|
DEATH/JAZZ/METAL PROGRESIBOA |
||||||
|
||||||
|
Sarritan,
Euskal Herri zein Estatu mailan behar besteko mailarik ez dagoelakoaren
aitzakian, kanpora jotzen dugu talde edo apustu musikal berrien bila.
Gure inguru hurbilean sumatzen ei dugun gabezi hori asetzeko atzerrira
begira jartzen gara segituan. Izan ere, auzokoaren behiak beti eman ohi
du esne gehiago... Oraingoan esku artean daukagun lana, ordea, Euskal
Herrian bertan aurki daitekeen maila tekniko altuaren beste adibide argi
bat da. “Continuo Renacer” du izena taldeak eta aintzat hartzeko
moduko lehen diskoa argitaratu dute.
Taldea
1994.urtean sortu zen. Garai hartan “Eternal Rebirth” deitzen ziren
eta Brutal Death doinuak lantzen zituzten. Lehen urte horietan,
taldekide ezberdinen joan-etorriak jasan eta demo bat kaleratu zuen Eternal
Rebirth-ek. 2000ko udan ostera, Arkaitz Carrasco baxu jotzailea sartu
zen taldean (soinu ingeniaria eta “Music Institute Of Hollywood”-en
aritutako musikaria). Orduan, taldea hirukote bilakatu zen eta iraganeko
Brutal Death doinuak nolabaiteko death metal tekniko eta instrumental
izatera pasa ziren. Hau da, koktel berean muturreko metala, doinu
progresiboak eta jazz-fusioa nahasten zituen eskaintza musikal zeharo
interesgarria hasi ziren jorratzen. Iragan martxoan, Beasaingo mutilek
“Continuo Renacer” lehen diskoa argitaratu zuten Indar
Productions-en babespean.
Lehenago
aipatu bezala, hitzek ez dute lekurik izango lan honetan. Goitik behera
instrumentala den disko baten aurrean gaude. Ez ahots garbirik, ez
garrasi urraturik ez eta oihu guturalik. Gitarra, baxua eta bateriaren
mintzoa jaun eta jabe uneoro (tarteka Fredi Pelaez kolaboratzailearen
teklatuei ere bide emanez). Erritmo aldaketa aldrebesak, girotze
kaotikoak, death metal erritmo astunak, pasarte akustiko lasai eta
goxoak, abestiaren lema nagusitasunez daramaten baxu lerro ozenak... eta
batez ere maila tekniko altua, trebakuntza handiko musikariak dira,
inondik ere, lan honetan aurkituko duguna. Hartara, diskoa entzuten ari
garen bitartean, “Opeth”, “Dream Theater”, “Death” edo
“Satriani” bezalako izen propio ezberdinak etor dakizkiguke burura.
Gisa
honetako lan bat esku arten edukita, beraz, alperrik da abesti
guztiak banan-banan deskribatzen hastea. Alperrik da xehetasun
korapilotsuetan sakontzea. Continuo Renacer musika aparailuan sartu eta
entzun egin beharra dago. Esanak esan, behintzat abesti pare bat
nabarmentzekotan The Intruder
(abiatze kantu indartsua) Fusion
For Suckers (jazz ukitu interesgarriekin) edo Tap
That Angel (pieza akustiko ikaragarri goxoa) goraipatuko nituzke. Presak eta aurreiritziak alde batera utzita entzun beharreko lana da hau. Kantu bakoitza patxadaz dastatu, konposizio guztien nabardurak presarik gabe aztertu... Izan ere, entzuleria metal zaleenaren artean baita, digeritzeko zail xamarra bihur daitekeen lana da hau. Horrela, gure inguruan zerbait ezberdina, konplexua, kitzikagarria eta ausarta entzun nahi izan ezkero, aparteko maila teknikoaren jabe den disko hau bereziki gomendagarria bihurtzen da. |
||||||
|
Unai Santos Amarika (9/10) |
« atzera