DEATH METAL MELODIKOA

Hopelessness 'Broken Tears In Solitude'
Urtea: 2005 - Diskoetxea: Imperial Darkness Records - Taldekideak: Igor (ahots nagusia), Patxi (gitarra), Borja (gitarra), Jon (baxua) eta Txemi (bateria) - Ekoizlea: Arkaitz Carrasco - Estudioa: Sound Source (Idiazabal) - Abesti kopurua: 10

            Ebro eta Atturri-ren artean jotzen den death metala osasuntsu dela jakin badakigu. Oraingoan Urola ibaiaren ingurutik datorkigu baieztapen honen berrespena. Boskote gazte honentzat estreinako lan luzea dugu honako hau, “Paradise of Sin” demo-aren hiru kantaz eta beste zazpi berriz osatua. Aipatu aurrekarian erakutsitakoa urrats bat haratago eraman dutela esan daiteke, orain astunago eta era berean oldarkorrago sumatzen baitira euren doinuak, hein batean Arkaitz Carrasco soinu teknikariaren lanari esker, aurrez Suffering Down eta Continuo Renacer-en grabaketekin lortutako gardentasuna eman baitio disko osoari. Gainera, taldea nolabait bereizten zuen ukitu ilun eta goibelak bere horretan jarraitzen du, doom doinu eta erritmoek musikari beste talde batzuengan faltan botatzen den aberastasuna ematen diotelarik.

            Sarrera kantua aurrez lehendik ere ezaguna genuen “Eternal Rain” da. Hala ere, kanta zaharrak berriz grabatu dituzte, boskotearen egungo soinuarekin bat datozelarik. Kasu honetan teklatuaren bitartez intro triste bezain atmosferiko baten ostean euren benetako dohainak erakusten dizkigute: oinarri erritmiko hautsiezina, zuzen eta indartsuago azaltzen den bateriarekin batera kimika boteretsua osatzen duena. Horrez gain, aurrez euren berri izan genuen zati teknikoagoak eta euskal eztarririk onenetarikoa.

            Gitarra garbiek eta baxuak lagundurik azaltzen da aurreneko aldiz Sonia Ponceren emakumezko ahotsa, “Diary of Laments” abestian. Bi kantarien kontraste bikainarekin, kantu melodiko xamarra dugu berau, doom-eranzko joera duten zati motelek death erasokorrarekin talka egitean emaitza txalogarria uzten duena.

            “Loving Nothingness” da bigarren kanta “maketeroa”. Aurrekoarekin gertatu bezala, oldarkorrago sumatzen da, bateriaren presentzia handiagoarekin (soinu eta teknikaren aldetik) eta ekoizpenaren hobekuntzak eskaintzen dituen alde positibo guztiekin.

            Sentimendu handiz jota datorkigu jarraian “Anchored to a Past”, ahots erakustaldiarekin (primeran burututako urratu eta guturalari erregistro garbi bat gehitzen baitzaio) eta maixuki exekutaturiko gitarrekin, sentipen goibela bestelako tresnarik gabe transmititzeko gaitasunagatik batik bat, doinu garbi zein elektrikoekin. Iraganarekiko loturaren haustura bailitzan azaltzen da amaiera aldera riff astuna benetan eta bonbo bikoitz azkarra. Denon gusturako eta gustu bikainez, kanta borobila inondik ere.

            Lan osoari izena ematen dion pieza ere hausnarketarako gune bezala agertzen da, erabat instrumental eta hiru minutura iristen ez dena. Gehienbat pianoaren tratamendua jasotzen duen teklatuz eta gitarra garbien hotsez hornitua, diskoa bitan zatitzen duen pasarte malenkoniatsuaz gozatzeko aukera dugula esan daiteke.

            Aurrekoarekin damuturik egongo balira bezala, “Slave of Forgiveness”­-en edozein matrailezur txikitzeko moduko ukabilkada batez uxatzen dituzte Zumarragakoek diskoak izango duen nondik norakoaren inguruko zalantza guztiak. Hasiera erabat kiskalgarriarekin, ahots guturalak oinarri erritmikoari eta bateriaren kaxaren soinu gogorrari eransten zaizkio, berunezko benetako lehergailua osatuz. Gainerakoan, erritmo ugari, doinu akustikoak, teklatuak noizbehinka, suediar eskolako riff-ak...Eta hori guztia ongi baino hobeto egituratua.

            Doom metalaren aurpegirik emeenarekin ematen zaio hasiera “Under the Ruins of Oblivion”-i, berriro ere emakumezko ahotsak azaltzen direlarik. Hala ere, jarraian death metal-eranzko bidea hartuko du kantuak (thrash ukituren batekin), ahots urratu eta sakonak protagonista bilakatuko direlarik beste behin. Nabarmentzekoa gitarra bakarlariari ematen zaion tratua erritmikoarena baino handiagoa ez izatea, hain ohikoa den bertutetasunean erori gabe, taldeari indarrik ez galtzen laguntzen zaiolarik.

            Orain arte boskoteak izandako hobekuntza nabaria izan arren, azkeneko kanta zaharraren agerpena suposatzen duen “Fallen”-ek entzule burugogorrenak isilarazteko balioko du, bere baitan aurkitu ahal izango ditugun ñabardura zenbatezinekin. Emeki sartzen diren teklatuak hemendik, punteotxo bat handik, baxuak zuzendutako uneak, doinu garbiagoak azaltzen direnekoak, ahots ezin urratuagoak...Kantu on bat nola borobiltzen den erakusten duen ikasbidea.

            Teklatu ilun batzuez hasten zaigu “Waiting for the Fog”, diskoko kantarik eraginkorrena ziur asko, buruan sartu eta etengabe astintzen zaituen zati horietarikoren batekin. Oro har lan osoko unerik astunenak gitarra eta baxuaren aldetik burututakoak, teknika eta abiadurari ere uko egiten ez zaielarik.

            “Hopelessness” outro modura azalduko dela badirudi ere, ez da hala, hori baino askoz gehiago baita, sarrera lasai baten ostean emakumezko azkeneko hitzen ekarpena azaltzeaz gain disko osoko riff-ik distiratsuenetariko batekin eta black pasarte batekin gozatua hartzeko parada izango baitugu. Amaiera egokia edozein taldek amestuko lukeen estreinako lan luze batentzako.

            Ongi eginiko gauzak hobetzen direnean ondorio baikorrak baino ezin dira atera. “Paradise of Sin” demoan iragar zekiekeen etorkizun oparoa (beti ere underground munduan) jada oraina dela esatea ez da okerra, aztertu berri den lan honetan taldeak azaltzen duen maila tekniko eta konpositiboa eta horren ekoizpen txundigarria duten talde gutxi baitira, eta ez bakarrik gure mugen barruan. Horri guztiari gutxi deritzonak, taldeak oholtza gainean erakusten duen jarrera ikusi ostean izango du iritziz aldatzeko aukera.

Hibai Martinez (8,75/10)

« atzera