|
BLACK METAL PAGANOA |
||||||
|
||||||
|
Orain urte batzuk “Triarchy of Vasconia”-rekin
gertatu bezala, musikaren bitartez mendeetan atzera egiteko parada
eskaintzen digun lana ekarri digute hiru taldek. Oraingo honetan, baina,
euskal arbasoez gain galiziarrenak ere gure artean ditugu, Omendark eta
Nakkiga euskal taldeei Xerión gehitu baitzaie pagan black metal-a
ardatz duen ordu bete pasatxoko Split CD bikain hau gauzatzeko. Oro har,
aipatu aurrekaria baino gehiago murgiltzen da black metal-aren eremuan,
folk ukituen presentzia azpimarragarria bada ere. Horrez gain, berriro
ere talde bakoitzak bere lurreko berezko hizkuntzan idatzi ditu bere
kantuak.
XERION galiziarren
“galician black folk metal”-ak hiru kantu uzten dizkigu hasteko.
Lehen bakarkako proiektua zena talde bat izatera iritsi da. Taldeek
berez izaten duten garapenarekin batera, bateria errealaren berrikuntza
eskaintzen digu euren abesti sortak. Tresna honen soinua ordea, taldeari
dagokion mailarengandik urrun gelditzen da, sarrera kantuan batik bat.
Oro har, folk tresnek eta teklatu goraipagarriek apaintzen duten black
metalak ekoizpen txukunago batek emango liokeen handitasuna galtzen du.
Hori bai, aurrez erakutsita zigutena baino oldarkorrago eta helduagotzat
jo daiteke euren musika. Azpimarragarriak inondik ere “O diaño das
tebras”-en bibolin, teklatu eta ekaitz hotsez hornitutako intro-a;
“Madrigal da lúa”-n somatzen den giro malenkoniatsua eta
tristuraz beteriko “Baixo os agoiros da nocturna Luz Divina”
akustiko instrumental ederra. Kontuak kontu, ekarpen handia galiziar
hauena.
Jarraian Barakaldoko OMENDARK taldekoak datozkigu.
Egun taldea osaturik badute ere (gure informazio iturriak okerrak ez
badira behintzat), lanaren parte diren sei kantak (horietatik hiru
instrumentalak) grabatzean bi kide baino ez ziren. Musika estiloari
dagokionez Xerión-en antzekoa dela esan daiteke, black metalari folk
elementuak gehitzen baitizkiote. Hala ere, doinu oldartuagoak nabari
zaizkie bizkaitarrei, bai ahotsagatik zein gitarren konposizioagatik.
Soinuaren aldetik “Ipar Basoetan/Na Fraga do Norte” hau
osatzen duten taldeen artean txukunena eurek dutela esan behar da,
garbiena bai behintzat. Alor gitarristikoaren ulergarritasunean islatzen
da hori batez ere, bateria programatuaren “arazoa” ere nahiko ongi
gainditu arren, uneren batean artifizialtasuna sumatu egiten baita.
Pasarte batzuei hobeto letorkiekeen bortizkeriaren falta testuinguru
honetan kokatu beharko litzateke. Hala ere, abestiek duten
atmosferarekin behintzat ez du hausturarik sortzen.
“Jainkoen
Oihartzuna”-rekin
aurkezten zaizkigu, hasiera azkar baten ostean Berserk espainiarrak
bezalako taldeak gogora ekar ditzakeen jarraipenarekin, gitarren bidez
giro paganoa irudikatzeko erakusten duten gaitasunagatik hain zuzen,
giro horretan ongi baino hobeto laguntzen duten teklatuez gain. Une
azkarrak eta motelxeagoak tartekatzen iaioak direla ikus daiteke, beti
ere ongi landuriko erregistro zorrotzaz lagundua. “Aetas Bellum
Autrigonum” besteak beste egungo Euskal Herriko mendebalean bizi
izan zen zeltiar herriaren gerra ingururantz hurbilduko gaituen
instrumentala dugu, danborrek, adar eta guda hotsek sintetizadorearen
doinuei eranstean gustura asko entzuteko moduko pieza egiten dutelarik.
