|
BLACK METAL PAGANOA |
||||||
|
||||||
|
Gizakiak bere benetako
balioa egoera okertu egiten denean azaltzen duela esan ohi da. Ez dakit
arrasatear hauekin esan honek baliorik izan dezakeen, dagoeneko
zalantzak baititut benetan gizakiak ote diren. Ez zeukaten badaezpadako
erronka taldeari horren ukitu pagano berezia ematen zioten Mikel, Haimar
eta Lander-en parte hartzerik gabe lan berriari aurre egitean, azken
honek bere lumarekin ordainezinezko laguntza eskaini bazuen ere. Luze
egin zen itxaronaldia, baina diska argitaratu bezain laster frogatu ahal
izan genuen beste behin ere Euskal Herriko metal extremoaren erregeek ez
digutela hutsik egin.
Elffor-en partaide bakar eta
Suffering Down taldeko piano-jole dugun Eölenaz ez beste gehitzerekin,
bigarren diska luzea aurkezten digute, iragan urtean kaleraturiko ”...Jarrai
Beza Kondairak” lanean harturiko bide oldartuagoari jarraituz, ordutik
metaturiko amorru guztia 40 minutu eskaseko lanean gehituaz. Horren
emaitza, zinez ikusgarria. Taldeak kutsu folklorikoa erabat galdu ez
badu ere, egia da honen garrantziak behera egin duela, baina gainerakoan
taldekideek eskaintzen duten maila gorena kontutan harturik (gitarren
kalitate izugarria azpimarratzea ezinbestekoa da), taldea hazi egin dela
esatea zuzena litzateke. Baina gehiago luzatu gabe, murgil gaitezen
euskal basoen iluntasunaren barrenean.
”Arranoaren Ahotsa”
aditzean ematen zaigu ongi etorria. Hasieratik egiten du eztanda gudak,
arnasa hartzeko betarik ere eman gabe. Gitarren eta bateriaren abiadura
zapaltzailea lagun, ondotik Aritz bertutetsuak bere lehenengo agerraldia
egiten du, eta honen ondotik diskoko riff-ik azpimarragarrienetako bat
heltzen zaigu. Hortik aurrerakoa, irakurri baino norberak entzun
beharrekoa: alor guztietan erakustaldia, lelo landu bezain itsaskor eta
guzti. Ibiltariak guzti hau barnera dezan, gitarra soinu garbi batzuk
azaltzen dira kantaren amaieran, basoaren giroa arnastu eta gozatzeko
aukera eskaintzen den bitartean.
Ibilitakoaren bortitza
mantentzea ezinezkoa dela uste duenak ustel iritziko du. Horixe
erakusten baitigu mendiaren magalean sutan dirauen bitartean
”Nortasunaren Ateak” zabalik dituen elizak. Aritz-ek ohiko
erregistro biak (guturala eta blackeroa) inoiz baino landuago
agerrarazteaz gain, ahots garbi batzuk ere gehitzen ditu bertan.
Instrumentalki ere oso aberatsa da bigarren pasarte hau: gitarra ilun
eta azkarrak beste garbiago batzuekin uztartuz, eta baita kantua
melodiaz janzten duten teklatu hotsekin. Aipamen berezia amaiera aldeko
riff maltzurrari, eta horren ondorengo Karlos bateria-jolearen erritmoen
aldaketa erakustaldiari, taldeak nolanahiko galera ez duela beste behin
gogoraraziz. Kanta basatia ezbairik gabe, oso handia.
Basoan gehiago barneratzean
”Eskualdunak” ikusiko ditugu gure zain, ”...Jarrai Beza Kondairak”
MCD-an gertatu bezala. Kanta berriz grabatua izan da, berez berdina bada
ere. Ahots erregistro batzuk trukatu dituzte aurrekoekiko, eta oraingoan
haizezko soinuen zama nagusia albokak (Lander kide ohiak joa) darama,
baita maisuki eraman ere. Bestalde, ahots garbien atala Eölen esku
geratu da. Emaitza, aurreko argitalpenarena baino okerragoa ez
behintzat, eta hori ez da gutxi.
Zerua iluntzearekin batera
basoa bat-batean itsaso bilakatzen da, ”Ekaitzaren Deiadarra”
belarrien sakonenera iristen zaigun bitartean. Bidai osoko ibilaldirik
luzeena dugu berau (7 minutu pasatxorekin) non berriro ere maila
erritmiko beldurgarrizko gitarrak aditzeko parada daukagun, betiko
punteo azkar eta distiratsuekin. Gainera, teklatuek une batez
”Galdutako Itxaropenaren Eresia”-ren haizezko soinu melodiko
hunkigarriak ekarriko dizkigute gogora. Kanta honetan ikus daiteke Eöl-en
lana bere aurrekoarenaren ezberdina dela, Haimar-ek gehitzen zuen
atmosfera ilun hori ez baita ia ageri. Guzti honekin, maila eta iraupena
datozen pieza bikaina.
Ekaitzaren ostean bare
datorrenik ezin esan oraingo honetan, Mai andrearen ”Suzko Hitzak”
ez baitira berriketa soila. Bonbo bikoitzaren laguntzaz tarteko
erritmoez hasten zaigu abestia. Kanta erdian azaltzen diren erritmo
itzalduago batzuei giro sorgindua irudikatzen duen teklatuak eusten die.
Eta horren ostean, azeleragailua zapaldu eta Numenen kantak gogoangarri
bilakatzen dituzten zati horietako bat.
Milaka gudariren oihuek eta
euren ezpatek sorturiko hotsek benetako ”Guda Baten Erdian” gaudela
ohartaraziko digute,etsai eta gorpuz inguraturik. Aritzen marruak
borrokan sartuko gaitu bete-betean, abiadura handiko hasiera batean.
Buruz-buruko borroketan trebea dugu ezbairik gabe abeslaria, bere unerik
distiratsuenak kanta honetan aurki baititzakegu. Baxu indartsu batek
bideratzen duen zatian batez ere, Brutal Death-ean ohikoagoa den
erregistroan. Pasarte honen amaieran taldeak guda zelaian eginiko
sarraskia zein den pentsatze hutsak barrenak nahastuko lizkioke bati
baino gehiagori.
Borrokalditik onik atera
denak ez dela pentsa ordea jadanik bizi-arriskuan ez dagoenik,
horretarako prest baitago Jainko ta Jaun ”Negu”. Minutu eskaseko
hasiera gupidagabekoa teklatu hots mistiko ikusgarri batzuek hautsiko
dute, jarraian kantuaren protagonista den izakiak bere gaiztakeria
erabat askatzen duelarik. Azpimarratzekoa berriro ere Aritz Nabarroren
lana, black erregistroa mutur-muturrera, sekula baino urratuagoa,
eramatean. Esan bezala, amaiera arte momentu odoltsuak.
Ohi den bezala, soinu
instrumentalek emango digute agurra. Ez zituzten ez edonolakoak
prestatzen gure arbasoek ”Hilbeteko Gauetan...”. Kantak aurreko
beste instrumental batzuek zuten iluntasunik ez badu ere, arnasa
berreskuratzeko pieza ederra dugu honakoa. Are gehiago, aurrez ezagunak
genituen gitarra akustikoa, zeharkako flauta eta albokari txalaparta
hotsak gehitu zaizkiola kontuan hartuz gero. |
||||||
|
Hibai Martinez (10/10) |
« atzera