METAL BERRIA

Muted
'Sarean'

Urtea: 2005 - Diskoetxea: Oihuka - Taldekideak: Edu (gitarra), Aitzol (ahotsa), Ruben (bateria), Christophe (programazioak), Dani (gitarra) eta Ander (baxua) - Ekoizlea: Beñat Agirre, Jean Phocas eta Muted - Estudioa: Pertika estudioak eta Elkar estudioak (Donostia) - Abesti kopurua: 12

            2003ko udan Abadiño-ko PSYC taldearen errautsetatik sortutako ekimena da Muted. Urte horretan bertan 6 abesti berri konposatu eta Berrizko “Aldapa” lehiaketan aurkeztu ziren. Txapelketa hartan garaile suertatu izanak beraien lehen maketa estudio profesional batean grabatzea ahalbidetu zien. Horrela, lehen erreferentzia hura kaleratu ondoren, zenbait lehiaketetan sarituak izan ziren eta 2005.urtearen hasieran (Oihuka diskoetxearekin akordio batera heldu ostean) taldearen lehen diskoa izango zena prestatzen hasi ziren, Sarean, alegia. 

            Azken belaunaldiko metal talde peto-petoa dugu aurrean. Alor ezberdinetan "new metal" amerikarra deitu izan denaren estereotipoei fideltasunez jarraitzen dien seikotea. Gitarra pisutsu eta sinpleak, elektronika eta rap saiakera ezberdinak pasarte melodikoekin nahasten dituen taldea. Buruhauste larregirik gabe, formula berritzaile bera behin eta berriro errepikatzen duen abesti multzoa aurkituko dugu hemen. Hala, kontsumo azkarreko diskoa da honakoa, hiru minuturen bueltan dabiltzan kantu labur eta zuzenek osatua.

            Kurioski, latitude hauetan ohikoagoak diren aldarrikapen/salaketa abestien aurrean, lan honetan gai pertsonal eta sakonagoek lehentasuna izan dute. Garai Onenak edo Zure Alboan bezalako kantuetan bikote harremanen gaineko hitzak topatuko ditugu, tarteka, tonu melenga xamarra hartzen duten kantuak sortu dituztelarik.

            Christophe-ren garrasi urratuak lagun, saialdi zertxobait oldarkorragoak ere aurkituko ditugu Ez Naiz Gai edo Ez Dugu Nahi  kantuetan. Pausu bat harago Metamorfosia eta Bila Nazazu daude. Konposizio sendoagoak, sinesgarriagoak. Lastima ildo hori jarraitzen duten abestiak gutxiengoa diren. Esan nahi baita, badirela, Habian legez, azken belaunaldiko metalaren soinekoan kamuflatzen diren doinu susmagarri ezberdinak. Gisa honetako abesti bati riff erlatiboki astun horiek eta programazioak une batez kendu ezkero, pop abesti azukretsu (ikus. Ken 7) baten aurrean gaude lasai asko.

            “Sarean” diskoan kolaborazio ezberdinetarako tartea ere badago. Belaunaldi eta estilo bertsuko musikariei helduz, Galdutako Denbora kantuan Lander-ek (Lor) abestuko du eta Gaua gaingabetuan Mikelek (Kauta). Bestalde, Muted taldearen alderdi berritzaile eta teknologikoena dastatzeko Ni Naizena eta arestiko Metamorfosia kantuaren Rmx delakoa aurkituko ditugu.

            Laburki beraz, maketatik lehen diskorako bidean Muted pentsa zitekeena baino gehiago gozotu direla esan daiteke. Oreka galdu eta balantza eremu azukretsuegietan kokatu da. Eta horrek, hala dira gauzak, ate gehiago zabalduko dizkien bezala, metal eskaintza ez hain salgarrien bila dabilen entzuleriatik urrundu egingo die. Argi dago inork ez zuela Chimaira batzuk aurkitzea espero, baina seikotearen ezaugarri berritzaile eta metaleroak kontuan hartuta azken emaitza mardulagoa itxaron zitekeen.

Unai Santos Amarika (5/10)

« atzera