METAL-CORE

Biok 'Margo Debekatuak'
Urtea: 2005 - Disketxea: Metak - Taldekideak: Ibon (ahots nagusia), Unai (gitarra), Aitor (gitarra eta ahotsak), Julen (baxua eta ahotsak) eta Imanol (bateria) - Ekoizlea: Mikel Kazalis - Estudioa: Fidelenea (Zarautz) - Abesti kopurua: 13

            Hamaika oztopo gainditu ondoren, Biok taldearen estreinako diskoa kalean da jada. Material berriaren grabazio lanak 2004ko otsaila-maiatza bitartean burutu baldin bazituzten ere, kantu berriak itzalpean egon behar izan dira harik eta diskoetxe baten sostengua lortu duten arte. Azkenik, Metak zigiluari esker hilabete askotan zehar halabeharrez geldi egon den kantu bildumak argia ikustea lortu du oraintsu.

            Mikel Kazalis lagun, Usansolo-Galdakaoko boskoteak 2000.urteko maketako doinuei jarraipena eman die “Margo Debekatuak” lana dela bide. Horrela, metal riff astun bezain berritzaileek eta atal erritmiko sendoak Biok soinuaren oinarri eta zutabe izaten jarraitzen dute. Ibon abeslariaren garrasi urratuen artean melodia itsaskorrei leku egiten dieten 2.ahotsak ere nabarmenduz. Horrelakoxeak dira, esaterako, diskoaren atariko minutuetan entzun ditzakegun “Itotzen” (“Kalte” taldeko abeslariaren kolaborazioarekin) edo “Zure Esku” abesti suharra.

            “Loturik” aurrerapen kanta gisa erabiliko du taldeak. Hasiera mantso baten ostean, boskotearen metal-core makineriak kantuaren estribilloraino eramango gaitu. Hain justu, Aitor gitarra jotzaileak abesten dituen pasarte garbi eta zeharo itsaskor horietako batera (produkzioa dela eta, askotan  behar besteko indar eta argitasunarekin entzuten ez diren pasarteak). Ondoren, Izaskun (“2kate”) abeslariaren ahotsak ekarpen eztia burutuko du pieza honetan. Guztira, aurrerapen kanta gisa hautu aproposa, inondik ere.

            Badaude ere, “Itzalpean” edo “Desorekan” kasu, single izatetik urrun, bereziki gordinak diren abestiak. Hitzei aparteko samintasuna darie eta kantuok disko osoaren gordintasun maila bere horretan aise mantenduko dute.

            Bestalde, Biok taldearen ibilbidea jarraitu izan duenak ezagun egingo zaizkion 3 abesti aurkituko ditu lan honetan. Izan ere, 2000ko maketa kaleratu ondotik, taldea “Basauriko Gaztetoki maketa lehiaketa”-an euskarazko sailean irabazle suertatu zen eta hiru kantu berri grabatzeko aukera izan zuen: “Segada, Orain Esan” eta Dekoratuari Erantsiak”. Eta horiek dira, hain justu, estreinako lan luze honetarako errekuperatu egiten dituztenak. Biok estiloari jarraiki, azken belaunaldiko gitarra pisutsuak, oinarri erritmiko zapaltzailea eta ahots garbien bitartez eraikitako melodia dotoreak bilduko dituzte konposizio hauek.

            “Game over, jokua amaitu da!zuzenekoetarako lelo sinple bezain eraginkorra jasotzen du “Game Over” kantak. Jarraian, buruan iltzatzeko aparteko erraztasuna erakusten duen estribillo horietako batek harrapatuko gaitu beste behin ere. “Eztanda” kantuan Janire-ren ahotsa (Noraezean) Ibonen garrasiekin  nahastuko da. Janireren lanari abestiak berak dituen konponketak gehitu ezkero, kantu honek disko osoko girotze lan interesgarriena jasotzen duela esango nukeelarik. Kolaborazioekin jarraituz, “Inoiz Ez Isilik” abestian “Eraso!” taldeko Sergiok abestuko du. Abeslari zarauztarraren interpretazioa aski oldarkorra bilakatuko da, eta gainontzeko kolaborazioekin gertatzen den bezala, kantuaren azken emaitza nabarmen aberastea lortuko du.

            Bukaera aldera, “Margo Debekatuak” gogor hasten da, bortizki. Eta konposizio honetan melodiarentzat ia zirrikiturik ez usteaz batera, burua ederki astintzeko aukera emango duten erritmoak landuko ditu taldeak. Inguratzen gaituzten komunikabide maiteen diskurtso pozoitsuaz dihardu “Itsu Hobe” kantua. Metal berritzaileenaren galbahetik pasatako riffak eta amorru sentipen ugari bilduko ditu azken piezak.

            Kostata, baina kalean da horrenbestez “Margo Debekatuak” lana. Esandakoez aparte, bai CDak dakarren diseinu itxurosoa, eta baita “Fidelenea” estudioetan oro har lortu duten soinu txukuna azpimarratzekoak lirateke. Izan ere “Margo Debekatuak” diskoa, orotara, lehendik ere sumatu zitekeenaren ziurtagiri bilakatzen da: oholtza gainean, eta orain estudioan berretsiz, abangoardiako metal euskaldunaren talde indartsuenetako baten aurrean gaude, inongo zalantzarik gabe.

Unai Santos Amarika (8,5/10)

« atzera