HEAVY METAL

Idi Bihotz
'Odola Sutan'

Urtea: 2005 - Diskoetxea: Oihuka - Taldekideak: Albaro (bateria), Iban (baxua), Gorka (gitarra eta ahotsak), Mikel (ahots nagusia eta ahotsak), Pekkory (gitarra eta ahotsak) - Ekoizlea: Haritz Harreguy - Estudioa: Elkar estudioak (Donostia) - Abesti kopurua: 10 - Ezaugarri bereziak: Multimedia pista gehigarri (argazkiak, letrak, studio report…)

            Odola Sutan edo Idi Bihotz taldearen estudioko azken lana.  Dagoeneko bost disko besapean eta 10 bat urteko ibilbidearen ondoren, Idi bihotz Euskal Herriko metal talde beteranoen artean koka genezake.  Are gehiago, azken urteetan burutako lanari esker, eta Su Ta Gar-en baimenarekin, gaur egungo heavy metal euskaldunaren erreferentzia nagusia bilakatu dela esan dezakegu.

            “Amaigabe berria” (2002) izan zen Idi Bihotztarrek argitaratu zuten azken diskoa. Ordutik hona hiru urte pasa dira  eta taldeko partaide gehienak Flyin’ Freak proiektuan murgilduta ibili dira. Idiaren taupadak isilpean mantendu izan diren urteak izan dira, harik eta duela hilabete batzuk Egiaren itzala kantua kaleratu zuten arte. Konposizio hark orain esku artean daukagun diskoaren aurrerapen deigarria zekarkigun. Izan ere, abesti hartan ohikoa baino Idi Bihotz rockeroago batzuekin topo egiten genuen. Kontuak kontu, behin diskoa kalean, Idi Bihotz doinu faktoriak bere betiko ildotik jarraitzen duela baieztatu daiteke. Ez hori bakarrik, neurri batean “Negarraren amorrua” garaiko indarra errekuperatu dute eta ekoizpen honetan soinu metalikoagoa, gordinagoa lortu dutela esan beharra dago. Sendotasuna eta melodiaren arteko oreka inoiz baino hobeto gordez, inoizko gitarra gogorrenak grabatu dituzte.

            Borborka datozen 10 kantu berri hauetan atal erritmiko indartsu baten altzoan kulunkatzen diren melodia dotoreak aurkituko ditugu Maitasunaren indarkeria  edo Odola sutan bezalako kantuetan. Koru ederrekin apaindua Ke ilun garra  euskal hizkuntza omenduz dator. Bizkaitarrengan ohikoa bilakatu den bezala, metaforaz jositako euskara maila jator, zaindu eta aberatsean.

            Bestalde, nobedade garrantzitsu gisa Pekkory gitarra jotzailearen fitxaketa dugu (Insidia, Zaldunak eta Luther ohia). Ondorioz, Idi Bihotz boskote izatera pasa da eta hemendik aurrera Mikel abesteaz soilik arduratuko da. Pekkoryren lanak, bada, taldearen soinuari freskotasun puntu estimagarria ekarri dio, besteak be, solo rockeroagoak (Amets merkatua, Egiaren itzala ) edo punteo berritzaileagoak (Bidea zuregana) utzi dizkigularik.

            Zoramenaren giltza xelebre bezain zorrotzaren ostean, Libre naiz eta In Memoriam kantuek Albaro-ren lanari hobeto erreparatzeko balio dezakete. Esan nahi baita, tipo hau bateria atzealdean edukitzea berme bat bihurtzen dela. Dudarik gabe, Euskal Herriko metal bateria jotzaile jaioenetakoa .

            Bukatzeko, balada gisa datorkigun gozoki aparta. Nazioarteko ekoizpenen pare, Argia amatatu arte kantuak gitarra akustikoak, orkestra konponketak eta Maitez Itoiz sopranoaren ahots ederra bilduko ditu.

            “Odola Sutan” lanak etapa berri baten hasiera sinatu du. Hiru urteko etenaldiak sortu zezakeen ziurgabetasunaren aurrean, ekoizpen honek jarraipen aski duina eman dio “Amaigabe  berria” lanari eta aldi berean Idi bihotz makineriak ondo koipeztatuta jarraitzen duela frogatu du.

            Huts egiten ez duen disko horietakoa.

Unai Santos Amarika (8/10)

« atzera