|
HEAVY METAL |
||||||
|
||||||
|
Bigarren
lana, Oihuka diskoetxearekin Lekeitioko heavy metalero hauentzat.
Beraien aurreko lana, “Begi Itxien Amildegian” ere diskoetxe berak
atera zuen. Taldeak hiru gitarra jole ditu, Iron Maiden bezala: Kana,
Raul eta Ruben. Hala ere, ez dago gitarra saturaziorik diskoan zehar.
Egia esan, momentu batzuetan falta egiten dira!
Diskoa entzuten hasi bezain pronto, piano gozo
batekin jotako intro bat dugu, “Gogoeta” izenekoa. Ez da oso luzea
(45 seg besterik ez), eta “Erantzuna” –rentzako koltxoia da,
“Gogoeta” bukatu bezain laster hasten baita. Eta nola hasi gainera!
Diskoa irekitzeko, lan honetako gitarra melodiarik onena askatzen dute,
benetan itsaskorra, denbora luzean (nahi ez baduzu ere) jarraitzen
zaituen horietakoa. Txalotzekoa Kana gitarra jolearen lana abesti
honetan. Aipatutako guzti honek, "Erantzuna" diskoko piezarik
interesgarrienean bihurtzen du, inongo dudarik gabe.
Ondoren,
“Harresia” dator, bateria zapaltzailea duen kantua nahiz eta apur
bat errepikatzaile suertatzen den. Gainera, ahotsak darama melodiaren
gidaritza, gitarrak gogorrak direnez melodian ez baitute agintzen.
Aurreko abestian bezala, letrek denuntzia soziala dakarte; kasu honetan,
gudari buruzkoak, Bush-ek Afganistan eta Iraken egindakoari buruz.
Gitarra
akustikoen bidez, suabe hasten da "Zain", berehala melodia
elektrifikatu eta indarra hartzeko. Abestia azkarra eta sinplea, ia
primarioa, da momentu batzuetan. Punk ukituak dituela esan daiteke,
baino zati melodikoetan argi geratzen da ez gaudela inongo talde punk
baten aurrean: gitarra landuak eta baxu oldarkorra. Ezin da berdina esan
bateriari buruz, apur bat sinplea baita, eta bere lana betetzen badu ere
(erritmoa eraman), pertsonalki zerbait landuagoa egin dezakeela uste dut
"Justiziaren
Kiratsa"- k diskoari izena ematen dio eta aurreko abestien ildo
beretik egiten du bere bidea: gitarra melodiko itsaskorrak Idi Bihotzen
antzera eta denuntzia soziala (oraingo honetan sistema judiziala eta
bere ustelkeria dute hizpide).
Beraien aurreko lanean bezala, txalapartaz
lagundutako abesti bat dute. Orduan “Txala-Death” izan zen, eta
oraingoan “Instrumentxala”. Ez nuen uste txalaparta eta heavy metala
ondo uztartuko zirenik, baino jońo! Hala da! Gainera, disko osoko
abestirik gogorrena da: gitarra eta erritmoa beste abestietan baino
askoz astunago eta sendoagoak dira. Abestiak duen erritmo berezi horrek
beraien herrikide diren Etsaiak gogorarazten dit, Euskal Herrian
bateriaz gain beste perkusio instrumentuak sartuz famatuenak baitira.
“Maitasun
Hotza” da hurrengo abestia, zeina erritmo eta soinu aldetik diskoaren
bataz bestekoarekin konparatuz nahiko gogorra den. Hori bai, zati
melodikoetan koro benetan melodikoak sartzen dituzte, kontraste polita
erdietsiz. Gainera, lan osoko gitarra solo edo bakarkakorik dotoreena
hemen aurki dezakegu, benetan azkar hasi arren, teknika alardean
gehiegikeriarik ez duena.
Disko
heavy orok izan behar du bere balada, eta “Bihotzean Zauri” da disko
honetakoa. Ahotsak dira abestiaren gidaritza daramatenak, gainontzeko
instrumentuak (gitarra akustikoak, baxua…) konpartsa soil bezala
geratuz. Baino abestiaren amaiera aldera, gitarra elektrikoak martxan
jartzen dira, eta momentu labur batez abestiak duen soberako azukre
guzti hori alde batera botatzen dute.
Ondoren “Ikusmugaren Zaindaria” dator,
informazioaren manipulazioari buruz hizketan. Disko osoko abestirik
kaxkarrena nire ustetan, behin lehen bost segundoak entzun ondoren erraz
aurreikusi baitaitezke abestiaren nondik norakoak. Ondoren “Ilusioaren
Errautsak” dator, eta
zorionez, ez du aurrekoarekin zerikusirik: gitarra melodia politak eta
koro dotoreak dira abestiaren uztarri. Hira eta Asgarthen azken lanen
ukitu gogor hori du gitarrek soinuan, benetan itxura ona emanez
abestiari. Diskoko hoberenetakoa.
Bitxitasun
bezala, "Elurretan" abestia dugu, Itoiz taldearen bertsio bat.
Disko honek sortutako lehen singlea da, eta Euskadi Gaztean uneoro jarri
dute. Abestiari buruz esan beharra dago Ileonek bere estiloari jarraituz
egin duela, hau da, bertsio bat egin behar den bezala (nik uste):
originala errespetatuz baino norberaren nortasuna galdu gabe. Orokorrean, disko txarra izan gabe, lineal samarra da. Hori bai, gitarraren melodiak oso itsaskorrak dira eta letrek ukitu soziala dute. Ea hurrengo lana kaleratzen dutenerako lortzen duten falta zaien kolore hori. |
||||||
|
Ińigo Otxotorena "Jurk" (6/10) |
« atzera