere, doinuak dexentez astunagoak suma daitezke, hein batean
taldeak bere erroetara jo duelarik. Bere ideiak gauzatzeko berriz ere
Zarauzko Fidelenea estudioetaz baliatu dira, arras ezaguna zaien Mikel
Kazalisen gidaritzapean.
Halaxe hasten da lana, “Aurrera” kantuarekin. Bertan bikain
zorrozturiko gitarrek finkatzen dituzte tarteko abiaduran mugitzen diren
erritmoak, astunak gehientsuenetan, leunagoak besteren baten. Nahasketa
hau ahotsen kontrajartzearekin bat dator. Lanaren maila apaltzen ez duen
sarrera kantua.
Betidanik laukoteak erabili izan duen formula dugu oldarkortasuna zati
emeagoekin tartekatzearena, dagoeneko horretan maisu ditugularik.
“Egunak”-en ere halako zeozer gertatzen da. Hala ere, hamaika
kantuotan zehar inoiz baino orekatuago eta era berean aproposagoak
sumatzen dira aldaketa hauek. Aipatu kantua horren lekuko, diskako
geldoenetarikoa izanagatik burua eragiteko aukerarik azaltzen baitu.
Adierazpen askatasunaren aldarrikapen gisa dakarkigute gipuzkoarrek lan
osoari izena ematen dion kantua, aurreneko single modura ezagutzera eman
zena. Gitarra kolpe pisutsuenek zabaltzen diote bidea ahots urratu
bikain batzuei. Kantuaren egituraketaren eraginkortasunagatik
entzulearentzat gogoangarrienetariko bat bihurtzen da. Baina ez
horregatik bakarrik, maila handiko abesti baten aurrean baikaude.
Berriz ere abiaduraren gutxitze batekin aurkezten zaigu
“Errebelazioa”, non soinu bortitzak diska osoko gitarra leunenekin
tartekatzen diren. Hala ere, entzuleari doinu lasaietan erabat
murgiltzeko aukerarik ez emateko-edo, hasteko orain 30 urteko Martxoaren
3an Gasteizen gertaturiko erailketa erretratatzen duen
“Laztanak/Oihuak” eskaintzen digute zarauztarrek, bai ederki
irudikatu ere. Riff ebakien eta oinarri thrasherren arteko uztartze
azpimarragarri hau amaitu eta berehala “Hitzik Esan Gabe”
azaltzen zaigu, diskako kanturik azkarrena izan ez arren sentimendurik
oldartuena transimititzen duena, eta, lerro hauen arduradunaren uste
apalean behintzat, Kontra honetako puntu gorena.
Kanturik azkarrenaren aipu honekin daukagu entzungai “Sosegu Eza”,
Eraso!-k bere hastapenetan bere estiloa zuenarenganako
nolabaiteko hurbilketa duguna, ez bere osotasunean baina bai momentu
batzuetan, thrash-core indartsu hura alegia. Entzutearen poderioz
oroimenak bere zirrikitua uzten dion horietakoa.
Abiadurari uko egin gabe (tarteka bada ere) baina beste norabide batean
mugitzen da “Odola ta Malkoak”, metal berrirantzko joera
erakusten duten riff ebakiekin. Burua astintzeko kantu aproposa inondik
ere. Gitarra melodikoagoak dakarzkigu jarraian “Haur Denborak”-ek.
Bonbo bikoitzak indartutako azkeneko zatia salbu, sentipen aipagarririk
transmititzen ez duen kantua dugu berau, diskako xumeena agian.
Diskako azken txanpari “Ilargia Egunez” filosofikoak ematen dio
sarrera. Gitarren melodia goibel-antzekoek Sergioren ahots ezin
aproposagoekin egiten dute bat, lan osoko kanturik borobilanetakoa
osatzeko. Maila jaitsi gabe esaten digu agur dena den laukoteak, euren
betiko formulari iluntasun dosi handi bat gehitzen dion sei minutuko
“Belaunaldi Zauritua” abestiarekin. Oinarri erritmikoak eskaintzen
duen astuntasunak bete-betean murgilarazten du entzulea kiribil ezkor
honetan. Lanari amaiera emateko biderik zuzenena zalantza izpirik gabe,
taldeak orain arte egin duen tankeran, gainera.
Zarauztarrek ezer berririk dakarkigutenik esaterik ez dago. Baina orain
arte taldeak egiten zuena gustoko zuenak ez du inolako atsekabez jasoko
diska berri hau, horretan ez izan zalantzarik, aurrez ere euren musika
osatzen zuten ardatz nagusi bien arteko uztartzea, esan bezala, inoiz
baino orekatuagoa baita. Beren zaleak ez dira Kontra entzuteaz
aspertuko. Eta nola ez, beti bezain aurkezpen itxurosoarekin,
liburuxkaren beltz eta urre koloreen nahasketak frogatzen duen bezala.
Gipuzkoarren erasoaldiak bere horretan darrai. |