|
THRASH CORE |
||||||
|
||||||
|
Agurrik ez momentuz. Asko izan ziren taldearen desagerpena iragarri zuten ahotsak baina Koma hemen da berriz. Izan ere, lau urte inguru igaro dira 2001.urtean “Molestando A Los Vecinos” zuzeneko lana argitaratu zutenetik, eta harrezkeroztik ezer gutxi jakin izan da musikari hauen inguruan. Zorionez, euskal eszenan honezkero metal talde klasikotzat jo dezakegun laukote honek aurrera jarraitzen du eta “Sinonimo De Ofender” dela bide, aireratu izan diren zurrumurru oro isilarazteko prest itzuli dira.
Nafarren
metal hotsak bizirik dirau, eta hori horrela dela frogatzeko Brigiren
ahots urratuak (inoiz baino gogor eta garratzagoa), riff andana astun
batek eta Natxo Zabalaren solo bereizgarriek Komaren itzulera suposatzen
duen “Protestantes” lehen pieza borobilduko dute.
Hasiera
bateko danbatekoaren ostean, erritmoa jaitsi eta ironia
eskatologikoenari emango
zaio paso “Imagínatelos Cagando”
kantuan. Irudimena omen da armarik onena, eta nafarrek mugarik
ezagutzen ez duen gaitasun horri helduko diote single gisa erabilia izan
den kantu politikoki desegoki honi forma emateko.
Lan
osoko soinu pintzelkada interesgarrienetakoak
“Pensamientos Fúnebres” abestian
aurkituko ditugu. Oso kutsu gotikoa duen teklatuak irekiko du
konposizioa eta jarraian disko osokoa abesti astun eta batez ere
ilunenean murgilduko gara. Heavya oso.
“Trabajo
Manual” kantuak onanismoaren apologia ironiatsua dakarkigu. Adi kantuaren letra korrosiboari eta Natxok burutzen duen gitarra
solo deigarriari.
“El
Muro De Berlín” kantua
tango-metal bat izango da! Bere egunean Doro Pesch abeslariak edota,
Euskal Herrira joz, Ehun kilok “Tango Feroz” abestian egin zuen
bezala, Nafarroako laukoteak metala eta tango doinuak uztartuko ditu lan
osoko pieza original eta katxondoena gorpuztuz.
Lanaren
azalari ohore eginez, “Porculizaciones
Anónimas” kantuak taldearen aurpegi
zirikatzaileena erakutsiko digu beste behin ere, eta bertan, Rafa
Redin baxu jotzailearena ahotsa Brigirenarekin tartekatuko da
mandatarien aurkako kritika gordin hau burutzerako orduan.
Jarrain,
“De Revés” zapore
autobiografikoarekin dator. Umore ona eta Natxoren eskutik bakarkako
jardun interesgarria.
Ezer
apartekorik eskaini gabe “El Alambique”
pieza instrumental laburrak rock& roll-aren harrotasunari bidea
garbi utziko dio “La Chulería”
kantuan. Eta Komaren gitarrek suposatzen duten iragazki astunetik
igarotako doinuek hard rock kantu sinple bezain eraginkorra gauzatuko
dute.
Eta “Baga Biga Higa” haur
kantu ezagunaren bertsio metaliko itsaskorraren ondoren,
baikortasunez lanaren bukaerara heltzen gara “Buenos Rollos”
abestiarekin. Komak bere azken diskoa kaleratu zuenetik 4 urte inguru igaro dira (zuzenekoa kontuan hartu gabe) eta etenaldi hori taldearentzat mesedegarria izan dela ukaezina da. Askoren esanetan, “Sinonimo De Ofender” hau Komak inoiz kaleratu izan duen lanik onena da. Nik ez nuke agian hainbeste esango. Bai ordea, Koma soinuaren nortasunari tinko eutsiz, nafarrek konposizio aldetik lan aberatsa argitaratu dutela. Aldarrikapen gordinena ironia zirikatzaileenarekin nahastuz, kantu bilduma freskoa, itsaskorra eta edukian askotarikoa sortu dute. 1996ko “Koma” edota “El Infarto” bezalako lanei aurrez aurre eta inolako lotsarik gabe begiratu diezaieken ekoizpena, hain zuzen. |
||||||
|
Unai Santos Amarika (8,75/10) |
« atzera