|
HEAVY METAL |
||||||
|
||||||
|
Gure asmoa aldiz, alor musikal hutsa baloratzea da,
aldi berean epaile eta borrero izateko badaude beste askotxo eta. Azken
baten, heavy metal euskaldunaren aitzindarietaz ari baikara, eta beraien
disko berri baten kaleratzea beti izango da notizia ona. Oraingo honetan
“Jo ta Ke ekoizpenak“ zigilu sortu berria arduratu da laukotearen lana
argitaratzeaz. Honela, diskoetxe berri hau batik bat Su Ta Garren
etorkizuneko ekoizpenei bidea emateko eratu du taldeak. Grabazioa
ostera, Berrizko (Bizkaia)
Lorentzo Records estudioan burutu dute Aitor Arińorekin 2006ko
urtarrila eta martxoa bitartean.
Su Ta Garren zortzigarren argitalpena Uniformeen
Pasarelak kantuak irekitzen du.
Aldez aurretik ezagutu genuen
singlea da berau. Kantu labur, itsaskor eta eraginkorra, eibartarren
soinuak azken sasoian hartu duen norabidearen zigilua daraman
konposizioa. Ametsa Ote? bide
antzekotik doa, oraingoan gitarra riff nagusi erakargarri baten
sostenguaz etorkizuneko hurbil bateko balizko etorkizuna izango dute
mintzagai. Itxaropen Hitza
abestiak kutsu modernoagoa aurkezten du. Gainera, diskoak pieza honen
gaineko bideo-klipa dakar; Juanma Bajo Ulloa zinemagile gasteiztarra
arduratu da lana zuzentzeaz. Egia esan, Itxaropen hitza ez da lehen
entzunalditik harrapatzen zaituen kantua, eta nire ustez behintzat
bideo-klip bat gauzatzeko abesti aproposagoak leudeke. Dena delarik ere,
kantuak berak gordetzen duen kontzeptua irudi bidez nola islatu izan
duten ikustea interesgarri bihurtzen da. Abestiak eta klipak luze hitz
egiteko eman dezakete, edonola ere, onena norberak ikus-entzun eta
erabakitzea.
Diskoa abesti itsaskor eta entzun errazek irekitzen
baldin bazuten, ondoren datorren
Etsairik Ausartena kantuak kontrakoa
egitura aurkezten du. Iraupen murritzeko konposizio hau (2 min. eskas!),
riff trinkoagoek osatzen dute, zarratuagoa da, erasokorragoa, eta ia
oharkabean igarotzen da Hesian
abestiari paso emanez. Hauxe dugu, azeleragailua asko zapaldu barik
baina, lan osoko saialdi heavyenetakoa (riff nagusiak Edguy
taldearen “Mysterya” kantua
dakarkit burura ezinbestean). Aipamen
berezia Iker Rokandio-k sortu dituen hitzei; etorkinek bizi duten egoera
gordinaz diharduen aparteko letra.
Norabide
Bakarreko Maitasuna, aurreikusi
zitekeen bezala, balada kutsuko kantua da. Borxa Arrillagak sortu ditu
hitzak eta Aitorrek ezohiko erregistro lodian abestuko du. Kantu
atsegina da hau, gero eta gehiago entzun, gero eta hobeto sartzen dena.
Beste behin ere Borxak sortutako letra medio, izaki ezberdinen arteko
harremanetaz hitz egiten jarraituko dute Estralurtarra
kantuan. Oraingo honetan, baina, abesti ironiatsua, xelebrea,
erotikoa, hitz batean, ezohiko konposizioa
aurkituko dugu. Koruak eta
guzti, lan osoko nota bitxiena dakargu abesti honek “Batzuetan
ematen/besteetan jasotzen/beti prest…”. Aurrera joz,
diskoari izenburua ematen dion kantuaren txanda heltzen da: Jainko Hilen Uhartean. Edo bestela esanda, Su Ta Gar faktoriak XXI.
mendean eskaini diezaguken harribitxi horietakoa bat. Lan osoko kantu borobilena da hau ia zalantzarik gabe. Gitarra riff
nabarmenak, indarra eta melodia bikainak, soilik goi mailako taldeen
eskura dagoen kantu bat osatzeko.
Honaino esandakoaren ostean, ekoizpenaren azken
txanpan barneratzen gara. Lagun
Bat Gehiago eta Gure
Izaeraren Bila kantuek azken
urteetako Su Ta Garren arrastoa agerian utziko dute. Alegia, iragan
hurbileko diskoen itzalari jarraituz, hard-rocka eta metalaren arteko
muga lausoa, are lausoagoa bilakatzen duten konposizio horietakoak.
Agur modura, Bere Hitzen
Faltan pieza dugu. Lehen
minutu akustiko eta lasaiak, gerora elektrifikatu eta indarra eta
intentsitatea irabazten joango dira. Diskoari amaiera emateko era
dotorea da, alabaina, gisa honetako kantuez ari garela, Su Ta Garrek
iraganean gauzatu izan dituen abestien distira mailara nekez ailegatzen
dena.
Badira urte batzuk, musikaren munduan nortasun propio
bat lortzeko ibilbide malkartsuan, Su Ta Garrek bide zehatz bati ekin
ziola. Horrela, bere momentuan Homo
Sapiens? (1999) lanak mugarri garrantzitsua ezarri zuen, eta
“Itsasoz Beteriko Mugetan” diskoak eboluzio horren berrespena baino
ez zuen ekarri. Orain, bada, esku artean daukagun lan berri honek
aurreko diskoaren ildotik jarraitzen du. Urrun gelditzen da iraganeko
heavy/thrash azkar eta zorrotza, eta gaur egun
STG soinuak bere nortasun ezaugarriak ondo finkatuta ditu. Finean, 18 urteko ibilbide eredugarria eta gero, Su Ta Garrek ezer gutxi du inori frogatzeko jada. 2006.urtean taldeak aurrera jarraitzen du eta oraindik erregaia ez zaiela agortu erakutsi dute. Edozein modutan, nire zalantza zera da, gaur egun “Jainko Hilen Uhartean” bezalako disko bat nahikoa ote da lehenengo mailako portuak igotzen jarraitzeko? Entzuleak du hitza. |
||||||
|
Unai S.A. (7,5/10) |
« atzera