BLACK METAL MELODIKOA

Ignobilis Mythos
'Ignobilis'

Urtea: 2004 - Diskoetxea: Luzbel Records - Taldekideak: Sorg (gitarra eta ahotsak), Gerücht (gitarra), Corpse (baxua eta ahots guturalak) eta Varg (bateria, teklatua eta ahots garbiak) - Ekoizlea: - Estudioa: El Sotano (ekoizpena/nahasketa) eta Sonido XXI (masterizazioa) - Abesti kopurua:

            Nafarren estraineko lana dugu 2004. urtean kaleratutako hau. Black metal melodikoa eskaintzen digute 9 kantuetan zehar, sinfonikoa batzutan, atmosferikoagoa bestetan, emaitza modura gora-behera dexenteko lana utziz.

            Halakoetan ohikoa den intro baten ostean, boteretsu hasten zaigu laukotea “Ancient Times of Blood & Witchcraft”-ekin. Hasiera oso atmosferikoa ezbairik gabe lan honek duena. Teklatuek giroa maila aipagarriz iluntzen dute, noizbehinka zati sinfonikoagoei uko egin gabe. Limbonic Art desagertuen eragina agerian geratzen da. Diskako kanturik onenetakoa dugu berau, momentu diztiratsuekin.

            Orokorrean hartuta “When Inquisition Failed” kanta baztergarria dela esan daiteke, noizbehinka harreta merezi duen teklatuen melodiaren bat baita soilik aipatzekoa, gitarrak oso ezkutaturik ageri diren bitartean. Gainera, hasieratik nabari zitekeen akatsa indartu egiten da orain: taldeak benetazko bateria erabili badu ere, besterik pentsa liteke liburuxkan baterijoleari erreferentziarik egin izan ez balitzaio. Batetik, soinuaren artifizialtasunagatik, eta bestetik, gehiegizkoa den monotoniagatik. Egia da, salbuespenak salbuespen, black taldeen bateriak ez direla beste estilo batzuetakoak bezain teknikan sartuak, baina oraingoan errepikakortasuna puntu beltz lodi bat da. Zazpi minutuko kantu aspergarria da guztiaren emaitza.

            Gitarren presentzia nabariagoarekin datorkigu “Eternal Dream Forest”, eta hori gertatzen den uneetan eskertu egiten da, soinua askoz ere orekatuagoa suertatzen baita. Bestelakoan, hiru ordu laurden eskasetan errepikatzen den erregistro berdina, black estandarra (erasokorra eta urratua; goraipagarria ez izanagatik ongi egina dagoena) alegia, eta eliz organorako joera duten teklatuak gehienbat.

            Hortik aurrerakoan taldearen eskaintzak bide beretsutik jarraitzen du. “Existence of a Black Soul” atmosferikoa da hurrengoa, ahots garbi batzuk eskaintzen dituena, une batzuez Dimmu Borgir norvegiarrak gogora ekarriz. Hala ere, berriz ere kanta luzeegia aukeran.

            Doinu sinfonikoagoekin hasten da “Hate”, berriz ere teklatuak nagusitzen direlarik. Alor honetan oso iaioak direla argi geratzen da beste behin ere. Gitarren lana (edo presentzia behintzat) maila horretatik urrun geratzea da penarik handiena.

            Emakumezko ahots leun narratu batzuk azaltzen dira bai “Caronte”­ sarreran zein “Nostrum Verusa”-ren hasieran. Azkeneko honen iluntasunak (goraipatzeko modukoa) ondorengoko oldarkortasunarekin egiten du topo. Egia esan abiaduraren aldetik oso lineal mantentzen da nafarren musika lan osoan zehar. Hori bai, oraingo honetan gitarren aldetik riff interesgarri bat entzun daiteke.

            Maltzurkeria dosi batekin ixten da lana “A New Era” abestiarekin, doinu motelean jotako kanta ia instrumentala, outro modura har litekeena. Ezer berezirik ez, erritmo lasaiago horiek salbu.

            Argilun gehiegi aurkezten dituen lehenbiziko diska beraz iruñear laukoteak utzirikoa. Esan bezala, teklekin egindako lana da bakarrik azpimarragarria (bai lan bikaina ere), ahotsen alderdia ere maila onean sumatzen delarik. Gainerakoa daukate ostera hobetzeke, ekoizpena eta bateriaren tratamendua batez ere. Bitartean, jorratzen duten motako black metalak berezkoa duen sentimendua hedatu gabe jarraituko du, nire kasuan behintzat.

Hibai Martinez (5,5/10)

« atzera