|
BLACK METAL |
||||||
|
||||||
|
Aztergai dugun hau,
egun ekoizpenei dagokienez Euskal Herriak daukan talderik aktiboenaren
azken lan luzea da, 2003.urtearen amaieran grabatua izan eta
hurrengoaren hasieran argia ikusi zuena. Honen ondoren beste bi lan
elkarbanatutan parte hartu dutela gogorarazi behar da.
Daemonlordi buruz
hitz egiteak Kepa aipatzera behartzen gaitu, atxabaltarra baitugu azken
finean taldearen arima, beti ere proiektu ezberdinak norbaiten laguntzaz
gauzatzen baditu ere, kasu honetan Egnarren garrasi nuklearrekin gertatu
bezala.
Estiloari dagokionez,
black metal gordinean, kontzesiorik gabekoan, kokatzen da, ia une oro
abiada bizian jotakoa. Ahots erabat urratuak, oso zorrotzak, dira
erabilitako erregistro bakarra (tarteka azaltzen den ahots narraturen bat
salbu), eta kanta bakoitza oro har riff gutxi batzuetan oinarritzen da.
Ez da beraz konplexutasun musikala gehien nabarmentzen dena, baina
bikoteak konstante hauek eraginkortasun handiz uztartzea lortu du, eta
bateria programatu egoki baten laguntzaz, kanta sorta dotorearekin
egingo du topo entzuleak.
Horrela,
diskoari izena ematen dion ia bi minutuko introaren ostean, aurrez
antzemandako guda soinuek “Demonic Lord of War” kantuan
egiten dute eztanda. Bertan azaltzen zaizkigun gitarra riff bizien eta
black oihu erasokorren bateratzeak lan osoko abestirik borobilena
eskaintzen digute ziur asko. Momentu puntualetan era bikainean agertzen
diren teklatuek gainera suntsipenezko giroa areagotzea baino ez dute
egiten.
Gitarra
zakarragoekin datorkigu “The Voice”, horren azkarra ez den
pieza batean. Soinu “makarragoak” dastatu ahal izango ditugu minutu
gutxi batzuez.
Berriro
ere azeleragailua zapalduta “Night’s Backbone” topatzen
dugu, bigarren kantuan erabilitako formula eraginkorraz baliatzen dena.
Gitarren ikuspegitik, unerik distiratsuenak direla esan liteke. Are
gordinago azaltzen zaigu “Driven by Darkness and Sorrow”,
bereizgarri gisa amaiera alderako teklatu zinez tetrikoak eskaintzen
dizkiguna. Antzeko bidea jarraitzen dute “Where Rottenness Dwells”
eta “In the Middle of Infinity”-k ere. Hauxe dugu agian
diskoko punturik ahulena, azken kantu honetara heltzerako entzunaldia
apur bat monotonoa suertatzen dela, alegia. Hori guztia berez abesti
txukunak direla ahaztu gabe.
Aurreko
pasarteekin erabateko haustura suposatzen du “Pure Sorrow and
Hate” bikainak, hasieran teklatuak lagun sortzen den giro
gaiztotuari esker batik bat. Erritmo azkarrak beste lasaixeago batzuekin
(oldarkortasuna behin ere galdu gabe) primeran nahasten dira bertan.
Hurrengoa,
Thou Art Lord greziarren “The Era of Satan Rising” kantaren
bertsioa da. Ezer gutxi esan dezaket pieza originalari buruz, hortaz,
bertsio egoki bat den ala ez esateko argudiorik ezean, kantu azkar eta
ikusgarria dela esatea baino ez zait geratzen, lan osoaren kontzeptu
musikalarekin eta soinuarekin bat datorrena, eta teknikoena gainera.
Diskoari amaiera “Descending Into the Unknown Abyss” izeneko
outro ilunak ematen dio. Argi esan daiteke ez dela hau historiara pasako den lana, baina raw black metal-az gozatzen dutenek 37 minutu luze hauetan ere hala egingo dute seguru, guda eta gorrotoari ohore egiteko antipodetan (Heaven Ablaze etxe australiarrarekin hain zuzen) parada aurkitu duen talde honekin. |
||||||
|
Hibai Martinez (7/10) |
« atzera