|
Asko
dira azken urteetan metalaren korronte berritzaileenetatik jo izan duten
talde euskaldunak. “Metal berria”, “Pop-metala”,
“Crossover”… oso ezberdinak dira metalaren joera berri hauek
izendatzeko erabiltzen diren etiketak. Hala ere, argi dagoena zera da,
2004.urtea agurtzear gauden une honetan talde belaunaldi berri batek
euskal eszena metalikoa bete-betean harrapatu duela.
Etiketak
etiketa, generikoki metal berria bezala ezagutzen dugun horretan bada
koordenatu erabat melodikoetatik abiatzen den nolabaiteko azpi-estilo
bat. Kauta, hain justu, korronte horretako talde esanguratsuenetako bat
litzateke. Gipuzkoako laukote gazte hau 2003.urtean zehar bilakatu zen
ezagun, eta oraingo honetan
“Izan Zaitez Zu” izeneko estreinako diskoarekin itzuli dira. Bertan,
azken belaunaldiko metal riff-ak pop/rock kutsuko melodia likinekin
nahastuta aurkituko ditugu. Mikroaren atzealdean dagoen ahots
malenkoniatsuak, amodioaz, etsipenaz edota iraultzaz era bertsuan
mintzatuko zaigularik. Esan nahi baita, Kauta entzuterakoan disonantzia
baten aurrean aurkituko garela usu: diskoa irekitzen duen “Ekaitz Anitz
Dago” kantuak mezu
itxaropentsua dakar. “Mina Duzu Bizi”
aldiz, istorio tristea
da. Alabaina, konposizio batean zein bestean abeslariaren aldetik
interpretazio goibel eta indarge bera entzungo dugu; disko osoan zehar
mantentzen den interpretazio zurrun horrek, halabeharrez, entzuten ari
garenari sinesgarritasuna lapurtzen diolarik.
“Mezulari Izan Nahi Dut”
abestian, eta kantuen errepasoarekin jarraituz, Berri
Txarrak taldeko Gorkak kolaboratuko du; abeslari nafarrak hain ondo
gauzatzen dituen pasarte melodiko horietako batek abestia borobiltzen
lagunduko duelarik. Ildo beretik tiraka, ez nuke aurrera jarraitu nahi
disko honetan Berri Txarrak taldearen irakaspenak (bai gitarra riff zein
erritmo ezberdinetan) oso presente daudela aipatu gabe. Honela, eragin
hori argiki islatuko da (norberaren nortasun musikalari begira
nabarmenegi akaso) “Etxean Uso Kalean Otso”, “Urruntasuna Laburtuz”
edo “Non Zaude” bezalako abestietan. Konposizio hauetan, halere, nafarren
abestietan sumatu daitekeen amorru eta garraztasun puntua nekez
atzematen delarik.
“Izan Zaitez Zu!”
kantuak estreinako lan hau izendatzeko balio izan du, eta baikorra da
oso helarazten digun mezua: arazo ororen gainetik adoretsua izan eta
aurrera jarraitu behar dugu. Aitzitik, lan osoko estilo malenkoniatsua
jarraitzen duen pieza izaki, entzulea alaitu beharrean gehiago tristetu
zaitzakeen kantua dela esango nuke.
“Zoriontsu Izan”
abestiarekin diskoaren balada ailegatzen da, eta Kautaren
ezaugarriak kontuan hartuta mota honetako pieza batekin topo egitea
ezinbestekoa bihurtzen zen. Honela, biolin pare bat eta txeloaren
sostenguaz baliatuz konposizio dotorea gauzatzen du talde gipuzkoarrak.
Eta abestien errepasoarekin
bukatzeko Kautaren maketatik berreskuratutako pieza bi leudeke. FMaren
oniritzia jaso ondoren, Euskal Herri mailan arrakastaren ateak
zabaltzeaz arduratu ziren ”Zaharrak Berri” eta “Bizi!” kantu
ezagunak hain zuzen.
Honaino beraz, izenpetzen
duenaren ikuspuntutik bederen, Kautaren lehen disko honek eskaini
dezakeena . Pop-rock kutsuko melodia egiturak metal berria deritzonaren
zertzelada zenbaitekin behin eta berriro uztartzearen ondorioz lineal
xamarra bihurtzen den lana dela berretsiz bukatuko nuke. Izan ere, ez
dago ezustekoentzako apenas lekurik eta disko osoaren entzunaldia nahiko
epela bilakatzen da.“Izan Zaitez Zu”, horrenbestez, entzuleria metal
zalea nekez asebete dezakeen erreferentzia dela esango nuke.
|