HEAVY ROCK

Asgarth
'... Garrasia'

Urtea: 2005 - Diskoetxea: EDG music - Taldekideak: Asier Enbil (ahotsa), Ander Cañas (gitarra), Unai Zabala (gitarra), Joxi Perurena (baxua) eta Unai Corral (bateria)- Ekoizlea: San Martin anaiak eta Asgarth - Estudioa: Sonido XXI (Galar-Espartza) - Abesti kopurua: 14

Itzuli egin dira, inoiz joan ez ziren arren. Hiru urte inguruko etenaldiaren ondoren Asgarth bueltan da berriz. “III” azken diskoa ganoraz aurkeztu ezin izana, eta ondorengo isiluneak zurrumurru ugari aireratu zituen. Hartara, taldearen desagerpena iragartzen zuen mamua azkar hedatu zen jendearen artean. Baina, kontuak kontu, Añorgako musikariek aurrera jarraitzen dute, oraingo honetan aldaketa esanguratsu batekin; Iban jatorrizko bateria jotzailearen ordez Unai Corral (Utikan ohia eta U.K. Bill taldekoa ere) ezarriko da tinbalen atzealdean.

            Talde gipuzkoarraren itzulerak ikusmin berezia sor dezake bai jarraitzaile zein taldearen etsaien artean. Izan ere, zer eskaini dezake Asgarth bezalako talde batek 2005.urtean? Dagoeneko ez gaude 90.hamarkadan eta joan egin dira Asgarth jaio eta Euskal Herrian heavy/power metalak garai oparoak bizi izan zituen urteak. Era berean, nazioarte mailan power doinuek gainbehera nabarmena bizi dute…  Diskoa entzuten hasi eta minutuak aurrera joan ahala, azken bolada honetan taldea inguratu duten argitzal ezberdinei erantzuna aurkitzeko aukera egongo da.

            '…Garrasia' du izena ekoizpen berri honek eta izen hori berori erabili dute lana ireki eta ixteaz arduratuko diren pieza instrumental laburrak izendatzeko. Baina goazen harira, izan ere Azken nahia dugu lehen abesti oso. Bere garaian Ekaitza edo Meategi beltza kantuek ez bezala, heriotza duin baten aldeko oihu honek entzunaldi bat eta bi baino gehiago behar ditu buruan itsatsi aurretik. Lehen unetik taldearen soinuan aldaketa zantzuak antzeman daitezke, eta zenbait detailek geroago konprobatu ahal izango duguna salatuko dute.

            Atariko abestiarekin piztu zitezkeen susmoak Zeren beldur kantuak baieztatuko dizkigu. Orain bai, neurri esanguratsu batean Asgarth berri batzuen aurrean gaudela esan daiteke. Ezbairik gabe, Añorgarrek doinu rockeroagoei heldu diete, eta bereziki konposizio honen estribilloari erreparatu ezkero, hard-rock amerikarrak taldearengan izan duen eraginaz jabetuko gara.

            Esnatu gara azken urteetan taldeak bizi izandakoaren isla bihurtzen da. Letra argigarria medio, erremina eta desengainua bezalako sentipen ezkorrak azaleratuko dira. Musikalki, kutsu heavyena errekuperatzen duten gitarra riff artean Asgarth eskolako estribillo sinple eta itsaskor batera ailegatuko gara. Esangura handiko kantua dugu hau; antzeko usaina darien abestiak behin baino gehiagotan errepikatuko baitira diskoan zehar.

            Laugarren disko honetan, aurreikusi zitekeenaren aurka, ez dugu baladarik topatuko. Hala ere, hutsune hori Ahaztezina izango dela  kantuak bete lezake. Goitik beherako balada ez den arren, ohiko erritmo metalikoak pasarte lasaiagoekin tartekatuko dira amodio berba eztiei leku eginez. Hauxe da, halaber, publiko metal zaletik harago arrakasta lortzeko gai den kantua izateagatik, buru karratuenetan ondamua eta gorrotoa erruz pizten dituen abesti horietako bat.

            Gezurrak kutsu rockeroa mantentzen du, baina lan osoan legez gitarra riff heavyekin nahastuz. Tonu garratza errekuperatzen da hemen, ondoren estribillo zeharo melodiko batekin topo eginez.Txanponaren bestaldean Hitzak hitz direlako legoke, huts egiten ez duten betiko lagunei gorazarre eginez. Kantu bi hauek esaterako, egungo Asgarthek hartu duen norabidearen adibide garbi izan daitezke. Alegia, gitarra riff ezberdinek taldearen nortasun metalikoa aldarrikatzen dute, baina, batez ere bateriaren lanak eta Juanan San Martinen teklatuek (atzealdetik, koltxoi gisa abesti gehienetan presente) orain arte azaleratu gabe zegoen hard-rock aurpegia erakutsiko dute.

            Musikari gipuzkoarrek eremu hard rockeroagoak besarkatu dituztela zalantzan egiten zuenik baldin bazegoen oraindik, Zatoz bila edo Urtetan entzutea baino ez dauka. Azken horretan Asierren interpretazioa esanguratsua bihurtzen da oso. Aipatzekoa da baita, musikan ez ezik, letretan ere gai sozialek pisu handiagoa dutela oraingoan, Eman Pausoa kasu, non, lelo motz baina eraginkorra lagun, emakumeen aurkako indarkeria izango dute hizpide.

            Lanaren azken txanpan sartuta,  Edurnezuri kantuak  “III” garaira eramango gaitu une batez. Hala, riff hiper heavy horietako batek (%100 inspirazio alemaniarra) xarma handiko estribillo bateraino gidatuko gaitu. Diskoa sentipen ezkorrekin hasten bazen, lana baikortasunez zarratuko dute  Zu zeu etsai eta Zuzenean abestiek. Pisu autobiografiko nabarmenarekin, bai bata zein bestea zuzenekoetan pieza garrantzitsu izateko bokazioarekin datoz. Arestian aipatu …garrasia outroak itxiko du lana.

            Disko helduagoa dela esango dute askok. Ni ez nator bat iritzi horrekin. Ez behintzat heldutasun hori Asgarthen musika estiloak jasan duen aldaketaren eskutik datorrela uste baldin bada. Izan ere, azkenaldian badirudi bonbo bikoitza alboratzea, abestien abiadura mantsotzea eta power metaletik aldentzea heldutasunaren sinonimo dela. Argudiatze merkea deritzot nik horri.

            Argi dagoena zera da, “III” diskoarekin añorgarrek salto kualitatibo garrantzitsua eman zutela 2002an (gitarra riff zorrotzagoak, aurreko lanetan pentsaezinak ziren koruak eta orokorrean estilo heavyagoa landuz). Eta oraingo honetan, ostera, norabide aldaketa berri baten aurrean gaude, taldearen lema korronte rockeroagoetara desbideratu baitute. Horregatik, iraganeko formula heavy/power metalero trinkoarekin alderatuz, lan honen digeritzea zertxobait geldoagoa suertatu daiteke. Entzunaldi ezberdinak aurrera doazen heinean azaleratuko da diskoaren benetako balioa.  

            Datorrena datorrela, Asgarth taldeak aurrera jarraitzen du eta hori beti izango da berri ona jarraitzaileen artean. Garai berriak, soineko berria.

Unai Santos Amarika (7/10)

« atzera