|
POWER METAL |
||||||
|
||||||
|
Bigarren
lana Iruñako seikote honentzat, 2002an “Meridiam” diskoa kaleratu
ondoren. Oraingo honetan ere, auto-ekoizpenaren bidea aukeratu dute
diskoetxeen apustu falta ikusita. Alabaina, babesik jaso ez duen lan
berri honek, taldearen musika ezagutarazteko aukera bikaina eman zien:
Europe talde handiaren telonero izatea eta publikoa oso gustura uztea
beraien kontzertuarekin. Power metal elegantea jorratzen dute Meridiam
taldekoek, Angra taldeak egiten duenaren erro berdinekoa, baina musika
brasildar ukituak alde batera utzita, noski. Diskoa bi zatitan banatua
dago: abesti solteak hasieran eta gerora “El Fin De Los Dias”
izeneko lau kantutako suitea.
Musika
klasikoko ukituak dituen intro (oraingo honetan “Prologo”
izenarekin) batekin hasten da diskoa… ohikoa, ezer berririk ez. Baino
horrelako sarrera tipikoaren ondoren, ezpata eta aztikeriazko topikoak
hautsiz, marea beltzei buruzko kantua daukagu, “Marea Negra”.
Abesti honen zati handi bat Jose Acero (altzairua abizenean ere!)
abeslariaren ahotsak gidatzen du (benetan abeslari ona , diskoan nahiz
zuzenean).
“Cielo
Del Norte” abestian erritmo bizkorrak dira nagusi. Azkartasun
honek abestia xinplea bihurtuko luke, Gorkaren teklatuengatik ez balitz:
abestia dotore janzten dute melodia azkarrak eraikiz.
“Luna
Llena” otsogizon baten heriotzaren kontakizuna da. Sutondoan
kontatzen diren ipuinen antzera, erritmo lasai baino markatua du. Hala
ere, batzuetan hanka frenotik altxa eta hor joaten dira ziztu bizian.
Disko osoko abestirik onenetakoa, gitarra solo bikain batekin.
“Por
Siempre” diskoko balada da. Gerran hildakoek utzitako bihotz
hautsiei buruzkoa, baino ikuspegi berri batekin: hildakoena. Scorpions
handiek egiten dituztenen adar berekoa da: melodikoa, geldoa eta
sekulako soloekin. (Adrian eta Angelentzako bost puxtarri). Benetan
pieza polita, bai jauna.
Eta
azukre sobredosi honen ondotik “Alquimia” dator, diskoko
piezarik gogorrenetakoa, eta aldi berean, onenetakoa. Gitarren melodia,
teklatuena, bateria, ahotsa… dena dago ondo eta sentimenduarekin joa.
Aipamen berezia baxuarentzat, intro motz bezain bortitza egiten baitu.
Rage taldearen baxuaren lineak etortzen zaizkit burura entzutean. Eta
hori ez da txarra, ez jauna.
“El
Fin De Los Dias” suiteak eroritako aingeru/deabruaren istorioa
kontatzen digu. Kontaketa, “Revelación” kantuarekin hasten
da, eroritako aingeruak jainkoari dion amorrua kontatuz. Ondoren “Genesis”
dator: zerua eta infernuaren arteko gudaren hasiera. “Apocalipsis”
abestiak guda honen bukaera kontatzen du, eta azkenik “Epilogo”
kantua istorioari amaiera ematen dion outro edo amaiera.
Musikalki
diskoaren ildo beretik doaz abesti hauek ere: metal azkar eta melodikoa
osotasun bat osatuaz 4 abestien artean. Bat aipatzekotan,
“Apocalipsis” izango litzateke, denetan komertzialena. Erraz sartzen
eta burmuinean itsasten diren melodiez trufatua dago.
Opari
gisa “Warmachine” bonus track delakoa dugu. Ingelesez
abestutako abesti bakarra. Epikoa dela esatea gutxi da… Garrasi
egiteko gogoa ematen duten abesti horietakoa da. Rhapsody taldearen
musika gogoko baduzu gustatuko zaizu.
Liburuxkak
diseinu zaindua du, dotorea, eta Popi Dinosauriok eginiko azala benetan
aproposa da “El Fin De Los Dias” suitearentzako. Sonido XXI
estudioetan grabatu da diskoa. Soinu ona du, baino bertan grabatzen
duten talde ia guztien oso antzekoa. Badirudi San Martin anaiek pilotu
automatikoaren botoia dutela nahasketa mahaian… Laburbilduz, disko ona, txukuna eta entzuteko erraza. Power metala gogoko dutenei eskainitako diskoa. Alabaina, nahiz eta estiloa gustuko ez izan eman aukera bat, agian sorpresatxo bat hartuko duzu-eta! |
||||||
|
Iñigo Otxotorena 'Jurk' (7/10) |
« atzera