Diskoaren
erdialdera iristearekin batera gorena ere jotzen dela esan liteke, “Izena
duen guztia omen da” kantuarekin. Ia bederatzi minutura ailegatzen
den pasarte honetan gitarra riff-en bitartez entzulea euskal izakien
mundura murgiltzeko erraztasun txundigarriaz gain are gehiago
barneratuko gaituzten natur hotsak azaltzen dira noizbehinka, amaiera
aldera aberastasuna areagotu egiten duen txirularen melodiak ahaztu gabe.
Euskal metal ilunaren bilduma distiratsuan gordetzeko kanta dudarik gabe.
Giro berean baina doinu akustikoez eta txalapartaren sarrerarekin
igarotzen da “Ipar Basoetan”, beste instrumental txalogarri
bat.
Kanta
luze eta instrumentalen txandaketarekin amaitzeko, “Kixmiren
heriotza” dugu entzungai lehendabizi. Omendark-en unerik
azkarrenak bertan bizi ditzakegu, baita soinurik epikoenak ere. Ahotsak
urrun xamar azaltzea da agian puntu beltz bakarra, erregistroak ez baitu
inolako aitzakiarik aurkezten. Bizkaitarren lan borobila txirulek
gidaturiko “Jentilen Egunsentia”-k ixten du, doinu goxo eta
aldi berean tristeekin, berriz ere basoen hezetasunak eta gitarra
akustikoek zein talderen aurrean aurkitzen garen gogora ekartzen
digutelarik.
Momentu
lasai hori Amurrioko NAKKIGA taldearen sartzearekin batera
amaitzen da. Bere estiloa “unholy txabakan metal” moduan definitzen
duen bikotea “Naglimund” erasokorrarekin aurkezten zaigu.
Etiketa horren atzean soinuaren tratamendu zikin eta gordina eta ahotsen
erregistro usteldua (baina ez ustela edo antzua) gordetzen dira,
Mortinatum euren herrikideen musikarengandik oso urruti geratzen ez den
emaitza lortuz. Soinuan gardentasuna bakarrik onartzen dutenentzako
konposizioak ez dira jarraian datozkigunak, horretan ez da zalantzarik.
Soinu zerri horrek taldearen oldartzean lagundu egiten duela egia bada
ere, momentu batzuetan euren musikaren atal ezberdinak jarraitzea zail
egiten da. Baxua da zentzu horretan kaltetuena. Hala ere, gustu onez
egindako alderdi asko badituzte eta guztiarekin lan elkarbanatu honen
ezusteko pozgarriaren aurrean aurkitzen garela esan daiteke.
Aipatu
aurreneko kantuaren entzunaldi soilarekin argi geratzen da aurreko bi
taldeen kontzeptutik urrun xamar gelditzen dela. Dena den, bide zikin
eta aldi berean oldartuagoari helduz, pieza polita sinatzea lortu dute,
aipatutakoari amaiera aldeko doinu garbi eta motelagoek, teklatuen
azaltzearekin batera, ongi baino hobeto laguntzen baitiote.
Arabarren
bigarren abestia “Haritzaren Semeak (Arimen Guda)” dugu.
Abiada bizian berriz ere, eta disko osoko riffik zuzen eta
boteretsuenarekin. Bi taldekideen ahotsaren txandatzearekin bokalen
alorra oraindik eta pertsonalagoa azaltzen zaigu, iluntasun eta
gorrotozko giroa areagotuz. Ekoizpenaren minuturik odoltsuenak dira,
inolako kalitate faltarik gabekoak.
“Erio”-k
ixten du lan elkarbanatu dotore hau. Doinu akustiko eta elektrikoek
elkar besarkatzen dute pieza instrumental handi honetan, egunsentirik
iragartzen ez duen ekaitzak giro goibela borobiltzen duen bitartean.
Nork berak entzun, sentitu, gozatu eta pairatu beharrekoa. Esandakoak esanda, ez da gehitu beharreko askorik geratzen. Azala Igor Mugerza “Mugi” marrazkilariaren bilduma zabalari gehitu beharreko beste bat dugu, ederra hau ere. Tiraldia oso luzea izan ez bada ere, euren txikitasunean handiak diren hiru talde hauentzat haziz jarraitzeko lan aproposa da honenbestez, black metalaren jarraitzaile direnentzako eta garai eta ohitura zaharretan amets egiten dutenentzako gomendagarria. |
||||||
|
Hibai Martinez (7,75/10) |
« atzera