POWER METAL

Beforce 'Creation'
Urtea: 2004 - Disketxea: Goimusic - Taldekideak: Dani (ahots nagusia), Dann (gitarra solista eta koroak), Ignacio (gitarra erritmikoa), Iñigo (baxua) eta Renato (bateria eta koroak) - Ekoizleak: Carlos Creator - Estudioa: Rock Studios (Bilbo) - Abesti kopurua: 10 - Ezaugarri bereziak: "Riding ‘Neath The Rain" abestiaren bideoklipa gehigarri.

            1996.urtean “Overlord” izenarekin abian jarritako proiektuak 2002an (“Beforce“ izenarekin jada) “Alive 2.0” izeneko maketa argitaratu zuen. Oraingo honetan aldiz, boskote gazte hau bere lehen diskoarekin dator Goimusic zigiluaren eskutik. Eta egiazki,“Creation” honekin urrats sendoa eman du talde bizkaitarrak. Hona hemen, abestien errepasoarekin hasiz, esandakoa baieztatu dezaketen zenbait argudio.

            Hitzaurre gisa, haizearen txistu hotsak eta gitarraren lehen nota iradokitzaile batzuek “Creation” izeneko sarrera osatuko dute. Jarraian, Riding ‘Neath The Rain” kantuarekin mutil hauen eskaintza musikala sustraitzen duten osagaiek bete-betean harrapatuko gaituztelarik. Alegia, Dani abeslariaren ahots pribilegiatua, oinarri erritmiko trinkoa osatzen duten baxu eta bateria, eta gitarra zein ahotsen bitartez eraikitako hainbat melodia egitura erakargarri. Minutuak aurrera joana ahala, Dann Hoyos gitarra jotzailearen bakarkako jardun bertutetsuari paso emango zaiolarik (xehetasun gehiagorako, diskoak abesti honen gainean dakarren bideoklip esanguratsua ikustea baino ez dago!).

            “Outside For The Nature” zuzenekoetarako apustu segurua izan daiteke. Sarrera indartsua, bateriaren etengabeko kolpe bizia eta abestekoa aproposa bihurtzen den estribillo horietako bat. Halaber, kantu osoan zehar entzun daitezkeen koru eta ahots joko bikainek, disko honek ezkutatzen duen konposizio lan finaren isla bilakatuko dira.

            “Wrong Way” abestiaren hasieran erritmo astunagoak entzun ahal izango ditugu, eta Danik ere ahots kordak normalean baino gehiago behartuko ditu. Gerora ordea, printzipioz suposatu zitekeena baino estribillo xamur eta melodikoago batekin topatuko garelarik.

            Abestiaren izenburuak iradoki dezakeen bezala,Beauty In Darkness” abestiak bide ilunagoetatik joko du. Diskoaren lehen minutuetako enbata metalikoaren ondoren erritmo lasaixeagoak landuko ditu taldeak eta Daniren  interpretazioa inoiz baino sentiberagoa bilakatuko da. Era berean, koruek abeslariren ahotsa amultsuki babestuko dute, nolabait intimistagoa bilakatzen den pieza honetan intentsitatea crescendo joango delarik.

            “Thank You Mountains” lan osoaren ildoari jarraituz hasiko da. Hasiera epikoa, maila handia erakusten duten gitarrak (non Airless taldeko Robert Rodrigo gitarra jotzaileak bere ekarpentxoa burutuko duen) eta estribillo gustagarria. Honaino dena ondo. Alabaina, kantuaren erdialdera heltzerakoan lan osoko une distiratsuenetako batekin gozatzeko aukera izango dugu. Disko osoan zehar ingelesez abesten aritu ostean, hara non taldeak euskaraz abestutako pasarte eder batekin ezustekoan harrapatuko gaituen. Ama natura euskara hutsean gurtuz, feeling berezia darion trantsizio une goraipagarria eraikiko dute. Ondoren, parentesi lasai hori ustekabean hautsi, eta metal melodikoaren aurpegi indartsuenak ia 10 minutu irauten duen konposizio honen bukaeraraino eramango gaitu.

            “Reaching The Shore” kantuak, entzun berri dugun abestitzarra eta jarraian datorren konposizioaren arteko zubi-lana burutuko du. Oraingo honetan, itsasoko olatuek eta gitarra baten akorde garbiek pieza instrumental lasaigarri hau osatuko dutelarik.

            “Genesis” eta “Void” abestiek aldiz, aurreko kantuak suposatu duen atsedenaldia berehala ahaztaraziko digute. Bonbo bikoitzak bultzatutako oinarri erritmiko boteretsua, gitarra riff zorrotz ugari eta Daniren ahots zolia entzulea ederki suspertzeaz arduratuko baitira.

            Eta honaino entzundakoa gutxi balitz, “Wake Up” kantuaren eskutik azken erasoaren ordua datorke. Abesti honetan Torro musikariaren (Konter, Odd Heathenish) kolaborazioa izango dugu entzungai. Torroren ahots urratua dela bide, power metalaren ohiko gozotasuna asko eskertzen den kontrapuntu agresibo batekin nahastuko dute (eta tarteka, Danik ere inoiz baino zakarrago abestuko du). Metalaren muturreko korronteetara hurbiltzen diren bateria erritmoak, eta bata bestearen atzetik jaurtikitako gitarra solo sutsuek bukaera indartsua sinatuko dutelarik.

            Besterik gabe, Beforcek harro egoteko moduko estreinako power metal diskoa gauzatu duela esan beharra dago. Eta “power metal” hitza azpimarratu nahiko nuke, gaur egun hain masifikatuta dagoen estilo batean (ez hainbeste Euskal Herrian, bai ordea gure mugetatik at) “Creation” bezalako disko bat argitaratzea ez baita lan makala. Boskote honek errepikakorra suertatzen ez den diskoa gauzatzea erdietsi du; goitik behera entzun ondoren sentsazio freskoa, atsegina uzten dizun lan horietako bat. Metal melodikoa gustuko izan ezkero gozamena bermatuta dago.

Unai Santos Amarika (8,75/10)

« atzera